Donostiako 70. Zinemaldia

Gurrea, Palomero, Franco eta Rosalesen lanak izango dira Sail Ofizialeko lehian

Maria Elorzak Zuzendari Berrien sailean aurkeztuko du 'A los libros y a las mujeres canto'. Jaialdia irailaren 16an hasi eta 24an bukatuko da

Mikel Gurrearen lehen film luzea da Suro. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) lehenengo film luzea, Suro, Donostiako 70. Zinemaldiko Sail Ofizialean eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da. Joan den urtean Veneziako jaialdian Heltzear film laburra aurkeztu ondoren, Katalunian eta katalanez filmatutako lan batekin izango da Donostian.

Gurrearenaz gain, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Pilar Palomeroren La maternal eta Jaime Rosalesen Girasoles salvajes ere izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaiak. Franco lehendik ere lehian izandakoa da Donostian: La herida (2013) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eta Zilarrezko Maskorra (Marian Alvarez aktorearentzat) eskuratu zituen, eta Morir (2017) emanaldi berezi gisa hautatu zuten.

Rosalesentzat ere ez da izango berria Donostian lehiatzea. Tiro en la cabeza filmarekin izan zen Sail Ofizialean 2008an, eta, Fipresci saria eskuratzeaz gain, film hark harrabots handia eragin zuen komunikabideen eta ikusleen artean.

Palomero, berriz, Las niñas bere opera prima-rekin nabarmendu ondoren filmik onenaren, zuzendari berririk onenaren eta jatorrizko gidoirik onenaren Goya sariak eskuratu zituen—, Donostiara aurrenekoz iritsiko da. Sail Ofizialean baina emanaldi berezi batean izango da Isabel Coixeten ez-fikziozko azken filma: El sostre groc.

Beste sailei dagokienez, Zuzendari Berriak sailean Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto emango dute. Las Chicas de Pasaik kolektiboko kide gisa egin zituen Elorzak (Gasteiz, 1988) bere lehen film laburrak, Donostian estreinatu ziren Gure Hormek (2016) eta La chica de la luz (2016). Aurtengo zinemaldian bere lehen film luzea aurkeztuko du, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabe bati buruzkoa.

Zabaltegi-Tabakalera sailean Elena Lopez Rieraren El agua, Carlota Peredaren Cerdita eta Kimuak programako bi film labur emango dituzte: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas.

Perlak saileko parte izango dira Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Rodrigo Sorogoyenen As Bestas, eta Oriol PaulorenLos renglones torcidos de Dios.

Belodromoan, berriz, Muguruzaren filmaz gain, Paco Leonen Rainbow eta Fernando Leon de Araonaren Sintiéndolo mucho, Joaquin Sabinari buruzkodokumentala emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.