Jesus Guridi (1886-1961) Gasteizko konpositorearen heriotzaren 50. urteurrena gogorarazteko, haren sorterriraino jauzi egingo du Donostiako Musika Hamabostaldiak. Guridi «historiako euskal musikagile handienetako bat» dela adierazi du Jose Antonio Etxenikek, Hamabostaldiko zuzendariaren ondokoak, eta presentzia handia izango du abuztuaren 7tik 31ra arteko ekitaldian. Hamabost kontzertutan entzun ahal izango dira haren lanak, eta horietatik hiru Araban izango dira.
Opera, zarzuela, organoa... Musikaren eremu guztietara hedatu zuen Guridik bere sormena, baina Arabako emanaldietan bi esparru bakarrik ukituko dituzte: musika korala eta ganbera musika. «Ez gara sartuko esparru sinfonikoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Guridiren zenbait lan jo baititu aurten», azaldu du Etxenikek. Hiru kontzertuek Arabako Foru Aldundiaren babesa izango dute, eta sarrera dohainik izango da.
Musika Hamabostaldia lehen aldiz iritsiko da Gasteizera. 2004an sartu zen lehenengoz Araban, Guardian antolatutako kontzertu batekin. Larunbatean, Gasteizko jaien testuinguruan, Karmengo elizan musika korala eta organorako egindako konposizioak interpretatuko dituzte Andra Mari abesbatzak, Haizea Muñoz sopranoak eta Gerardo Rifon organistak. Beste zenbait obrarenartean, Guridik herri musikan oinarrituta konposatu zituen hamar euskal melodietatik sei eskainiko dituzte, 20:30ean.
Araiako eta Laudioko kontzertuak ganbera musikan oinarrituko dira. Are gehiago, bi kontzertu horietan, Jesus Guridik konposatutako ganbera musika guztia joko dute. Hari tresnarako bi kuarteto baino sortu ez zituen arren musikologoen arabera kalitate handikoak direla gogorarazi du Etxenikek. Abuztuaren 17an, Araiako Andra Mari aretoan, Quiroga laukoteak Guridiren 2. Kuartetoa eta Beethovenen Rasumowsky deritzon kuartetoa interpretatuko ditu.
Arriaga laukoteak Guridiren Lehen Kuartetoa joko du Laudioko Lamuza plazan, abuztuaren 26an. Kontzertuaren lehen partea klasikoa izango da: Juan Crisostomo Arriaga eta Luigi Boccherini musikagileen lanak interpretatuko dituzte, eta bigarren zatiak Guridi eta Eduard Toldra izango ditu ardatz.
Arabako hiru kontzertuez gain, Gipuzkoan modu zabalagoan gogoratuko dute Guridiren lana. Organo zikloan konpositore gasteiztarraren hainbat obra emango dituzte, baita dorretxeetan izango diren kontzertu batzuetan ere, non ganbera musika eta pianorako idatzitakoa joko duten.
Horrez gain, Guridik jorratu zituen beste esparruetako aleak entzun ahal izango dira Hamabostaldiaren inaugurazio egunean. Easo Txiki eta Araoz Txiki abesbatzek Así cantan los niños (Horrela abesten dute haurrek) abestuko dute. «Gazteentzako jostailu xarmant bat» dela azaldu du Etxenikek.
Guridik eta Bela Bartokek—konpositore hori ere omenduko dute aurten— elkarren artean dituzten parekotasunak gogorarazi ditu Etxenikek. Herri musikak haien lanetan izandako garrantzia eta landutako generoen aniztasuna nabarmendu ditu.
Guridiren musika haren sorterrira itzuliko du Musika Hamabostaldiak
Gasteiz, Laudio eta Araiako kontzertuetan, ganbera musika eta musika korala izango dituzte ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu