«Ideia guztiak onartu behar dira, zaborretan bukatzen duten arte». Jokin Azpiazu eta Xalba Ramirez Nakar taldeko kideek diotenez, abestietan jarri nahi dute euren arreta guztia, sortzen duten abestietako bakoitzean alegia; soinu zehatzen ñabarduretan korapilatu beharrik gabe, estiloari buruzko eztabaidetan nahasi gabe, eta inguruan sumatzen duten optimismoa laudatzeko edota tristura ospatzeko joeretan erori gabe. Kantak atera, kantak grabatu eta kantak jo. Ahalik eta zuzenen dena. Horrek batu zituen 2022an, eta horrek batzen ditu oraindik ere. Sintetizadoreak eta samplerrak dira Azpiazuren ardura, eta programazio lanak zein samplerrak, sintetizadoreak eta ahotsak Ramirezenak. Jone Laspiur kantariak, eta Andoni Olaetxea baxu eta gitarra jotzaileak osatzen dute laukotea. Elkartu, berehala kontzertua eman, gutxira kantak grabatzen hasi, eta iazko Durangoko Azokarako kaleratu zuten beren lehen diskoa: Lore ta laban. Eta musika elektronikoa ulertzeko modu organiko horren erakusle dira diskoko bederatzi abestiak. CD formatuan argitaratu zuten lehenik, eta biniloan ere atera dute orain.
«Taldea sortzen ari ginenean manifestu bat idatzi genuen», gogoratu du barrez Ramirezek, eta haren lehen puntuetako bat zen ideia guztiak ontzat emateari buruzkoa. «Baina oso kanta gutxik bukatu dute zaborretan». Eta berehala egin dio ñabardura Azpiazuk. «Eta ni jadanik hasia naiz zaborretara botatako abesti hori berreskuratzeko konspiratzen». Gero, taldea hasi eta gutxira, Azpiazuk esandako beste esaldi bat ere gogoratu du Ramirezek, haren hitzetan, horrek ere definitu dezakeelako taldearen izpiritua. «Ni talde honetan nago ondo pasatzeko, eta, kantu batek ez badit eragozten ondo pasatzea, aurrera. Ez da ondo pasarazi behar dizunik ere, da bakarrik ez duela eragotzi behar ondo pasatzeko aukera».
«Gaur egun, musika elektronikoan mainstream bilakatu diren gauza batzuk oso korapilatsuak dira, eta, instintiboki, atera egin gara hortik. Ze musika elektronikoak badauka arrisku hori, zure abestien zirujau bilakatzekoa».
JOKIN AZPIAZUMusikaria
Erabaki horren ondorio ere bada diskoaren eklektikotasuna. Hondakinen artean bizi kantaren elektro-pop kutsuarekin abiatu arren, gero badutelako punkaren azelerazio moduko bat, esaterako, Sunrising eta Nakar abestiek. Pop kanta melodiatsu bat izatetik gertuago daude Lore ta laban, Ezin eta Garai harri. Eta pisu elektroniko handiagoa dute Z. g. b., Alzheimer eta Elquetiene abestiek. «Oso-oso azkar joan da dena», azaldu du Ramirezek. «Kantaz kanta joan gara, eta horregatik dira ezberdinak bederatzi abestiak».
2023ko udan grabatu zituzten kantak, lokalean bertan, baina Lera estudioan grabatu zituzten gero ahotsak Haritz Lete teknikariarekin. Joseba Baleztenak eta Miren Narbaizak egin zituzten nahasketak Gakobeltz estudioan, eta Oihan Lizasok, gero, masterizazio lanak, Nois estudioan. Mikel Ruiz Pejenauterena da diseinua, eta Jon Iriarte izaten dute zuzenekoetan teknikari lanetan.
Rock disko bat
Ornamentazio asmorik gabe aritu direla dio Azpiazuk, halere. «Gaur egun, musika elektronikoan mainstream bilakatu diren gauza batzuk oso landuak dira, oso korapilatsuak. Eta, instintiboki, agian hortik ateratzea atera zaigu. Ze musika elektronikoak badauka arrisku hori, zure abestien zirujau bilakatzekoa, eta hor dibertitzen bazara, ba oso ondo, baina niri kosta egiten zait rol horrekin dibertitzea». Eta Ramirezek datu tekniko batekin lagundu ditu Azpiazuren azalpenak. Azaldu duenez, erritmoak sortzeko bi bonbo hots ezberdin bakarrik baliatu dituzte kanta guztietarako, «batzuk gehiago» kaxen hotsetan, eta «bi edo hiru» hots baino ez platerak sartzeko. «Eta horrek ahalbidetu digu urtebetean sortzea talde bat, grabatzea disko bat eta kontzertuak eman ahal izatea».
Organikotasuna aipatu du Ramirezek. «Gauzak egiteko abiadura horrek eraman gaitu gauza batzuk planteatu behar ez izatera. Eta nik horrela egin nahi nuen lana. Horrek ekarri du, era berean, kanten egiturak, melodiak eta instrumentazioa klasiko xamarrak izatea. Haustura borondaterik ez dago inon. Askoz ere organikoagoak izan dira gauzak, eta, horrela lan egiten denean, azaleratzen dira hor nonbait, sakonean daramatzazun egitura horiek. Rock disko bat da, seguruenik».
Antsietate garaikideaz ari dira taldearen hitzetako batzuk. Argi, esaterako, Z. g. b. kantaren leloan. «Zerbait galtzen ari naiz, ta ez naiz konturatzen?/ Dena heldu nahian, inora ez naiz ailegatzen,/ atzean geratu naiz, korrika noan arren:/ maite dudan guztia hasi naiz gorrotatzen».
«Pandemia ostean, kanta oso positiboak egiteko joera bat egon da, eta, ostia, gizarte hau inoiz baino okerrago dago, eta mundua pikutara doa, eta ez dut nahi zoriontasun horretatik abestu».
XALBA RAMIREZMusikaria
«Pandemia ostean, kanta oso positiboak egiteko joera bat egon da», azaldu du Ramirezek. «Eta, ostia, gizarte hau inoiz baino okerrago dago, eta mundua pikutara doa, eta ez dut nahi zoriontasun horretatik abestu, nahiz eta gauza zoriontsuak ere esaten ditugun». Laspiurrek eta berak sortutakoak dira diskoko hitz guztiak, eta, dioenez, badu elementu biografiko bat iluntasunerako joera horrek. «Hitzak idazten hasi ginenean oso gaizki geunden». Edonola ere, ez lukete horretan geratu nahi, Ramirezek dioenez. «Badaude kanta asko gaizki sentitze horri buruz aritzen direnak, baina gero ez dutenak hori sobera politizatzen. Eta guk gogoa genuen hortik abesteko, baina hori testuinguru politikoarekin ere lotzen ahaleginduz».
Aurrez, Koban, Nogen, Raitx, Physis Versus Nomos, Pelax, Zozo, Burrundaria, OLOR, Occhi di Farfalla eta PAM taldeetan aritu izan dira orain Nakar taldeko kideak, eta Donostian entseatzen dute, Balio Dute kolektiboaren parte dira, Donostialdeko beste hainbat talderekin batera. Eta geografikoki ez ezik, politikoki ere hor kokatzen dute euren proiektua, Azpiazuren hitzetan. «Elkarri laguntzen diogu diskoak ateratzen, eta kontzertuak antolatzen ditugu beste talde batzuentzako ere. Musika gutxi gorabehera guk ulertzen dugun bezala ulertzen duen komunitate horretatik abiatu gara, eta, behin kontzertuak ematen hasitakoan, gure koordenatu beretan dabiltzan talde gehiagorekin topo egiten joan gara. Guretzat autogestioa ez delako beste erremediorik ez duzulako eta diskoetxeek kasu egiten ez dizutelako bakarrik hartzen duzun bide bat. Eta ez delako autopromozio ariketa bat, baizik eta printzipioz eta gogoz egiten duzun zerbait. Guri musikatik gehien interesatzen zaiguna da apur bat bazterrak nahastea». Eta Ramirezek errematea: «Guri piromania interesatzen zaigu».
Kontzertuak