Najat el Hachmi. Idazlea

«Gure tradizioak ez du onartzen gure gorputzak gure direnik»

Amazig hizkuntza jaso zuen amarengandik eta katalana eman die seme-alabei. Eta bi mundu horien arteko zubian koka daiteke Najat el Hachmi idazle amazig-katalanaren literatura.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Bada beste mundu bat, baina honetan dago». Paul Eluarden hitzetan lirismoa zena eguneroko ogi izan da beti Najat el Hachmi idazlearentzat (Nador, Maroko, 1979). Etxetik daki berak mundu bakarrean mundu asko daudela. Marokoko Rif eskualdean jaio zen amazig familia batean, baina 8 urte zituenean heldu zen Kataluniara gurasoekin. Kontatzen duenez, beren bizilagunak ere gutxi gorabehera bere familia bezala bizi ote ziren jakiteko balio izan zion literaturak, eta berak ezagututako mundurako ateak zabaltzeko idazten du orain berak. Ezinbestean ditu konstanteak bere ibilbidean migrazioa eta identitate gaiak. Zabalpen handia izan zuen Jo també sóc catalana gogoeta liburua kaleratu zuen 2004an, esaterako, eta 2007an argitaratu zuen bere lehen nobela: Azken patriarka. Ramon Llul saria eskuratu zuen hari esker, eta euskaratu egin du orain Jexux Mari Zalakainek Txalaparta argitaletxearentzat.

Amazig hizkuntzan hazi zinen, baina katalanez idazten duzu. Bi ama hizkuntza dituzu?

Ama hizkuntza amarengandik jasotakoa da, baina nire kasuan badago adopzioan hartu nauen hizkuntza bat ere, zeina, gainera, neure seme-alaben hizkuntza ere baden. Beraz, esan daiteke goranzko ama hizkuntza bat daukadala, eta ondorengoengananzko beste bat. Edonola ere, katalana da nire idazketa eta irakurketa hizkuntza, zeren eta, amaziga ahozkoa da nagusiki, eta, beraz, katalana da irakurtzen eta idazten ikasi dudan lehen hizkuntza.

Badirudi biografiak ezinbestean eraman zaituela zure literaturako gaietara: migrazioa, kultura tentsioak, identitatea...

Testuinguruak etengabe planteatzen dizkizu galderak. Ume-umetatik aritu behar izan dut migrazioaren alaba izateari buruz gogoetan. Batetik eta bestetik datozkizu galderak. Etxean errealitate bat bizi duzu, eta kanpoan beste bat, eta, bi hizkuntzak hitz egiten dituena zu zarenez, haurtzaroa pasatzen duzu itzulpen lanak egiten, eta jendeak planteatzen dizkizun gaiei buruz gogoetan. Gainera, migrazioak beti zaramatza zeure identitatea definitu behar izatera, nor zaren ulertzen saiatzera.

Gurasoak ere ataka zailean jarriko dituzte mundu berri horretan jaiotako seme-alabek, ezta?

Denbora luzez, Rif eskualdean gizonak ziren familiaren egoera ekonomikoa hobetzeko migratzen zuten bakarrak; baina 1980ko hamarkadatik, emazte eta umeak ere haiekin batera joaten hasi ziren, eta emakumearen egoerari dagokion aldaketa da, nire ustez, hor gertatutako aldaketa nagusia, Rifeko gizartea oso-oso tradizionala baita. Alabak beti egon gara jomugan. Egiten genuen edo egiten ez genuen guztia gaindimentsionatu egiten zen. Oso zainduta geunden, eta etengabe egon behar genuen demostratzen ez ginela bide zuzenetik ateratzen.

Eta nola egin diozu horri aurre?

Nik, idazten.

Hortaz, tradizionalki ezarri zaizkizun zama horiez liberatzeko modu bat da literatura?

Hasteko, balio dit buruan ditudan ideia hauek guztiak ordenatzeko, eta ez da gutxi. Onartu behar dut, bestalde, idazten hasi nintzenean ez nuela ari nintzenari buruzko hain kontzientzia argirik: dibertitu egin nahi nuen. Baina, bat-batean, ohartzen zara badaudela agertuz doazen gai batzuk, eta banuen halako kulpa sentsazio bat ere. Denborarekin eta distantziarekin ohartzen zara denak duela bere zentzua. Nobeletan sexuaren gaia sartzea, esaterako, oso pertinentea da. Gure tradizioak ez du onartzen gure gorputzak gure direnik. Hortik gatoz. Emakumeen portaerak eta izaerak zehazten dituzten arau eta lege sorta bat dago, eta amatasunaren inposizio bat ere bai, ez dagoelako emakume batentzako umeak izatea beste misiorik. Ez dago argi emakumeen desira existitzen den ere, eta, edozein kasutan, denak izan behar du ezkontzaren barruan. Nik ezagutu nuen munduan, sexualitatea soilik aipatzen zen emakumeen artean eta ateak guztiz itxita zeudenean. Emakumezkoa ikusezin bilakatzen duen egitura orokorrago baten parte da sexualitatearen eta gorputzaren gaia.

Indartsuak dira aldaketa horren aurkako erreakzioak?

Iruditzen zait geldiezina dela emakumeen inguruko aldaketa hori. Ildo asko saiatzen dira aldaketa hori geldiarazten, baina, luzera begira, aldaketa gertatuko da nahitaez. Esaterako, erlijio diskurtso literalisten bidez, saiatzen dira aldaketa hori geldiarazten, eta ohitura tradizionalek baino are arau zorrotzagoak ezartzen dituzte. Aldaketaren aurkako erreakzio bat da. Gainera, erlijioarena indarra hartuz doan nortasun elementu bat da. Migrazioaren seme-alabok maiz ez dakigu gure sorterriaren zer elementuri heldu, ez dugu argi izaten zein den jatorri horren funtsa ere, eta badirudi erlijioa dela maiz elementu ukigarrienetariko bat.

Esana duzunez, literaturari esker deskubritu ahal izan zenuen nola bizi ziren zure bizilagun katalanak. Izan daiteke hori literaturaren egitekoetariko bat?

Jendearen intimitatera hurbiltzen laguntzea da literaturaren egitekoetariko bat. Gu Vic herrian hazi ginen. Garai onean iritsi ginen; oraindik, migrazioarena ezezaguna zen. Aurrejuzgurik gabe hartu gintuzten, baina, nahiz eta harreman ona izan, ez genuen aukerarik bizilagunen etxeetara sartzeko. Nik jakin behar nuen baietz, bizilagunen bizitzak gureen oso antzekoak zirela, maite nuen jende hura ere neure munduaren parte zela, eta ez ginela hain ezberdinak.

Eta antzekoak ziren?

Oso antzekoak, noski. Irakurtzen nuen Merce Rododera, eta nola kontatzen dituen eguneroko egitekoak, eta horixe bizi nuen nik ere. Gainera, bateko eta besteko unibertso femenino horiek ziren elkarren antzik handiena zutenak. Baina etxea gure antzera garbitzen zutela jakitea baino garrantzitsuagoa zen jende hori nola sentitzen zen jakitea. Eta suposatzen dut idazterakoan nik neuk ere hori egin nahi izaten dudala: gaztetan ezagututako mundu hori egun bizi dudan errealitatera gerturatu, eta bi errealitate horien arteko hibrido bat sortu. Idazketa da horretarako lekurik onena. Hizkuntzarekin ere egiten dut saiakera hori nobela batzuetan. Azken patriarka liburuan, esaterako, nire familiako emakumeek gauzak kontatzeko zuten modua berregiten saiatu nintzen. Hor atzean, nonbait, nire amaren hizkuntza dago.

Jo també soc catalá liburuak hedapen handia izan zuen, baina zure semeak egindako galdera bat du abiapuntu: «Ama, ni ere katalana naiz?».

Ume bat duzunean, zeure buruari aurrez sekula egin ez dizkiozun hainbat galdera erantzun behar izaten dituzu. Seme bat duzunean, zerbait transmititu behar diozu. Liburuak lagundu zidan hausnartzen ea benetan zer zen neure semeari transmititu nahi niona gai honen inguruan. Aldarrikapen bat ere bazen, beste edozein bezain katalan sentitzeko dudan eskubidearen alde, neure sustraiak oso presente izanik ere. Iruditzen zait migrazioaren seme-alabontzat garrantzitsua dela gauden lekukoak ere bagarela aldarrikatzea.

Katalantasunari buruzko diskurtso nagusiei aurre egin behar izan diezu horretarako?

Bai, noski, baina, zorionez, errealitateak gain hartu die diskurtso horiei. Gustatuko litzaidake katalantasunari buruzko ideia porosoago bat indartuko balitz. Oraindik ez da Katalunian migrazioak izan duen garrantzia aitortzen. Berez, aski eskuzabala da Katalunia harrera herri izendatzen duen leloa, baina hori baino gehiago ere bada: biztanleriaren zati handi bat etorkina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.