Adolfo Arejita. Labayru Fundazioko zuzendaria

«Gure proiektuaren etorkizuna hurrengo belaunaldietan dago»

Labayru Ikastegia zena Labayru Fundazioa izango da aurrerantzean, baina izana berritzen hasteko pizgarri ere izango da izen aldaketa. Betiko ildoak landuko dituzte, baina tresna berriz.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Izena berritu dute lehenik. Titulu bakarra izango du aurrerantzean orain arte euskaraz Labayru Ikastegia eta gazteleraz Instituto Labayru zenak. Labayru Fundazioa izango da hemendik aurrera guztientzat. Baina izena berritzearekin batera izana berritzen ere hasi nahi dutela dio Adolfo Arejita fundazioko zuzendari eta euskaltzainak (Bilbo, 1953). Belaunaldi berritzeaz mintzo da, adibidez. «Etika kontua ere bada gazte jendeari txanda ematen jakitea». Eutsi egingo diete orain arteko sustraiei aurrerantzean ere: helduen euskara prestakuntza, itzulpengintza, etnografia ikerketak, herri ondarearen bilketa eta hedapena, literatur lan klasikoen berreskurapena, sartaldeko euskarazko erregistroen promozioa, hiztegigintza eta liburutegiko gordailua. Sasoi berrietara egokitu nahi dituzte adarrak orain, eta hedatu fruituak.

Aldaketa premia igarri duzuela diozu. Non jarri nahi dituzue indarrak orain?

Gizartea guztiz aldatu da, eta guk lan egin behar dugu gaurko gizartearen eskarientzat. Irakaskuntza munduan, adibidez, irakaskuntza formala dago alde batetik, baina aisialdirako materiala ere behar da beste aldetik. Bada administrazioa, eta badira herriak eta udalak, eta bakoitzak eskari eta sentsibilitate ezberdinak ditu. Gaur egiten gara makurtu eta tolestu eskarietara. Merkatutik euskaraz edo euskararen bidez dagoen eskariari erantzun egokituak eman behar zaizkio. Batez ere aldatzen direnak bitartekoak dira: gaurko bitartekoekin lan egin behar dugu. Horretan urrats handiak ematen ari gara; adibidez, ikastolekin sarerako plataformak sortuz.

Lan bera, baina tresna berriz?

Kulturaren edukia bera ez da hainbeste aldatzen. Azala da aldatzen dena, tresnak aldatzen dira, bitartekoak, eta horretara behartuta gaude. Eta beste puntu garrantzizkoa da belaunaldi aldaketarena. Luzaroan egon da zuzendaritza bat, betiko jendearekin, baina momentu honetan ni naiz beteranoena. Badira belaunaldi diferenteetako jendeak, baina behartuta gaude erantzukizunak belaunaldi gazteagoei ematen. Kezka hori ikusi zenetik, horri erantzuten ari gara, baina horretarako jendea ere prestatu egin behar duzu. Kontziente izan behar dugu gu ez garela betiko, eta gure proiektuaren etorkizuna hurrengo belaunaldietan dagoela. Etika kontua ere bada txanda ematen jakitea gazte jendeari.

Zein da hemendik hamar urtera amesten duzuen Labayru?

Labayru Euskal Herriaren sartaldean egon da sustraituta; batez ere Bizkaian, baina baita euskararen sartaldean ere. Eta eremu horretan izan nahi dugu erreferentziazko erakunde euskal hizkuntzaren, bizkaieraren eta herri jakintzaren eremuetan. Sendoago sustraitu nahi dugu geure eremuan, baina ez hor geratzeko. Orain arte ere Iparraldea landu dugu, eta Nafarroa ere landu dugu, eta fruituak hedatu nahi ditugu. Horretarako, kolaborazioen bidez arituko gara azpiegiturarik ez daukagun lekuetan.

Sustraiak sendoago, eta ateak irekiago, hortaz.

Bai, elkarlana gero eta handiagoa izango da gizarteko beste eragileekin. Proiektu bat bakarrik garatu ezin duzunean elkarlanean gara dezakezu; gero eta lotuago gaude. Gero eta gehiago kolaboratu behar dugu, gure produktuek eragin zabalagoa izan dezaten. Sinergiak aprobetxatu behar dira. Ez dakigu zer beste eremutara hurbilduko garen, baina lan ildo nagusiak izango dira hizkuntza, hizkuntzaren industria edo ikerketa, herri ondarearena, itzulpenarena, batzuetan historia gaiak, didaktika arloa...

Herri hizkeraren eta batuaren arteko zubi lana egitea izan da Labayrukoen ezaugarri nagusietariko bat.

Horretan erreferente gara. Labayruk egiten duena da materiala elaboratu eta egokitu transmisiorako. Hori inportantea dela uste dugu. Zergatik? Herri txiki bat gara, eta azken batean jendeak daukan hizkuntza naturala aktibatzea da daukagun harrobi bat euskara noranahiko egiteko eta hizkuntza potente bat bihurtzeko. Oraindik hauspo asko behar ditu euskarak, eta Labayruk jarraitu nahi du zubi hori izaten batez ere bera txertatuta dagoen eremuan.

Bilbora eraman nahi dituzue zuen egoitza guztiak. Zergatik?

Ahul puntu bat badauka Labayruk, eta da momentu honetan hiru egoitzatan zatiturik gaudela. Derioko lehengo seminarioan [Bizkaia] daude gure ikertegia eta biblioteka, eta Bilbon leku bitan ditugu gure zerbitzuak. Bitartekorik ez daukagu orain, baina amets duguna da egoitza bakar bat izatea Bilbon. Helburu horretarantz goaz. Lantaldea elkartuago egoteko ona da hori, jakite transferentziak errazteko eta sinergiak hobeto ubideratzeko. Ez dugu epe oso laburrean lortuko.

Berritze gogo hori igartzen da urte luzez martxan izan diren euskalgintzako beste erakunde batzuetan ere. Jakin aldizkariak iaz egin zuen halako berritze saio bat.

Bai, kontzientzia hori Euskal Herrian beti egon da. Hori da Xenpelarrek esan zuena: «Jaioko dira berriak/ gu gara Euskal Herriak». Belaunaldi bat egonkortzen bada eta berak erabakitzen badu dena, gizartea egiten da galgatu. Herri txiki batean inportantzia handia dauka dinamika potente bat izateak, eta belaunaldi aldaketak eta promozioak izan behar dute lehentasunezkoak, eta Labayruk badu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.