Usurbilgo (Gipuzkoa) rock eta heavy metal taldea da Mendeku itxua. Ixak (ahots nagusia eta gitarra), Iñigito (baxua eta koroak), Martin (bateria) eta Ander (gitarra eta koroak) dira lau taldekideak. Hirugarren diskoa, Piztien pare (Ortots), plazaratu berri dute.
Hirugarren lana duzue Piztien pare. Zer desberdintasun ditu beste biekin alderaturik?
Lehena etorri bezala egin genuen, helburu finkorik gabe. Bigarrengoan saiatu ginen gehiago sakontzen. Haritz Harregi izan genuen soinu teknikari. Urrats bat izan zen teknikoki. Eta hirugarren honetan neurri batean lehengora itzuli gara, buruan genuena egin dugu askorik pentsatu gabe. Soinu lodiagoa eta zuzenagoa lortu dugu.
Esan duzue zuen aitzindarien oihartzuna alde batera uzten ari zaretela. Nortasun propioa garatu duzue?
Gure eraginak hor egongo dira beti. Metala egiten dugu, eta Su Ta Gar, Urtz eta Latzenen eragina hor egongo da, baita gaur egungo beste talde batzuena ere, Berri Txarrak-ena, esaterako. Eta horiekin alderatzea ere ohorea da guretzako. Baina uste dut lortu dugula gure soinu propioa, eta heavy metalean hain ohikoak diren ahots agudoetatik aldendu gara. Hori izan liteke gure marka.
Nola ikusten duzue euskal metala. Garai hobeak izan al ditu?
Gazte ugari dago metala egiten duena, eta indarra duena. Metalaren harrobia sendo dago. Baina bai metalak eta bai musikak oro har izan dituzte garai hobeak. Duela 10-15 urte talde gutxiago zegoen, eta indar handikoak ziren; beraz, erraz iristen ziren. Gaur egun zailagoa da nabarmentzea; aukera zabalagoa dago, eta teknologia berriek aukera ematen dute horiek guztien berri izateko.
Piztien pare sentitzen zarete oraindik, hala ere?
Diskoan agertzen dena eta batez ere abesti batek azaltzen duena adierazten du izenburu horrek. Piztia sentitzen gara alde batetik, indarrari erreparatuz gero. Eta, bestetik, adierazi nahi dugu gizakiak gizakiarekin piztia bezala jokatzen duela. Nor bere zilborrari begira bizi dela. Piztien pare jokatzea izan liteke gauza ona edo txarra, baina batez ere jokabide txarrak nagusitzen dira.
Zuzenekoetan indar berezia jartzen duzue. Zuen esparrurik gustukoena da?
Bai. Gure musikaz galdezka etortzen denari esaten diogu ikus gaitzala zuzenean. Gure erreferentzia nagusiak zuzeneko taldeak dira, zuzenean indarra erakusten dutenak. Eta guk geuk ere zuzenean erakusten dugu gure indar eta energia guztia.
Ander Aizpurua. Mendeku Itxua taldeko gitarrista
«Gure musikaz galdetzen digunari esaten diogu ikus gaitzala zuzenean»
Euskal Herrian metal musika osasun egoera onean dagoela deritzo, baina gaur egun nabarmentzea askoz zailagoa dela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu