Anari, Aitor Etxebarria, Ainara Legardon, Moxal. COVID-19ak iazko jaialdia zapuztu ondoren, Galdakaoko Kaiola festibalak (Bizkaia) egitarau oparoa atondu du bihar eta etzi ospatuko den jaialdirako. Bertako artista horiekin batera, Asturiasko (Espainia) bi bikote arituko dira bertan; batetik, Elle Belga, gure artean ezagunagoa, eta, bestetik, Galgo, misterioz betetako musika zinematikoa egiten duena. Javier Bejaranok eta Veronica R. Galanek osatzen dute bikotea. Bejarano, musikari izateaz gain, ikusizko arteetan ere aritzen da, eta Madrilgo antzoki baten programatzailea ere bada. Galan, berriz, musika irakaslea eta hainbat arte diziplinatarako konpositorea ere bada.
Zerk bultzatu zintuzten elkarrekin lan egitera?
Hasieran neu nintzen taldeko partaide bakarra, baina, Veronica ezagutu bezain pronto, bere ekarpena oso aberasgarria izan zitekeela sumatu, eta parte hartzera gonbidatu nuen. Proiektuaren norabidea erabat aldatu da horren ondorioz. Askoz askeago sentitzen naiz zuzeneko emanaldietan, eta bere musika heziketak eta ezagutza klasikoak bide berri oso erakargarriak ireki dizkiote proiektuari. Ordura arteko nire jarduna, eguneroko objektuen soinu eta loop-etan oinarrituta, esperimentalagoa zen, eta agian arriskutsuagoa ere bai. Baina egungo Galgoren musikak askoz kalitate handiagoa du. Konposatzeko garaian, ederki osatzen dugu elkar abangoardiaren eta tradizioaren arteko nolabaiteko uztarketa horretan.
Kaiola ezagutzen al zenuten? Zer deritzozue festibalari eta bertan aritzen diren artistei?
Bai, Kaiola ezagutzen genuen, eta oso gustukoa izan dugu beti; oso proposamen interesgarriak egiten dituela deritzogu. Aurreko aldietan aurkeztu zituen artista gehienak guretzat ezezagunak izatea oraindik eta erakargarriagoa zaigu; entzun ondoren, ikusten baitugu irizpidea beti kalitate musikala eta proposamen eszeniko sendoa dela. Bertan jotzeko aukera zoragarria da guretzat. Erabateko apustua egiten dugu era honetako festibalen alde, bai entzule kopuruagatik eta soinu kalitateagatik, bai ñabardura guztiak hain ondo zaintzen dituelako. Betiko oroimenean izateko emanaldiak eskaintzen ditu horri esker. Kaiolaren aldekoak gara!
Disko bakarra plazaratu duzue orain arte, baina zuen zuzenekoa lan horren erreprodukzio hutsa baino askoz gehiago izaten da, bai soinu aldetik eta bai errepresentazio eszenikoaren aldetik ere, zuen erreferenteak musikatik haratago baitoaz. Zer duzue buruan Kaiolarako?
Hala da, zuzenekoak beti ezberdinak dira, eta, era batera edo bestera, elementu berriak sartzen eta automotibatzen saiatzen gara. Gure emanaldiek ibilbide edo bidaia baten itxura izatea gustatzen zaigu. Hori dela eta, abestien ordena edo haien arteko trantsizioak aldatze hutsarekin kontzertuaren izaera erabat bestelakoa bihur daiteke. Ideia berrietan etengabe lanean aritzearen ondorioz, zuzenekoak gero eta gehiago aldentzen ari dira jatorrizko diskotik. Eta gure erreferenteak oso zabalak dira. Ambient-a, elektronika, folklorea eta neoklasikoa maite ditugu, eta, oro har, ohiko rock emanaldien izaera ez dugu batere gustukoa. Ikuskizun bat eskaintzen saiatzen gara, alderdi bisuala eta argiteria asko landuz, isiluneak zainduz eta mugimendu fisikoak koreografia txiki baten modura erabiliz. Zinemamunduan hainbat autore kuttun dauzkagu, baita zenbait artista abstraktu ere. Estetika horiek, erreferente baino gehiago, tresnak dira guretzat. Bat aipatzekotan, Val de Omar zinemagilea dugu bereziki begiko. Erabat liluratzen gaitu, eta gure unibertsoaren barnean bizi da beti.
«Irudikatutako filmentzako soinu bandak» egiten dituzuela diozue. Horrek ondo deskribatzen du zuen musika, baina askotan erabilitako definizio horrek, agian, mesede baino kalte handiagoa egiten dizue. Ametsezko munduak eta irudiak iradokitzeko indar handia du zuen musikak. Amets horien musika ekartzen duzuela esan daiteke?
Guk nahiago dugu esatea oraindik existitzen ez diren filmentzako musika egiten dugula. Baina, edonola ere, abestiak era horretako planteamendu formal batetik abiatzen dira. Ribadelago, adibidez, Francok eraikitako presa bati buruzko dokumental batekin erlazionatuta dago. Presa apurtzean, urak herri guztia birrindu zuen. Uholdean desagertu ziren askoren berririk ez dute inoiz izan, eta ezin izan dute gorpurik aurkitu. Dokumentalean, bizirik dirautenek diote batzuetan uraren burrunba entzuten dutela, zer jazotzen ari zen jakin ezinik beren gainera zetorren aldi hartan bezala. Sentsazio horrek inspiratu gintuen Ribadelago sortzean, gure buruan sortzen dugun film baten modura. Mike Ostrowski zuzendariak film baterako abestiak eskatu zizkigunean, bere irudiak ikusi aurretik sortu genituen, eta orain, ordea, irudi horiek existitzen dira. Existitzen ez diren filmen kontzeptu hori erabiltzen duen talde komertzial ugari dago egun, eta onartu beharra dago nahiko faltsututa dagoela. Baina, diozun bezala, ederki egokitzen zaigu, eta, berez, oso ondo definitzen du gure funtsezko asmoa. Ez dago ukatzerik gure musikak kutsu onirikoa duela. Intuizio hutsaren gidaritzapean, gure emanaldietan halako amets atmosfera lainotsu batean murgildu eta ikuslea murgilarazten saiatzen gara.
Javier Bejarano. Galgo musika taldeko kidea
«Gure musikak kutsu onirikoa dauka»
Veronica R. Galanekin batera, Galgo taldea osatzen du Javier Bejaranok. Asteburuan Galdakaon egingo den Kaiola jaialdian parte hartuko dute, Euskal Herriko eta kanpoko beste hainbat artistarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu