Erramun Martikorena (Baigorri, 1943) Euskal Herri guzian ezaguna den kantariak Gure lurretik izenburua eman dio bere azken diskoari —Elkar diskoetxeak kaleratua—, hainbat bizipen eta testigantza entzuteko parada emanez.Kantagintzan ibilbide luzeko gizona —bederatzi disko argitaraturik—, betiereko artzaina, bizilekuan eskaini du elkarrizketa, Baigorriko Otxobi baserrian.
Aspaldi diskorik atera gabe, azaroan Gure lurretik aurkeztu zenuen. Espero al zenuen hainbeste denbora pasa eta gero lan berri baten sortzea?
2002. urteaz geroztik ez nuen diskorik ateratzen, eta, ez, ez nuen batere pentsatzen diskorik gehiago aterako nuenik. Gogoa sortu zait berriz, bihotzetik atera zait. Azken diskoa atera nuenetik, 2002tik, 2004ra kantatzen ibili nintzen, baina 2004aren bukaeratik 2008ra ez naiz kantatzen ibili. 2008tik aitzina sortu zait berriz kantatzeko gogoa. Hor hasi nintzen pentsatzen, gogoz berriz, galderak pausatzen. Hautsen artean sua beti ufaka berriz pizten den bezala, berriz kantatzeko enbeia izan nuen. Etxean ere errazkiago libratzen ahal nintzen, lehen4 urteko zen haurrak jada 8 baitzituen. Denbora eskatzen du, eta laborantzako lanek ere denbora galdegiten dute. Orain neurri batean segituko dut kantatzen, baina aski emeki, bakanago.
Atera berri duzun diskoa nola laburtuko zenuke? Zein izpiritutan egin duzu?
Diskoaren bidez, testigantza bat utzi nahi nuen, inportanta iduritzen zait transmititzea ondorengoei guk bizi izan duguna. Adin batera iritsirik gainera, oraino gehiago. Elkarlanak egiteko parada ere izan dut, Mikel Markezekin, Baigorriko mahastizainekin... Hainbat gai agertzen dira. Garai hartan izan zen immigrazioa. Nire familian bertan bizi izan dugu hori: ama Ameriketan sortua da, aitatxi hara joana. Uste dut nire bizipenak kontatzean ingurukoek ere bizitakoak direla eta Euskal Herriko historiaren parte bat kontatzen dudala horrela. Azkenean, immigrazioa familia anitzetan bizi izan da. Beraz, nire bizipenak kontatzean orokorragoa kontatzen ere ari naiz. Bai nirea, bai talde batena.
Euskara era aipatzen duzu, lehen kantuan.
Bai, bizi dadin euskara kantuan. Euskara aipatu nahi izan dut hizkuntza biziki ederra eta besteekiko irekia dela iduritzen zaidalako. «Gazterik ibilirik mundu zabalean, itsasoan marinel tratulant lurrean, mintzaira mota asko baditut ikasirik, eskuarak iñon ere bat ez du parerik», kantuko hitzak dira, biziki ederra iduritzen zait. Anitzek esaten dute itxia izatea dela euskalduna izatea, euskaldunak ez direnek diote hori. Baina alderantzikoa da. Gu beti ongi konpondu gara herriekin, irekiak gara. Itxiago iduritzen zait estatuen logika, hori bai.
Kantu batzuk zuk sortuak dira, beste batzuk ez…
Bost doinu nik sortuak dira eta bertso bat ere bai,Agur Ameriketako euskalduner kantuko azken bertsoa. Kantuak bi liburutatik atera ditut bereziki. Bidarrai deitzen da bat, Peio Jorajuriak egin bilduma bat. Bidarraiko historia kontatua da bertsoen bidez. Bertso batzuek ez dute izenik; ez dakigu norenak diren, eta beste batzuk, bai. Biziki ederra iduritzen zait liburu hori, biziki ongi egina, ongi kontatuak dira gauzak. Beste kantuak Otxobiren lan orhoitgarri liburutik hautatu ditut, Agur Ameriketako euskalduner ere hortik hartua da. Kantu horri country doinua eman nion, Kaliforniara joan bainintzen joan den urtean Mikel Markezekin, eta autoan ginela, irratian kantu bat entzun nuelarik berehala esan nion,burura etorri zitzaidan, doinu hori zein kanturentzat erabiliko nuen: lotura berehala egin nuen. Kanty liburutik Hitz zuhurren kantua hartu dut, liburu horretatik bakarra. Diskoko beste bi kantu, Eztei ederrak eta Lau eta zortzi, Baigorrin kantatzen ziren kantuak dira. Ez ditut nehon idatzirik atzeman. Kantu zaharrak dira: ahoz pasatuak belaunaldiz belaunaldi. Horrela, bederen, diskoan gelditzen dira grabaturik, ez dira galduko.
Zure diskografia guztian estimatzen al duzu disko bat bereziki edota kantu bat?
Lehen diskoa, lehen diskoa izan zelako. Niretzat izigarria zen diskoa atera izana, biziki konten nintzen. Baina denek dute beren gauza niretzat. Bereziki maite ditudan kantuak Etorki taldean ari nintzeneko kantu batzuk dira. 1978ko udatik 1980ko udara arte aritu nintzen Etorkin, Philippe Oihanbururekin; berak zuzentzen zuen. Etorki taldean, alde batetik, kantua egiten zen, eta, bestetik, dantza. Ni kantuan aritu nintzen, bakarrik kantatuz. Maite dut Aitarik ez dut, XVI. mendekoa, eta baita Haritza lilitzen da kantua ere. Bada beste bat ere anitz maite dudana, Laborari seme deitzen dena, talde horretan nintzelarik kantatua. Ez dira nire errepertoriokoak. Laborari seme kantua tristea da, biziki ongi idatzia.
Berriz hasi zara kantatzen, eta emeki-emeki eta hainbat tokitan ikusi ahal izan zaitugu, hala nola Gu Gara kantaldian.
Bai, Elkarrek antolatu zuen. Kantaldi batzuk eman genituen joan den udazkenean Niko Etxartekin, Anje Duhalderekin… Gustura aritu izan gara. Bartzelonara ere joan ginen joan den urtean Mikel Markezekin. Hango Euskal Etxean kantatu genuen, plazerez. Kaliforniara ere joan ginen. Berez bi kontzertu eman behar genituen, eta, azkenean, bost izan ziren, San Frantziskoko Euskal Etxeak galdeturik. Xabier Leteren omenaldietan ere aritu naiz.
Aspalditik kantuan ari zarela, nola izan ziren zure hasierak?
Baigorrin hasi nintzen kantuan 1963an, herriko koralean. Baina ofizialki jende aitzinean 1969an, Larzabalen, hasi nintzen. Baina hortik ez nintzen hasi berehala herriz herri. Ez nuen nahi. Beste lan batzuk nituen. 1978tik aitzina hasi nintzen kantuan herriz herri.
Hasi zinenean euskal kantuen mundua nola zegoen?
Euskal kantuen mundua indarra hartzen ari zen hemen, Pantxoa eta Peio, Gexan, Etxamendi eta Larralde, Guk taldea, Manex Pagola, Maite Idirinekin...Hegoaldetik Benito Lertxundi eta Xabier Lete etortzen ziren noizbehinka... Kantuen mezua biziki abertzalea zen, batzuen mezua abertzaleagoa zen nirea baino, mezu biziki indartsu batekin. Nik, berriz, gehiago nire ingurukoa kontatzen nuen. Baina, azken finean, jende anitzena bera denez, zure ingurukoa kontatzen duzularik herriarena kontatzen bukatzen duzu. Batzuek garrantzi handiagoa hartzen zuten eskala horretan, baina, halere, horren barne nintzen, ni ere Euskal Herriaz mintzo bainintzen. Hegoaldean, berriz, desberdina zen; kantatzea ere ez zen haizu, gauzak ez dira egunetik biharamunera aldatzen. Ez naiz antolatzailea izan, baina uste dut baimenak eskatu behar zirela. Behin ordu erdiko baimena eman ziguten, eta jende pila bat bildu zen kantaldira, inguruan poliziekin... Eta niri ahazten zitzaidan, edo ez nintzen ohartzen. Behin Usurbilera joana antzerkira, taldean bat falta baitzen, zuloa betetzeko, afaltzen ari ginen, eta, barnetik, bihotzetik atera zitzaidan kantuz hastea. Neska batek isiltzeko esan zidan, kaleko jantzita hor zirela poliziak. Basaurin gauza bera, ostatu batean kantatzen hasi, eta ostatuko neskak isiltzeko esan.
Eta egungo kantagintza nola ikusten duzu?
Sormen handia bada, eta gazteek haiena sortu behar dute. Baina ez dakit iraganekoaz anitz badakiten, inportanta zait hori. Aldiz, orainari buruz lurralde anitzeko gauzak dakizkite gazteek, gu baino gehiago. Transmisioa biziki inportanta iduritzen zait; gero haiena egin behar dute, baina lehengoa, jakinez. Ez dakit zertan diren. Adibidez, Irulegiko Irratian esatariak nire kantu bat aurkeztean kantuaren izena esatean «uste dut» esan zuen, eta doinua zein zen, gaizki [irriz].
Zure ibilbidean ba al duzu markatu zaituen oroitzapenik?
Oroitzapenak anitz ditut, baina bat esateko biziki hunkitu ninduena: joan den urtean Mikel Markezekin Antiguan [Donostiako auzoa] kontzertu bat eman genuen, gazteen elkarte batean; 16 edo 17 urteko neska gazte bat hurbildu zitzaidan, itsua zena, eta paper batean nire izena idatzirik eman zidan, itsuen letrarekin, puntuekin. Bere portaera biziki hunkigarria egin zitzaidan, biziki kontent zela esan zidan, maite zituela euskal kantuak, baita nireak ere. Urostasun berezi bat pasarazten zuen berak. Hunkitu ninduen, pindar berezia zuen.
Ibilbide luzea duzu. Zer da ibilbide horretatik gehien azpimarratuko zenukeena?
Parada izan dut Euskal Herria ezagutzeko; biziki aberasgarria da. Sekulako xantza da, eta oraino bada gehiago ezagutzeko, zenbat herri eta txoko! Herri txikia dela esaten da, baina zein aberatsa! Klima desberdin pila bat daude, Nafarroa hegotik kostaldera...Herriak andanaka badira.
Eta zeure burua kantaritzat al duzu ala gehiago artzaintzat? Beharbada, biak betan?
Neure burua lehenik artzain definitzen dut, argi eta garbi. Biek egiten naute ni, osatzen naute.
Egun jada Euskal Herri guzian zure izena ezagutua da. Zer eragiten dizu horrek?
Eskerra besterik ezin diet eman jendeari eta gurasoei dudan dohain hau emateagatik.
Erramun Martikorena. Kantaria
«'Gure lurretik' lanaren bidez testigantza bat utzi nahi nuen»
Azaroan argitaratu zuen bere azken lana, 'Gure lurretik' deitua, Erramun Martikorenak. 2008ra arte egin etenaldiaren ostean, azkenaldian, bakanago bada ere, hainbat tokitan kantari ikusi ahal izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu