Iñaki Dorronsoro. Eusko Ikaskuntzako presidentea

«Gure ikerketek gizarte osoarentzat egindakoak izan behar dute»

Antolakuntza eredu berri bat onartu du Eusko Ikaskuntzak, eta planteaturiko aldaketak erradikalak dira, Dorronsororen ustez. Nahi luke Euskal Herriaren erronkak aztertzeko behatokia izatea.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Joxemiel Barandiaran herrikidearen, 1978 eta 1991 artean Eusko Ikaskuntzako presidentea izan zenaren busto txiki bat dauka Iñaki Dorronsoro instituzio horretako lehendakariak (Ataun, Gipuzkoa, 1947) bulegoan. «Hark argitzen nau egunero». Baina egungo Eusko Ikaskuntzak (EI) ez dauka zerikusirik Barandiaranek zuzendu zuenarekin; are gutxiago iragan abenduaren 20tik, 96 urteko elkartearen eredua aldatzea erabaki zutenetik. Batetik, egoera ekonomikoak bultzatu ditu horretara—Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako diputazioen, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzei esker berdintzen dute aurrekontua, milioi bat eurokoa—, eta, bestetik, garai berrietara egokitu beharrak. Hortaz, orain «selektiboagoak» izango dira proiektuen aukeraketan, baina erreferente izateko arrazoiak badituztela pentsatzen du Dorronsorok.

Eusko Ikaskuntzak antolakuntza eredu berri bat onartu zuen joan den abenduaren 20ko batzar orokorrean. Beraz, azken ia 100 urteotan ez bezala, erakundeak ez du sekzioka funtzionatuko. Horrek zein eragin dauka zeuen eguneroko jardunean?

Antolakuntza gisa, sail zientifiko horiek izan dira Eusko Ikaskuntzaren ezaugarri inportanteenetakoak. Horrela antolatu zen elkartea hasieratik, garai hartan Euskal Herrian ez zegoelako ez unibertsitaterik, ez lan zientifiko egituraturik; orduan, EI izan zen unibertsitate saio bat. Baina gaur egun Euskal Herrian unibertsitate asko daude, oso indartsuak dira, eta, gainera, oso ondo betetzen dute haien zeregina. Milioi bat euroko aurrekontua daukan erakunde batek ezin du kalkatu unibertsitatearen egitura. EIk aurrerantzean ere zientzia eta ikerketa instituzio bat izan nahi du. Unibertsitateek lan egiten dute ezagutza arloak sakabanatuz; guk, baina, izan nahi dugu zientzia eta ikerketa instituzio bat, baina era pluridiziplinar batean lan egiten duena. Antolaketa batean ezagutza arlo batzuk eduki beharrean, oraintxe ari gara hautatzen datozen bospasei urteetan Euskal Herriko gizartean sentituko diren behar, erronka eta gai nagusiak.

Erronka horien arabera lan egingo duzue, beraz.

Horien arabera egingo dira ikerketak, hainbat ezagutza arlotako pertsonak lantaldeetan integratuz. Lan egiteko moduan, aldaketa izugarria da kontzeptualki.

2012ko uztailean kargua hartu zenuenetik, eredua aldatzea zen planteatu zenuen erronketako bat. Hausnarketa eta eztabaida bat proposatu zenuen horretarako. Batzarrean bazkideen %67k eman zioten baiezkoa proposamenari. Onartu egingo zela uste zenuten, edo zalantzak al zenituzten?

EIn planteatu ditugun aldaketak erradikalak izan direla esango nuke. Ez da izan bakarrik sail zientifikoak kentzea, ez; gobernu organoak ere erabat aldatu ditugu, sinplifikazioaren mesedetan. Helburua da gizarte zibileko elkarte xume, malgu eta praktiko bat bihurtzea. Batzar orokorrean bertan nik banituen nire zalantzak; ez neukan proiektua gehiengo zabal batekin onartuko zen segurtasuna. Halere, gehiengo murritz batek onartzea zen nire beldurrik handiena.

Eta onartu izan ez balitz, edo gehiengo murritz batek onartu izan balu?

Bietako bat gertatu izan balitz, nik ez nuen presidente bezala jarraitzeko asmorik.

Zergatik zenituen zalantzak?

Ez da erraza instituzio zahar bat, horrelako bazkide kopuru bat duena [3.000 bat], bide batetik eramatea. Egoten dira beti ikuspegi partzialak, sakabanatuak, eta atzean interesak ere bai. Batzarraren aurretik esan zidaten mugimenduak egon zirela proiektuaren aurka, hainbat pertsona jendeari deika-eta ibili zirela...

Beti argi izan duzu Euskal Herriko gizartean gertatzen ari diren fenomeno, erronka eta eztabaidei adi egon behar duzuela. Identifikatu al dituzue zeintzuk diren horiek?

Gustatuko litzaiguke Euskal Herriak bere osotasunean sentitzen dituen erronkak aztertzen dituen behatoki erreferentea izatea. Mahai gainean daukagun lehentasuna da hiruzpalau gai horiek identifikatzea, eta asteazkenean egingo dugu lehen probako saioa. Hemen [Miramar jauregian] bilduko ditugu dozena bat pertsona, oso aniztunak direnak; etorriko da, bai, jende akademikoa, baina baita, aldi berean, Comisiones Obreraseko gazte bat, esaterako. Erakarri nahi ditugu zaharrak, gazteak —35 urtetik beherako jendea—, emakumezkoak... Lehenik mapa marrazten, eta gero, ondorengo bi hilabeteetan, hori zabaltzen ahalegindu behar dugu. Euskal Herriko lurralde bakoitzean antolatuko ditugu bilerak bazkideekin,baita lurralde bakoitzeko pertsona bereziekin ere, aniztasun hori bilatzeko. Lehengoan inbentario bat egin genuen, eta badauzkagu 12-14 gai. Euskararen sustapena, esaterako. Horretan lan handia egin du EIk. Naziorik gabeko estatuen ikerketan ere, konparaketan, erreferente izan beharko luke, bere garaian izan zen bezala.

Behin arazoak identifikatuta, zein erreminta dauzkazue lanerako?

Batetik, jendea, eta, bestetik, dirua. Lantaldea murriztu behar izan dugu [23tik 9ra], eta jarraitu dutenen rolak ere aldatu behar izan ditugu, baina haiek prest daude rol horietara egokitzeko. Diruari dagokionez, hemengo instituzioek-eta ematen duten diru generalista daukagu pertsona horiek finantzatzeko eta beste lan batzuk egiteko. Gainera, gure helburua da arazoak identifikatzea, proiektuak sortzea horiek lantzeko, eta horientzako dirua lortzea; dela Europako Batzordearen, Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren lehiaketetan, adibidez. Lehia izugarria dago diru horiek lortzeko, eta burokrazia handia gainditu behar da.

Pedagogikoki egin nahi diozue ekarpen hori gizarteari. Zergatik nabarmendu nahi izan duzue horiei?Lehen ez al zen, bada, horrela egiten?

EIren barruan indar handia eduki du kultura akademikoak. Nik ez dut kultura akademikoaren lana epaituko, baina horren helburua izaten da ikerketak mundu akademikoko aldizkari ahalik eta indartsuenetan kaleratzea; eta horiek irakurtzen dituzte, atzera, akademikoek. Zirkuitu horretan mugitzen da komunitate akademikoa. Hortaz, horretan ere EIk diferentea izateko asmoa dauka. Nahi du izan instituzio bat ikertzen duena, baina lanak gizarte osoari bideratzen dizkiona.

3.000 bat bazkide dauzkazue. Horien batez besteko adina 50-55 urte artekoa da. Gaztetu nahi duzue erakundea. Nola, ordea? Nola iritsi belaunaldi berriengana?

Gure diskurtsoarekin. Uste dut gizarteak bat egiten duela horrekin, baita gure gazteek ere.

Baina diskurtsoa bezain inportantea ez ote da hori helarazteko baliatu ahal dituzuen kanalen aukeraketa egokia egitea?

Bai, kanalak aldatu behar ditugu. Euskal Herrian daude milaka eragile, gutxi gorabehera gure esparruan mugitzen direnak. Sare bat ehundu nahi dugu horiekin, hitzarmenak egin, goitik behera gizartera iristeko, baita behetik gora gizartetik guregana iristeko ere. Eta Interneteko eskaintza erabat itxuraldatu nahi dugu, EI hor atzera gelditu delako.

Finantzaketa pribatuaren alorrean, enpresen bidea jorratu nahi duzue, erantzukizun sozial korporatiboa deitzen zaiona hauspotuz. Zein bide egin du asmo horrek?

Iaz egin genituen ahaleginak, baina ez gehiegi, beste lan batzuetan ari ginelako. Lortu dugu, behintzat, Ulma taldeak 1.500 euro ematea. Eta ospatu egin dugu, eszeptizismoa handia zelako.

Baina limosnatxoa dirudi kopuru horrek...

Bai, hala da.

Zure ibilbidean gauza berriak sortu dituen pertsonatzat daukazu zeure burua, batez ere. Ia 100 urte dituen instituzio honetan ere horretan ari zarela sentitzen al duzu?

Bai, zalantzarik gabe; bestela aspertu egingo nintzateke. Gainera, kasu honetan beharrezkoa zela iruditzen zait. Horrek ilusionatzen nau. 2016 arte egongo naiz karguan, eta nire nahia da egin dugun planteamendua egonkortuta egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.