Hizkuntzalaritzan doktorea

Miren Ibarluzea: «Memoria ariketa batek motibatzen ditu Gernika aipagai duten bertsoaldi gehienak»

Gernika aipatzen duten 11 bertsoaldi aztertu ditu Ibarluzeak, 1979tik 2009ra artekoak, eta herri horren irudikapenari buruzko hitzaldia emango du gaur EHUko MHLI ikerketa taldeak antolatutako 'Gernika(k)' kongresuan.

Mien Ibarluzea
Mien Ibarluzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inigo Astiz
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

1937an lehertu, eta, oraindik ere, bertsolaritza garaikideeneraino heltzen da Gernika (Bizkaia) suntsitu zuten bonben oihartzuna. Miren Ibarluzea Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza doktoreak Gernika aipatzen duten bat-bateko 11 bertsoaldi aztertu ditu, 1979tik 2019ra artekoak, eta aipamenak aldian-aldian hartzen dituen esanahiak ere bai. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak online duen bertsolaritzaren datu basean aurki daitezkeen saioak dira aztertutakoak, eta, Ibarluzeak dioenez, bat-bateko bertsolaritzari berezkoak zaizkion ezaugarriak aztertzeko ere balio izan dio bonbardaketaren erreferentziak. Gernikan bertan aurkeztuko ditu ikerketa horren emaitzak gaur, MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberikoetan ikertaldeak antolatutako Gernika(k) kongresuaren barruan.

Zer topatu duzu bertsoaldi horietan?

Beste generoenaz bestelakoak dira bat-bateko bertsolaritzaren ezaugarri batzuk. Kantatua, neurtua edo errimatua izateaz harago, ikuspegi poetikoaz haragoko ezaugarriei ere begiratu behar zaie horregatik: bat-bateko bertsolaritza testuinguruari oso lotuta dagoelako. Bertsoaldia non den, zer motatako saioa den, gaia emanda egin den, noiz izan den... Eta ikusi behar da Gernikak zer-nolako gauzak sinbolizatzen dituen ere. Aberriaren kontrako erasoaren sinboloa den, gizarte zibilaren kontrako erasoaren sinboloa den, sinbolo antifaxista internazional bat den, gerraren aurkako sinbolo bat edo memoria historikoa berreskuratu beharraren sinbolo bat.

Eta zer ikuspegi da nagusi aztertu dituzun saioetan?

Bonbardaketaren urteurrenetan egindakoak dira aztertu ditudan 11 bertsoaldi horietako gehientsuenak. Memoria ariketa batek motibatzen ditu bertsoaldi horietako gehienak, beraz.

Aztertu dituzun kasuetan, beraz, Gernika koadroaren erreferentzia piktorikoaren ordez, Gernikaren erreferentzia historiko eta traumatikoa da nagusi?

Bai. Eta, adibidez, Gernikak zineman eta literaturan duen errepresentazioa aztertu duten lanetan, Gernika koadroa Madrilen egotea ez da bertsolaritzan bezain era nabarmenean aipatzen. Eta, noski, hori ere lotuta dago bat-bateko bertsolaritzaren beraren ezaugarriekin, bertsoaldi bat askotan salaketa testu bat ere baden neurrian.

«Bonbardaketaren urteurrenetan egindakoak dira aztertu ditudan 11 bertsoaldietako gehientsuenak. Memoria ariketa batek motibatzen ditu gehienak, beraz»

Bertsoaldiak urteurren ekitaldiei lotuta egon arren, ikusten al da garapenik gaia lantzeko moduan sasoiz sasoi?

Bi gauza ikusten dira. 1979ko eta 1982ko Txapelketa Nagusietan kantatutako bertsoak dira aztertutako bi, eta bi kasu horietan Gernikaren errepresentazioa lotuago dago Iratxe Retolazak errepresentazio identitarioa esaten dion horrekin. Hau da, Gernika abertzaletasunaren kontrako erasoaren sinboloa da hor. 1982tik aurreragoko agerpenetan, berriz, irakurketa historiko-sozial bat egiten da. Irakurketak gehiago aztertzen ditu bonbardaketak gerora izan dituen ondorioak. Imanol Lazkanok 1982an hau kantatzen du: «Agur, Gernika, euskaldunentzat berezia baitzara zu». Eta, gerora, bestelako kritika batzuk egingo dira.

Adibidez?

Salatzen da, adibidez, koadroak berak itzal egin diola bonbardaketari, edo memoria historikoa egiteko beharra aipatzen da. Lizarra-Garaziko akordioarekin ere egiten da lotura libreko saio batean. Jon Maia eta Aritz Lopategi bertsolariek galdetzen diote beren buruari Lizarrak kenduko ote dion Gernikari bakearen hiriaren sinbolizazioa. Hau da, gure historia soziopolitikoan gertatuz joan direnekin loturak egiten dituzte bertsolariek Gernikaren errepresentazioaren bidez.

«Hainbesteko zeharkatzea egiten du Gernikaren sinbolizazioak, genero indarkeriako kasuekin lotuta ere agertzen baita»

Aldian aldiko beharren arabera baliatu den ikur bat da, beraz.

Hori da. Genero ikuspegitik egindako aipamen bat ere badago bertsoaldietan. 2009ko saio batean, hiru hitz eman zizkioten Uxue Alberdiri: maitasuna, gorrotoa eta askatasuna. Gizon batek emaztea asasinatu zuen sasoi hartan Gernikan, eta Uxue Alberdik, hori hartu, eta Gernikako bonbardaketarekin lotu zuen: «Gaur hogei urte maitasun sutsuz/ jardungo ziren apika/ baina horixe gero aldatuz/ joan daiteke zatika». Gero erailketaren berri ematen du, eta hala amaitzen du: «Berriro ere odolan herri/ bihurtu zaigu Gernika». Hau da, hainbesteko zeharkatzea egiten du Gernikaren sinbolizazioak, genero indarkeriako kasuekin lotuta ere agertzen baita.

Bertsolariek Gernika aipatzeko egindako doinu hautaketa ere aztertu duzu. Zer nabarmenduko zenuke?

Igor Elortzak eta Unai Iturriagak, esaterako, ez zuten kasualitatez hautatu sehaskako kanta baten doinua [Haurtxo txikia negarrez dago]. Aitona-amonek bonbardaketaz zer kontatua zieten galdetu zien gai jartzaileak 2012an, eta transmisioaren ideia hori indartzeko hautatu zuten sehaska doinu hori.

Bertsolariek aurrerantzean ere erabiliko dute Gernikaren erreferentzia?

Bai, eta, gainera, eraldatuz joango da zer ikuspegitatik begiratzen zaion. Zer albiste izan den sasoian, gai jartzaileak zer nabarmendu nahi duen, bertsolariak berak gaiari buruz zer lanketa egin duen, eta zer beste sarraski egiten den ere, guztiak du eragina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.