Musikaria

Patxi Saiz: «Gure herri izaerari belaunaldiz belaunaldi eusteko ezinbesteko tresna izan da kantua»

'Kantatzen duen herria gara' diskoa kaleratu du musikariak. Euskal Herriaren historia, maitasuna, herrimina eta ustelkeria dira bilduman landu dituen gaietako batzuk.

Patxi Saiz, Zumaiako Santiago hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
Patxi Saiz, Zumaiako Santiago hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Euskal Herriaren izaera, kultura eta hizkuntza defendatu ditu beti bere kantuetan Patxi Saiz musikariak (Getaria, Gipuzkoa, 1965). 1997an kaleratu zuen lehen diskoa, Iratzarra, eta, harrezkeroztik, beste lau plazaratu ditu. Aurten eman du azkena, hamahiru urteko geldialdi baten ondoren: Kantatzen duen herria gara jarri dio izenburu lan berriari. Euskal kantagintza tradizionala izan du eredu beti, eta gaur egun «estilo berean» jarraitzen du. 

Hamahiru urte pasatu dira aurreko diskoa atera zenuenetik. Zergatik orain?

Denbora dezente neraman proiektua nire buruan lantzen. Garai aproposa bilatu behar izan dut, burua beste hainbat gaitan nuen eta. Abestiak lehenagotik nituen prest, baina aurten suertatu da grabatzeko aukera. Arregi estudioan grabatu genuen martxoan, eta, ondoren, nahasketak Peio Gorrotxategirekin egin ditut.

Nondik dator izenburua?

Aurreko disko batean agertu ziren hitzak, eta Jokin Urain Kixkur-ek idatziak dira. Nik hausnarketa baten moduan ulertzen dut esaldia. Azken finean, gure herrian kantua transmisiorako tresna gisa erabili izan da, eta trantsizio garaitik, gainera, musikak protesta izaera handia du gure artean. Gure hizkuntzari, gure kulturari edota gure izaerari belaunaldiz belaunaldi eusteko tresna ezinbestekoa izan da kantua.

Zer pisu dute hitzek diskoan?

Hitzak eta musika sortzeko orduan, ez dut uste bati garrantzi handiagoa ematen diodanik besteari baino. Nik musikarekin hasten dut sormen prozesua, eta, gero, musika horri gai bat eransten diot. Gure herria eta hizkuntza oinarri dituzten gaiak txertatzen ditut normalean kantetako hitzetan.

«Nik musikarekin hasten dut sormen prozesua, eta, gero, musika horri gai bat eransten diot. Gure herria eta hizkuntza oinarri dituzten gaiak txertatzen ditut normalean kantetako hitzetan»

Hala izan da bilduma berrian ere?

Bai, esango nuke gai askoren bilketa dela Kantatzen duen herria gara diskoa. Gerra garaian izandako hainbat gertakari aipatzen dira lanean, eta baita euskal militanteek urteetan egindako lan gogorra ere, beste gai askoren artean. Baina, era berean, maitasunak eta gorrotoak badute lekua abestietan. Ustelkeriaz ere mintzatu naiz.

Zure musikak beti dauka aldarrikapen kutsua?

Bai, hala esan daiteke, bai. Baina aldarrikapenek ez ezik sentimenduek ere badute garrantzia, nire ustez. 

Hainbat musikariren laguntza izan duzu diskoa osatzerakoan, ezta?

Hala da. Batzuk urte askoan izan ditut ondoan, eta beste batzuk berriki ezagutu ditut. Nirekin batera urte asko egon dira Juan Luis Aranburu [eskusoinua] eta Amaia Aranaga [biolina], eta disko berri honetan ere haiekin lan egiteko aukera izan dut. Bestalde, fitxaketa berriak egin ditut, hala nola Aitor Mitxelena [klarinetea], Mikel Arakistain [baxua] eta Ander Barrenetxea [perkusioa]. Azkenik, kutsu latinoa sartu nahi nuelako, Maikel Talavera El Cuba perkusio jotzailea ere izan dugu gurekin.

Pozik zaude emaitzarekin?

Bai, uste dut produktu oso txukuna kaleratu dugula. Nahi nuen soinua lortzeko buru-belarri aritu gara, batzuetan ia obsesioa hurbil izan dugula, ni oso perfekzionista naizelako askotan. Nire estiloan jarraitzea lortu dut, baina uste dut soinuaren kalitatea hobetu dugula. Kantak jantziagoak egitea lortu dugu.

«Nire estiloan jarraitzea lortu dut, baina uste dut soinuaren kalitatea hobetu dugula. Kantak jantziagoak egitea lortu dugu»

Kantatzen duen herria izango da aurrerantzean ere Euskal Herria?

Ez da oraingo gauza, baina badira urte batzuk belaunaldi berrietan aldaketak nabaritu ditudala, eta ezkorra naiz horretan. Nire gurasoen garaitik nirera hainbat ohitura eta tradizio galdu ziren, baina orain, belaunaldi berrietan, agian aldaketa handiagoa ikusten dut. Gure herritartasun egoerarekin zerikusia duen zerbait da. Globalizazio betean bizi gara gaur egun, eta, hizkuntza gutxitu bat duen herri txiki bat izanda, eraso larri asko jasaten ditugu. Bestalde, bi herrialde handiren menpe bizi garenez, gurea defendatzen dugunean, segituan ditugu gainean.

Horren aurka kantatzen duzu?

Helburu askorekin egiten dut musika, baina, besteak beste, jasaten dugun zapalkuntza agerian jartzeko ari naiz lanean. Lehen, errepresio gordin eta zorrotza izan genuen, eta denok ikusten genuen, baina, trantsiziotik aurrera, errepresio hori pixkanaka-pixkanaka gertatu zen, eta hori normaltzat jotzeko politikak jarri ziren abian. Uste dut disko honekin gauza horiek salatzeko eta azaleratzeko nire ekarpen txikia egingo dudala. Gainera, hurrengo belaunaldiei egoera azaltzeko balio dit, haiei ere gure ondarea transmititzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.