Non gaude?, galdetu du Aritzek sudurra amaren sabeletik bizitzara atera bitartean. Esan beharko diot zerbait; haren amak eta aitak beste nonbait daukate burua, eta aitona-amonak, hiritik kanpo bizi denak ere, eta ezin izan dira agertu Aritzi ongietorria egitera; halaxe tokatu da Aritz jaio den udaberri honetan. Gainera, sakelakoaren bidez egin du galdera mutikoak, argazki batetik, sua bezain gorri eta begi zeharka; argi dago ez dela guztiz fio, edo agian ez du afaldu eta goseak dago arratsaldeko zortzi eta erdiak izanik—, eta ohartu da ama, maskara jantzita, espazio sideralean hegan balebil bezala dagoela, eta aita negarrez eta barrez ari dela. Aritzek ere negar eta barre egin beharko du aldi berean, esana du-eta Rabelais zaharrak horixe egingo dugula bizitza osoan, jaiotzen garenetik. Non gauden jakin nahi duzula diozu, mutiko. Ba, ikusiko duzu.
Jaioberriek ez omen dute ezer ikusten, baina agian hori ez da egia osoa: inor gogoratzen ez denez, ez dago memoria bisual konpartiturik, eta gauza hori ikertzen dutenek argitalpen akademikoetarako gordetzen dute dakitena, eta kito. Nire ustea da, e! Ez nabil inor mindu nahian, baina uko egin diot afektu orori, eta, behin adin honetara iritsita, nahi dudana esaten dut. Telefonotik begira daukadan umemokoak nire atzeko zerbait seinalatu dit begiekin. Ez lehen esan dizuedan argazkian, baizik haren aitak grazia momentu hartaz geroztik bidali didan lehen bideoan; horrela, aldi berean barrez eta negarrez ikusi dut, eta, gainera, negar-barre begi horiek dardo distiratsuak dirudite, nire atzealdera airean: nik baino hobeto ikusten du! Rabelaisen hitzetan esango dut, neure eginda, nahasterik ez izateko.
Ipuin hau irakurtzen ari zareten lagunok,
Egiozue uko afektu orori,
Eta ipuina irakurtzean, ez asaldatu:
Ez dauka gaitzik, ezta zornerik ere;
perfektua ere ez da, hala ere.
Ezer ikasten ez baduzue, egizue barre, bederen:
Nire bihotzak ezin du beste gairik aukera,
atsekabeak nola suntsitzen eta hondatzen zaituen ikusita;
hobe barreaz idaztea, eta ez negarraz,
berezkoa barrea baitu gizakiak.
Begira, Aritz: halakoak gara gutxi gorabehera. Perfekzioa nahi baduzu, gaitza eta zornea onartu beharko dituzu. Gaitzik eta zornerik nahi ez baduzu —eta oraingoz ez, mutiko, nahiko gaizki pasatu dugu-eta zu amaren sabeletik noiz irtengo zain, kanpoan plaga eta izurria zebilen bitartean—, ez ezazu perfekzio handirik espero. Perfekzio txiki bat, tira, zergatik ez. Zure negar-barrea bezala, zure barre-negarra. A ze poza, aizu. Segi dezagun. Oraingoz leziorik atera ezin badugu, egin dezagun barre, bederen. Zer, izeba, zer ikasi behar dugu, ba?, galdetu dit inozo horrek, eta adi-adi begira daukat, gero eta tinkoago, eta are atzerago daukadan zerbait seinalatzen dit, eta negar eta barre egiten du. Txikiegia zara oraindik, umetxo, historiaren morala ikasten hasteko; oraingoz hobe duzu titia hartzen ikasi, kaka eta txiza egiten, lo egiten batez ere; hobe duzu doinu lotsagabez hitz egiten dizuten ahots hauek aditzen eta ezagutzen ikasi, eta ohituz joan. Ez, izeba, oraintxe jakin nahi dut. Zergatik ari da barrez osaba? Hari begiratzen dio txikiak, atzean daukadan mozolo horri, barre eta barre eta irribarre eta barre egiten duen horri; halakoxea da hura, barregizona, ze—esan diot Aritzi bera bezalako hitz txikiekin— «berezkoa barrea baitu gizakiak». Eta Aritzek sinetsi, baina berehala ekin dio berriz, beste galdera batekin: zer da atsekabea, izeba? Zer esan nahi du suntsitzen eta hondatzen zaituela?
Arraioa, mutiko. Esateko modu bat da, Aritz, ez hartu dena hain estu. Zer esateko? Eta zer esan nahi du 'esateko moduak'? Itotzen hasia naiz, ez nekien izeba izatea hain korapilatsua zenik. Ume hau kutxa bat bezalakoa da, garai batean botikariek motibo bitxi irrigarriz apaindutako droga finak gordetzeko erabiltzen zituzten haiek bezalakoxea: halakoxe aurpegia dauka oraintxe Aritzek. Uste baduzu ez duela ikusten eta oraindik ez daukala ezer esateko, ikuste hutsak irribarrea eragiten dizu, ze haren aurpegitxoak, hankatxoek eta eskutxoek irribarreak marrazten baitituzte airean, baina umetxo honek ustekabean harrapatzen bazaitu, orain ni harrapatu nauen moduan, kutxa zaharra ireki egiten da, eta, hara, Rabelais maisuak arrazoi du berriz ere, filosofo zahar bat irteten baita kutxatik: ezagutza gizagaindikoa, bertute miragarria, adore menderaezina, soiltasun paregabea, poz egiazkoa, konfiantza erabatekoa, interes falta izugarria gizakien tristura iturri, korrika eta lan egiteko pizgarri, nabigatzeko arrazoi eta borrokagai den guztiaren aldera. Kale hutsak al dira, izeba, atsekabea? Ufa, zer esan.
Pixka bat bai, mutiko, pixka bat badira. Ezin izan gara zu ezagutzera etorri hilabete egin duzun arte, eta salto batean hemen gara metroan! Ezagutu dituzu, izeba, kale hutsak? Bai, pixka bat bai. Eta begira, Aritz, hauxe da atsekabea: segidan esango dizkizudan hitzak egunkarian irakurri izana: sortu dugun edertasuna ez dugu ulertzen gutaz husten ez badugu. Ez kasu zipitzik egin.
Ez astakeria gehiago irakurri, izeba.
Askotan esaten diot, mutiko, baina ea zuri gehiago sinesten dizun, esan du nire atzean barregizonak.
Arrazoi duzue.
Eta barre-negar egin dugu denok batera.
Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
Uda batez Galeuscan
Gure eguneroko artea
Saidi (Baix Cinca, Herrialde Katalanak, 1954). Idazlea, kazetaria eta irakaslea da, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea Pompeu Fabra unibertsitatean. Avui egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea, eta literatur jardunean La terra retirada lanak egin zuen ezagun 1993an. Lan berrienen artean ditu L'amic de la Finca Roja (Tusquets, 2017) eta Triptic de la terra (Anagrama, 2020). Vilaweb agerkari digitaleko zutabegilea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu