Aitor Bengoetxea eta Xabier Gantzarain. Dinamoko kideak

«Gure borondatea beti izan da edukiekin iristea edukiontzira»

Hitzaren, Irudiaren, Soinuaren eta Gorputzaren eremuak pixkanaka lantzen, hazten eta osatzen aritu dira Dinamoko langileak, sormen guneak esperientzia praktikoa eta tailer jarduna izan ditzan irekierarako.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Dinamoaren proiektua asmatzen, idazten eta osatzen 2016an hasi ziren Aitor Bengoetxea (1981) eta Xabier Gantzarain (1975). Urratsak astiro eta jarraitutasunez emanik, bide luze bat eginda iritsi dira irekiera ofizialera.

Era askotako lanak egin dituzue egitasmo honi bizia emateko.

XABIER GANTZARAIN: Garrantzia zeukan komunitate bat eratzeak eta trinkotzeak, gauzak eginez forma hartzeak. Sortzaileen premiei erantzuten ibili gara. Eraikinaren eraberritzea 2019an bukatzear zela hasi ginen lau eremuetarako egitarauak finkatzen, jardun espezifikoetarako lekuak prestatzen. Hori izan da urratu dugun bidea, egiteko modua.

AITOR BENGOETXEA: Sanagustin kulturguneak hamar urte bete ditu, Kulturaz kooperatibak lau urterako lan hitzarmena sinatu du udalarekin, Dinamoan esperientzia onak izan ditugu, eta iruditu zaigu hauxe dela une egokia irekiera egiteko.

Noiz hasiko dira Soinuaren Eremua egokitzeko obrak?

A. B.: Eraikinean atondu gabe geratu zen Soinuaren Eremua, diru faltaz. Urte berriarekin batera hasiko dira obrak, eta uste dut 2023an martxan izango dugula. Nolanahi ere, badauka bere dinamika: egin dira egonaldiak eta landu dira proiektuak. Gure borondatea beti izan da edukiekin iristea edukiontzira. Soinuaren eremua aktibatuta egon da hasieratik. Espazio handia izango du: lantegia, entsegu lokalak, tailerrak egiteko tokiak... Eta obrak bukatzen direnerako, Errati proiektua garatuta edukiko dugu. Sareko plataforma bat izango da.

X. G.: Soinuarekin esperimentatzeko leku bat edukiko dugu sarean. Baina izan liteke norbaiti elkarrizketa bat egin eta podcast moldean emateko ere. Edo izan liteke Hitzaren Eremuan sortu den material bat jartzeko. Pixkanaka lantzen hasi behar dugun tresna bat da.

Bosgarren eremu batez ere hitz egiten duzue batzuetan.

A. B.: Dinamoak bere eraikinetik haraindi partekatzen dituen plazez ari gara bosgarren eremua aipatzen dugunean. Alde batetik, fisikoa da: herriko beste eragileekin espazioak nola landu litezkeen, edo nola begiratzen ahal zaion hemendik paisaiari. Baina ez da kontu fisiko soil bat. Ehuntzea proiektua funtsezkoa da guretzat: jendearen arteko harremanak jostea, komunitatean inbertitzea, ikastetxeekin mediazioak egitea, sormen bekei arreta jartzea, herriko elkarteren baten egitasmoa laguntzea. Gainera, badira beste arlo batzuk eraikinetik kanpora garatzeko modukoak; izan litezke arkitekturakoak, izan litezke hiru dimentsioko proiektuak...

Zer sormen gune ezagutu izan dituzue urte hauetan?

X. G.:Beste sormen gune batzuei miresmenez begiratu izan diegu, eta halaxe egin ditugu harremanak batzuekin. Asko ikasi dugu haietatik. Arropaineko Arraguara [Lekeitio, Bizkaia] joan ginen orain dela gutxi.

A. B.: Saiatzen gara bakoitzetik ikasten kontzeptu batzuk, edo egiteko modu batzuk.

X. G.: Konplizitate handia sentitzen dugu neurri eta izaera diferenteko espazioekin. Hor dira Araban Garaion sorgingunea Ozaetan eta Azala Lasierran, Uharte zentroa [Nafarroa], Borderline Fabrika Hendaian [Lapurdi], Azpi Donostian, Bilbon beste batzuk: Artiatx, Bulegoa, edo Tractora kooperatibak laster zabalduko du Atoi... Kataluniako Konvent sormen gunearekin lan harreman bat hasi dugu, Verga herrian [Bartzelona].

A. B.: Ez da kasualitatea, emakumeak daude proiektu horietako gehienen atzean.

X. G.:Guretzat garrantzitsua da Dinamoa puntu bat gehiago izatea sare zabal batean.

Nor etorriko da Dinamora hurrengo hilabeteetan?

A. B.: Gure marrak proiektua landu nahi dugu udazkenean; hau da, Gure mintzak proiektuan jasotzen diren historiak nola eraman marrazki eta ilustrazioetara: hamabi hizkuntzatan kontatutako hamabi kontakizun liburu batera ekarri irudien bidez. Bestalde, Kamikaz kolektiboak hemen prestatuko du antzerki obra berria, Kulturaz kooperatibaren produkzioz.

X. G.: Ikus-entzunezko tailer bat egingo dugu, teorikoa eta praktikoa. Eta udazkenean Grafiaz betea aldizkariaren zero zenbakia ere egin nahi genuke. Arte plastikoen eta grafikoen arloan hemen lanean ari den jendea bilduko dugu, eta Dinamoan sortu dituzten lanez eta irudiez osatuko da aldizkaria, osorik eskuz egina.

Azpeitiko Udalak sormen bekak ematen ditu.

X. G.: Bospasei urte dira, bai, bekak ematen dituela. Hasiera baten 6.000 euro ziren, eta pixkanaka, gehiago. Azken bi urteetan 20.000 euroko inbertsioak egin ditu udalak. Sormen beketarako dira 12.000, eta 8.000 dira bi lan egonaldiren artean banatzeko. Laguntza horiek jasotzen dituztenak hartzen ditugu Dinamoan, eta babesa eman eta jarraipena egiten diegu. Urte hauetan beken bitartez hemen jardun dutenak komunitate honen parte dira aldez edo moldez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.