Miren Azkarate. Euskaltzaina eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia

«Gure belaunaldiak pantaila handiaren lilura du»

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mikel Olaziregiren omenaldirako kreditazio bilajoan zen atzo eguerdian Miren Azkarate Kursaalera. Baina, aukera izan duenean, filmak ikusten ere izan da egunotan Zinemaldian.

Film asko ikusi duzu aurtengo Zinemaldian?

Gutxi, nik nahi baino askoz gutxiago. Eta ez dut zorte handirik izan ikusitakoekin. Batzuk gogor samarrak, beste batzuk berriz... Julia Robertsena ikusi nuen eta... Tira, uste dut kritikak nahikoa esan duela horretaz. Baina oraindik ere ez dut galdu pelikula on bat ikusteko esperantza.

Sinopsia irakurtzen duzu aurretik?

Inolako informaziorik ez dudanean, bai. Baina ia beti izaten da lagunen bat aldez aurretik pelikula bat ikusi duena eta ikusteko gomendatu didana, edo ez ikusteko.

Non ikusten dituzu normalean filmak: telebistan, DVDan, aretoetan?

Aretoetan. Negu partean, astero ez beharbada, baina hamabostean behin behintzat joaten naiz.

Kursaala ala Viktoria Eugenia?

Zinema ikusteko, Kursaala. Pantaila handiagoa daukalako. Gure belaunaldiak badu pantaila handiaren lilura hori: haren aurrean eseri eta zeure burua han sartuta sentitu.

Zer motatako edo zer generotako filmak dituzu gustukoen?

Errazagoa da zer ez zaidan gustatzen esatea: zientzia fikzioa, biolentzia handiko filmak... Gizakiaren egoeraren inguruko filmak gustatzen zaizkit, gai politikoak ukitzen dituztenak... drama kalifikazioa izaten dutenak.

Gogoan duzu zinemarekin izandako lehen harremana?

Txiki-txikiak ginela, Edurne Zuri ikustera eraman gintuen aitak, Donostiako Novedades aretora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.