Amaierak ez dira beti gozoak, baina, batzuetan, ospakizuna gailentzen da tristuraren aldean. Hemezortzi urte dira aurten Esne Beltza taldea Euskal Herriko eta munduko ehunka txokotan bere musika zabaltzen hasi zela. Xabi Solanoren (Hernani, Gipuzkoa, 1978) trikitiaren soinua oinarri izan arren, hainbat eta hainbat estilo uztartu ditu taldeak. Horren ondorioz, euskal lurraldeetako edozein jaietan entzuten diren kanta asko Esne Beltzak egindakoak dira. Orain, agur esateko ordua iritsi zaie. Hemezortzi urte, bederatzi disko eta ehunka kontzerturen ondoren, betirako esango dute agur, bihar, Bilbo Arenan. Solanok espero du agurra «oso berezia» izatea, alaitasunez eta maitasunez betea.
Ospatzeko zerbait al da bukaera?
Ez dut uste gure festa tristea izango denik. Atzean uzten dugun guztia nahikoa arrazoi da ospatzeko, eta larunbatekoa aukera ezin hobea da ospakizun erraldoi bat egiteko. Lagunekin ez ezik gure jarraitzaileekin ere ospatzeko garaia da. New Orleansen [AEB] norbait hiltzen denean, kristoren festa egiten dute, eta guk horrelako zerbait egin nahi izan dugu hasieratik. Poztasuna gailentzen zaio tristurari, erabat. Konturatu gara zenbat gauza lortu ditugun 2007. urtean Esne Beltza sortu genuenetik egindako ibilbidean. Gaur egun, guk egindako kanta asko herriarenak bilakatu dira, eta hori, edozein artistarentzat, lor daitezkeen gauzetan onenetako bat da, dudarik gabe. Oso harro gaude lortu dugunaz, eta jendeak ematen digun maitasunaz.
Nola bizi izan duzue azken bira?
Sentimenduz beteta. Herri askotan jo dugu, eta, oholtzara igo garen bakoitzean, bagenekien bertan jotzen genuen azken aldia izango zela. Horregatik, dena oso hunkigarria izan da. Hasietatik oso argi izan dugu amaierako bira guztiaz disfrutatzea zela gure helburua, eta hori bera egin dugu. Lortu dugu herri bakoitzean eta oholtza bakoitzean jo ditugun kanta guztiekin disfrutatzea.
Larunbatean, Bilbon, ez zarete bakarrik egongo oholtza gainean, ezta?
Hori da. Esan bezala, azkeneko hemezortzi urteetan gauza asko lortu ditugu, eta horren barruan ezagutu ditugun pertsonak eta taldeak daude. Lagun asko izango ditugu gure alboan, eta denon artean ospatuko dugu Esne Beltzaren bukaera.
«Esango nuke Esne Beltzaren ibilbidea etengabeko ikasketa prozesu bat izan dela»
Agurraren ondoren tristura etorriko da?
Bai, seguru. Orain ere pentsatzen dugu hemendik denbora batera ez ditugula egingo orain arte egiten genituen gauzak, eta badakigu apalaldi bat izango dugula. Baina, hala ere, nabarmendu nahi dugu alaitasunez esan nahi dugula agur. Proiektu guztiak amaitzen dira noizbait, baina noiz amaitu ere jakin behar da.
Zer ikusten duzu atzera begiratzean?
Esango nuke Esne Beltzaren ibilbidea etengabeko ikasketa prozesu bat izan dela. Hainbeste lagun, hainbeste musikari ezagutu ditugu, haiengandik asko ikasi dugu. Oso ondo pasatu dugu, eta lan asko ere egin dugu jende askorekin batera.
Aldaketa asko izan ditu taldeak bere ibilbidean?
Musika estilo asko jo ditugu gure bederatzi diskoetan. Lehenengoa, adibidez, roots kutsukoa izan zen oso, reggaearekin oso lotua. Horrek arrazoi bat dauka, Esne Beltza sortzeko ideia Ferminekin [Muguruza] Jamaikan nengoela izan nuen eta. Disko batetik bestera aldaketak daude, baina beti oso agerian egon da gure musika dela; Esne Beltzaren ukitua lan guztietan dago presente.

Eta hitzei dagokienez?
Gure hitzak beti zerbaitengatik egindakoak dira, beti izan dute arrazoiren bat. Askotan, borroka batengatik egindakoak dira, bizi dugun gizarteari aurre egiteko. Guk horrela ulertzen dugu musika, arma baten moduan. Taldeak bere bidea amaituko du, baina guk berdin pentsatuko dugu aurrerantzean, uste baitut gure belaunaldiko jendeak ezin duela ulertu musika erreibindikaziorik gabe.
«Nik uste musikaren izaera errebeldea galduz joan dela, eta, gaur egun, erreibindikazioaren falta sumatzen dut euskal musika eszenan»
Musikaren izaera errebelde hori hor al dago gaur egun?
Nik uste izaera hori galduz joan dela, eta, gaur egun, erreibindikazioaren falta sumatzen dut euskal musika eszenan. Bizi garen gizartean beti egongo da zerbait borrokatzeko, hori ez da aldatuko. Gu orain bagoaz, baina badakigu hasieratik amaierara arte guk maite dugunaren alde borroka egin dugula, eta esan bezala, Esne Beltza ez egon arren, bakoitzak bere borrokekin jarraituko du.
Betiko esango duzue agur?
Bai, behin betiko. Ibilbidea amaitu da, eta orain bakoitzak bere proiektuak ditu. Bere garaian, Etzakit taldea utzi nuen, 2003an, eta berdin gertatu zen: taldea ez zen itzuli.
Bilboko kontzertuaren atarian, urduritasuna da nagusi?
Ez dugu denborarik urduri jartzeko [barrez]. Oso lanpetuak gabiltza, eta ez dugu denborarik ezta pentsatzeko ere. Hala ere, nik uste azken orduan urduri jarriko naizela. Lan asko dugu egiteko larunbatari begira, kontzertuan sorpresa asko izango dira eta. Gainera, bakoitza bere lanean ere badabil; beraz, ez dugu ordu librerik. Beti nabaritzen da urduritasun puntu hori, zilegi da, baina ni behintzat lehenengo nota jo eta berehala lasaitzen naiz.
Negar eragingo duen tarterik egongo al da kontzertuan?
Egongo da, bai, seguru. Esne Beltzak iraun duen urteetan taldearen lagun batzuk joan egin zaizkigu, hala nola Etxeberritxo [Inazio Bastida] eta Amaia Apaolaza, eta haiei ere eskainiko diegu kontzertua, noski. Tartean tokatuko zaigu gure gurasoak eta gure ingurukoak agurtzea ere. Dena oso berezia izango da.
Esne Beltzaren kantak Euskal Herri osoan entzungo dira aurrerantzean ere, taldearen bidea amaitu arren. Zer eragiten dizue horrek?
Nik beti esan dut ahazten ez dena ez dela sekula hiltzen. Izar iheskorra nire kuadrillako bi pertsonaren oroimenean egin nuen, eta jotzen dudan aldiro beti esaten dut bizirik daudela eta hor daudela gurekin kontzertuan. Gure kantek beren bidea egiten jarraituko dute, eta hori harro egoteko modukoa da musikari batentzat.
Ze proiektu ditu esku artean Xabi Solanok?
Orain Ferminekin [Muguruza] biran nabil, eta beste hainbat egitasmo ditut. Binilo bat aterako dut, nire trikiti abesti onenekin. Horrez gain, abesti berriren bat egongo da binilo horretan. Badut beste ideia pare bat, baina oraindik ezin dut ezer iragarri.