Durangoko 50. Azoka. Dani Fano. 'H28' aldizkari satirikoa

«Gure asmoa inoiz ez da inor mintzea, baina ezta laztantzea ere»

LARA MADINABEITIA.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilean hasi ziren hainbat euskal marrazkigile sarean H28 aldizkari satirikoa plazaratzen, hilero. Orain, paperean bildu dute urteko uztaren aukeraketa bat, Urtikaria izenburupean. Xehetasunei buruz mintzatu da Dani Fano.

Urte osoko lanak bildu dituzue Urtikaria-n. Zenbat aldizkaritakoak daude? Zer topatuko du bertan irakurleak?

2015eko urtarrilean hasi ginen, eta hemen jaso dugu urrira arteko aldizkarien aukeraketa bat. Beraz, saiatu gara gure ustez gauza politenak, graziosoenak edo esanguratsuenak sartzen, baina baita parte hartu duten egile guztien behintzat aletxo bat sartzen ere; hori izan da irizpidea.

Egile askok parte hartu dute...

Askok; oso korala izan da aldizkaria. Batzuk aipatzearren, noski, aldizkariaren sortzaileak izan zirenak; Asisko, Zaldieroa, Marko, Josebinxki, Axpi, Irene Borda, Edu Lartzanguren, Unai Iturriaga, Exprai... eta abar eta abar [barrez]. Eta beti Lander Muñagorri eta Iñigo Astizen gidaritzapean; gure ero kuadrilla-artalde hau, eta beraiek artzain... ez dute lan errazik. Horiek dira gure arima, begi eta eskuak.

Aldizkari satirikoa zarete. Jon Sarasuak argazkia atera du berari buruzko marrazkiarekin; Zaldieroak ere izan du Urkullurekin halako zera bat... Nola hartzen da umorezko kritika Euskal Herrian zure ustez?

Bueno, denetarik dago; batzuek ongi hartzen dute; beste batzuek, ez hain ongi, baina ez genioke guk horri begiratu behar. Noski, gure asmoa inoiz ez da inor mintzea, baina ezta laztantzea ere. [barrez] Asiskok esaten zuen gu sortuak ginela ostiak ezker-eskuin banatzeko; ez dakit, ostiak edo garrasiak botatzeko, baina behintzat guk nahi duguna egiteko, eta momentu batean okurritzen bazaigu norbaitekin sartzea, ba sartuko gara. Espero dugu umorez hartzea guk umoretik egiten duguna, umoretik egiten dugu dena, baina bueno... Gero eta zailago bihurtzen ari da umorea egitea; dena da politikoki zuzena; mundu akoltxatu batean bizi gara: «ez dut egingo ez dakit zein kolektibori buruzko txisterik badaezpada, haserretuko dira eta...». Ematen du beti eremu minatu batean zaudela, eta hau, hain zuzen, sortu genuen aske ibiltzeko eta minarik gabe umorea egiteko. Eta, noski, gurea da umorea egitea.

Aurten badirudi komiki gehiago dagoela azokan: Urtikaria, Patxi Gallego eta Xabi Payaren Nork, Adur Larrearen Gabriel Aresti, BioGrafikoa, Kortsarioen ostatua... Zerbait esan nahi du horrek?

Ez dakit. Nik beti gauza bera esaten dut: hurrengo urtean esango dizut. Hurrengo urtean kopuru bera edo handiagoa egiten bada, esango dizut: «bai, zerbaiten adierazgarri da»; baina unean uneko ekintzak baldin badira, suertatu bada kasualitatez aurten asko daudela... ba, ez da hain adierazgarria, kasualitate bat da. Beraz, pozez, badaudelako, baina ikusiko dugu hurrengo urtean zer dagoen.

Autoekoizleen plazan zaudete. Nola sentitzen zarete hemen? Nola ikusten da azoka hemendik?

Ezin esan, hamabi minutu daramat hemen [barrez]. Ez, ongi, ongi, lagunez inguratuta. Hau leku polita da, abentura autoekoiztuak beti dira interesgarri, eta nik uste dut gure leku naturala hau zela. Beste argitaletxe edo saltoki batzuetatik ere eskaini ziguten, baina guk geure burua hemen ikusten genuen, hala izan delako.

Aurrera begira zein asmo dituzue? Jarraituko duzue hileroH28 sarean plazaratzen, urtero aterako duzue halako Urtikaria bat...?

Ez dago asmo luzerik honen atzean. Beti iruditzen zaigu mirari bat: iristen da lanak bidaltzeko epemuga, eta beti iruditzen zaigu ez dela aterako [barrez]. Tira, badugu konpromiso bat, baina geure buruarekin. Orduan, gaiaren arabera edo pizten zaizunaren arabera parte hartzen duzu edo ez. Saiatzen gara parte hartzen, baina ez dakigu... ez gara jaio irauteko asmoarekin, umorea egiteko asmoarekin eta gurea botatzeko asmoarekin. Zenbat? Askotan, eta ni neu barne, neurtzen ditugu gauzak iraupenarengatik, bikotekideekin bezala, «zenbat denbora daramaten horiek elkarrekin!» eta hori zer da, ona ala txarra? Ez al da gehiegi luzatu? [barrez] Euskal Herrian badugu joera hori... Ez dakit, ikusiko. Alde dugu asko garela, eta bat erretzen ari den bitartean bestea ari dela pizten. Abantaila hori badugu, baina ikusiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.