«Lasai, baina, era berean, urduri» dago Aiert Goenaga (Ondarroa, Bizkaia, 1981). Lasai, azoka antolatzeko aurrez egin beharreko lanak eginak dauzkalako; eta urduri, datozen egunetan jakingo dutelako urte osoan egindako lanak esperotako emaitzak ekarriko ote dituen.
Herri mugimenduan eta elkarlanean oinarritu zarete azoka antolatzeko. Koordinazio mahai batean bildu dituzue hainbat eragile urte osoan. Azoka hastera doala, zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Oso balorazio positiboa egiten dugu. Aurretik ere, esparru batzuetan, elkarlanean egiten ziren hainbat gauza, baina aurten azokako gune guztiak antolatu ditugu auzolanean, horretarako propio sortutako koordinazio mahai baten bitartez. Asmatu egin dugula uste dugu, eta egitarauan bertan ikusi egiten dela. Gustura gaude.
Aurreko urteetako gorabeherak gainditu, eta azoka bakar bat osatuko dute aurten gune guztiek, baita Plateruenak ere. Horrek azoka indartuko duela uste duzu?
Plateruena bazen azokaren parte, modu naturalean. Azokaren helburu berberak dauzka, azoka ez beste urteko egunetan bestelako bidea egiten duen arren, Gerediagak bestelako zereginak dauzkan bezala. Aurreko urteetan ez genuen asmatu elkarlanean jarduten. Baina aurten gustura gaude, lortu egin dugulako. Eta pozik, azokak beste jauzi bat egin duelako, zabaltzeari dagokionez. Plateruenan aurreko astean hasi zen azoka, eta azoka egunetan ere, Landakon egin ezin daitezkeen ekitaldiak izango dira han.
Aurrekontua gutxitu arren, iaz abian jarritako guneei eutsi nahi izan diezue. Are gehiago, horiek sendotzeko apustua egin duzue. Eskaintza zabaltzeak krisiari gaina hartzen balio dezakeelakoan zaude?
Formula magikorik ez daukagu, eta ez dakigu nola aterako den aurten egin dugun apustua. Azoka amaitzean ikusi beharko dugu. Diru laguntzak murriztuz doaz, urtetik urtera. Zabaldu nahi dugun bide berrian oztopo bat da hori. Erabaki behar genuen: bost eguneko azoka bat egin, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala, egitarau ahul samarrarekin, edo sortzaileen presentzia indartu, azken urteetan gertatuz joan den bezala, eta lau egunez bada ere, azoka indartsu bat egin, egitarau sendo batekin. Azokari laguntzeko bonuak salgai jarriko ditugu, bost, hamar eta hogei euroan, norbaitek ekarpena egin nahi badu.
Egoera ekonomikoa hobetzen denean, beste diziplina batzuei tartea egiteko aukera aztertzea baztertzen ez duzula esan duzu. Etorkizuna bide horretan ikusten duzu?
Baliabideen arabera joango gara ikusten. Gerediaga elkarte txikia da, eta gurekin batera lanean ari direnak ere halakoak dira. Baliabideek aukera ematen diguten heinean beste diziplina batzuetara jauzi egiten saiatuko gara. Gure helburua hori da, baina ez dugu gure burua ito nahi.
Programatzaileak gonbidatu dituzue Durangora, ezta?
Sortzaile-hartzaileen arteko harremana garrantzitsua da, baina horretaz gain, beste zerbait eskaini nahi genien sortzaileei. Eta Euskal Herriko programatzaileak gonbidatu ditugu, hainbat arlotako euskarazko nobedadeak Durangon izango ditugulako. Ondo egongo litzateke beste herri batzuetan urte osoan egiteko emanaldiak lotu ahal izatea taldeek.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aiert Goenaga. Durangoko Azokako zuzendaria
«Gure asmoa da azoka are gehiago zabaltzea»
Aurrekontua txikituz doa urtetik urtera; eta nahiago izan du «lau eguneko egitarau sendoa» egin, azokak egun bat gutxiago izan arren. Azoka beste diziplina batzuetara zabaldu nahiko luke etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu