Gure Artea, sortzeko hauspoa

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre izan dira sariketaren irabazleak aurten. Ibilbide artistikoa aitortu diote Urzairi, sorkuntza lana Pani, eta artearen dibulgazioan egiten duen beharra Agirreri

Zupiria sailburua, Agirre, Pan eta Urzai sarituak, eta Irazu epaimahaiburua Arte Ederren Museoaren kanpoaldean, atzo goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Donostiako San Telmo museoan, neurri andanak mugatutako ekitaldi batean: hala iragarri zituzten iaz Gure Artea sariaren irabazleak. Neurriak indarrean dirautela, baina «lasaiago» ezagutarazi zituzten atzo aurtengoak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Bilboko Arte Ederren Museoan antolatutako ekitaldian nabarmendu zuenez. Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre saritu dituzte Gure Artea 2021en; zehazki, ibilbide artistikoa aitortu diote Urzairi, sorkuntza lana Pani, eta artea helarazteko lana Agirreri.

Alicia Fernandez, Ion Munduate, Mikel Onandia, Jone Alaitz Uriarte eta Pello Irazu epaimahaikideek hartu dute erabakia. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta udazkenean izango da sari emate ekitaldia. Irazuk Gure Artea saria irabazi zuen iaz, eta epaimahaiburua izan da aurten; halaber, hark azaldu zituen ebazpenaren nondik norakoak.

Artean 40 bat urteko bidea egina du Urzaik, eta, Irazuren iritziz, «euskal arteko belaunaldi berrietan artista bakan eta aitortuenetako bat bihurtzea» lortu du. Epaimahaiburuak azpimarratu zuen sortzaile bilbotarra «erreferentzia» bat dela, hala nola Jose Ramon Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea eta Iñaki Grazenea artistentzat; denak «itzal handiko margolariak», nabarmendu zuenez. Urzaik 1980ko hamarkadaren hasieran egin zituen ikasketak Arte Ederren Fakultatean, eta, hurrengo urteetan, «Euskal Eskultura Berria delakoaren gogoetekin eta lanarekin batera, pinturaren inguruko eztabaida postmodernoan parte hartu zuen, ikusleari diziplinaren beraren izaerari buruz galdetzen dion figurazio molde batean oinarrituta», Irazuren hitzetan.

Postmodernitateak bere lanean izandako eragina azpimarratu zuen Urzaik ere: «Beti izan naiz nahiko postmodernoa, jakin gabe. Kodeak erabili nahi nituen, ez estiloak. Estilo errealista ez zetorren bat nirekin». New Yorken, Parisen, Madrilen, Bartzelonan, Oslon eta Helsinkin egin ditu banakako erakusketak, besteak beste, baina bere karrerako lehenbiziko lana gogoratu zuen atzo artistak, lehenik eta behin: hain justu, Arte Ederren Museoan erakutsitako obra bat, pilota bat agertzen zuena. «Ezin zen jakin euskal pilotakoa zen, edo poliziak jaurtitako gomazko pilota bat. Inguruan zituen tantak ere izerdia izan zitezkeen, edo malkoak».

Damaris Pan, berriz, «euskal pinturaren azken urteotako pizkundearen ordezkari nagusietako bat da», Irazuren arabera. «Hitzez hitzezkotasunaren bilaketa eta edozein sinbolismoren gehiegikeriatik ihes egitea dira haren artelanen sinpletasunaren eta irmotasunaren giltzarriak, irudikatzen dena ez baitzaie lotzen kanpoko esanahiei. Artea eta bereziki pintura ulertzeko modu poetiko bat erakusten du», zehaztu zuen epaimahaiburuak.

Panek adierazi zuen gehienetan «aitortzarik gabe» egiten dutela lan artistek, eta, hortaz, Gure Artea irabaztea «bultzada bat» dela. «Saria interpretatzen dut teknikaren bilaketan jarraitzeko hauspo moduan, koartada kontzeptualen gainetik galdetzen jarraitzeko zer den artista bat, pertsona bat... Gatazka edukitzen segitzeko izatearekin, formarekin, garaikidea izateko beharrarekin eta desirarekin». Irakaskuntza eta sorkuntza artistikoa uztartzen ditu Panek, irakaslea baita EHUko Arte Ederren Fakultatean. Alde hori ere nabarmendu zuen Irazuk: «Unibertsitatean rol garrantzitsua betetzen du pinturaren diziplinako sortzaileen belaunaldi berriekin». Azken urteetako haren hainbat banakako erakusketa ere aipatu zituen: esaterako, 2017ko Ze morena zauden, Bilboko Rekalde aretoak hartutakoa.

Erakustearen garrantzia

Arte sorkuntzan ez ezik, hedapenean egindako esfortzua ere aitortzen dute Gure Artea sariek. Aurten, Peio Agirreri egin diote aipamen hori. Idazlea, arte kritikaria, editorea eta komisarioa da Agirre, eta haren testuak artista entzutetsu andana baten katalogo eta monografietan argitaratu izan dira; adibidez, Philippe Parreno, Txomin Badiola eta Dora Garciaren lanetan.

Euskal artea «bultzatzeko» egiten duen lana xehatu zuen irabazleak: «Euskal artea nazioartekotzen saiatzen naiz. Bi modutara egiten dut: kanpoko artistak eta komisarioak hona ekartzen ditut, edo, kanpoan, euskal artisten inguruan idazten eta haien lana erakusten saiatzen naiz». Nabarmendu zuenez, «ez da ohikoa izaten komisarioei sariak ematea».

Irazuren hitzetan, Agirrek «ekarpen ederra egin du eragileen arteko bitartekari eta testuinguru sortzaile lanetan». Izan ere, «euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen» lagundu du Agirrek, epaimahaiburuak adierazi zuenez. «Aukera eman die bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta harreman berriak izateko».

Ekitaldiaren hasieran, Zupiriak gogorarazi zien artistei sariak euren obra hedatzen ere lagunduko ziela, eta horri iritzi zion ondoriorik behinena. «Izan dezatela herritarrek zuen sorkuntza artistikoaren eta zuen ekarpen sortzailearen berri, baita haiengana hurbiltzeko jakin-mina ere. Zuen obrak gizartean duen presentzia sustatzea da zuen lanak jaso dezakeen aitortzarik handiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.