Aste honetan Azpeitiko Soreasu elizan dagoen Bakardadearen kaperaren inguruan udalak eta Aranzadik 2019an argitaratu zuten liburuxka bat irakurri dut. Nicolas Saez de Elola kapitainaren hil-kapera da hori, Gipuzkoako Errenazimentuko eredu bikaina. Tamalez, gure herriaren historia kolonizatzailearen eredu bikaina ere bada: Saez de Elolak Peruko konkistan parte hartu zuen, Cajamarcako sarraskian, non 4.000 inka inguru hil zituen espainiar armadak. Atahualpa buruzagia preso hartu zuten; hark urrean ordaindu zuen bere askatasuna, baina Pizarrok, behin dirua esku artean zuela, Atahualpa erail zuen askatu beharrean. Soldaduen artean banatu zen dirua, eta hor dago Azpeitiko kaperaren aberastasunaren iturria.
Ez uste Elola gertakizunaz damutzen zenik, edo mendeetan bere oroimena mantendu behar zuen eraikuntzan urrearen jatorria ezkutatu zuenik: soldaduz jantzita, etzanda agertzen da Elola hilobiaren oinarrian dagoen eskulturan. Bere inguruan margotuta dauden irudiek Cajamarcako sarraskia erakusten dute, hain zuzen, espainiarrek estandarte baten bitartez ezkutatuta zeuden soldaduei erasora pasatzeko egin zieten seinalea, eta horren ondorioz bortizki aurrera doan zaldi bat, oldarraldirako prest dagoen soldadua gainean duela. Zaldi gaineko Elola gerlari horrek argi gogoratzen du Santiagoren oldarraldia musulmanen kontra; hots, inperio kristauaren izaera gupidagabea infidelei aurre egiterakoan. Fedearen aldeko ekintza ausartek bazuten, jakina, ordaina: lur eremu ikaragarriak, langile esklaboak eta urre tonak, besteak beste.
Azken urteetan, gure historia zein artearen irakurketa postkolonial bat asko botatzen ari naiz faltan. Badira ekarpenak, baina sakabanatuak, eta narrazio zein diskurtso zabalduenetik urrun geratzen dira. Azpeitiko argitalpenak ere ildo ofiziala jarraitzen du: txundigarria da Miren de Miguel ikerlariaren diskurtso kritiko eza. Izan ere, herriko aberastasunaren iturriaren gogoeta kritiko bakarra alkateak egiten du, diplomazia hutsa izan ohi den hitzaurrean. De Miguel espainiar kronikak ekartzen ditu, interpretatu gabe: Cajamarcako bataila identifikatzen du, berari esker dakigu Elolak hortik lortu zuela bere urrea, baina irakurketa neutraltasunez jantzi nahian, konkistatzaileen hitzak besterik ez ditu errepikatzen. Eta XVI. mendearen antzeko hizkuntza bihurriarekin egiten du hori, iturritik ahalik eta hurbilen egoteko bezala. Horrek bi ondorio dauzka: batetik, testua ulertzeko oso zaila izatea, eta bestetik, Pizarroren kronika egia bakartzat aurkeztea, galtzaileen bertsioa berriz ere ezkutatuz eta irabazleena neutroz jantziz. Azken finean, Elolak berak hilobian bere soldadu irudikapen aberats, arrakastatsu eta gupidagabearekin egin zuena indartuz.