Handiago amesten zuten jaialdia iaz, eta handiago bilakatu dute aurten. Lehen urtetik bigarren urtera jauzi nabarmena egin du Loraldiak, eta pozik dago horrekin Imanol Agirre antolakuntza taldeko kidea (Bilbo, 1960). Gaur bertan martxan izango dute 2016ko jaialdia, baina 2017koa du berak jadanik buruan, eta hasia da lehen kontaktuak egiten. «Hala jokatu ezean, ezin da jaialdi handi bat sortu». Eta,hain zuzen ere, horixe dute Agirrek eta antolatzaile taldekobeste kideek buruan, jaialdi handi bat. Bilbon. Udaberrian. Euskaraz.
Egitaraua ikusita, argi dago iaz baino anbizio handiagoz prestatu duzuela jaialdia.
Iaz ere esan genuen anbizioa bagenuela, eta nahi genuela itsasargi edo erreferente bat jarri udaberrian euskal kulturarentzat. Iaz, zertzelada batzuk eta zirriborro bat erakutsi genuen; orain, gure ametsetako jaialditik hurbil gaude: hilabete oso bat hartuta, sorkuntza adierazpen guztiak, formatu guztiak, publiko guztiak... Jaialdi erraldoi eta ikusgarri bat. Iazkoa lehen urratsa izan zen, eta bigarrenean jauzi handi batekin gatoz. Eta hori dena Bilbao 700 fundazioari esker izan da, haiek eman digutelako aukera aurrerapauso handi hau emateko. Finantzabidea lortu dugu, eta hurbildu gara gure ametsetara.
Eta zein da aurtengo aurrekontua?
Esan dezakegu hirukoiztu dela iazkoa [120.000 euro zen iazko aurrekontua].
Erronka iazko bera izango da, halere: euskal kultura Bilbon ikusgarri egitea.
Erronkak berberak dira, bai. Nahi dugu euskal kultura ikusgarri jartzea, nahi dugu erdal mundua euskal kulturara ekartzea, nahi dugu sortzaileentzako espazio erreferentzial bat sortzea, nahi ditugu estreinaldiak eta produkzio propioak sortu... Helburuak berberak dira, baina dimentsioa aldatu da. Guk amets egiten genuen dimentsio erreferentzial batekin. Horregatik egin dugu jauzia asteburu batetik hiru asteburura.
Edinburgoko udako jaialdia aipatu izan duzue zuen erreferentzia nagusitzat.
Denok dakigu udan Edinburgon sekulako kultur adierazpena dagoela kalean, eta guk udaberrian antzeko zerbait egin nahi genuke. Erreferentzia mundiala, ez bakarrik euskaldunentzat. Euskal Herri osoari begira bai, eta baita Europari begira ere.
Hori da ametsa.
Horixe.
2016koa hasi gabe, eta 2017koa ere prestatzen hasi zarete jada.
Eta 2018koa ere bai. Baditugu pare bat proiektu urtebete eta bi urte behar dituztenak, eta, hain zuzen ere, ni orain 2017ko programazioa zirriborratzen ari naiz, eta jendearekin berba egiten. Hala funtzionatu behar dugu; bestela ez dago aukerarik jaialdi handi bat egiteko. Hainbat ideiak ibilbide luzea behar dute.
Erreferente bilakatzea da helburua, baina, zehatzago, zer joko zenukete arrakastatzat aurten?
Erreferentzialtasuna komunikabideetan eta jaialdiaren espirituan jokatzen da, baina guretzat arrakasta handia litzateke emanaldi gehienetan sold out kartela zintzilikatu ahal izatea, horrek esan nahiko lukeelako emanaldirako sarrera guztiak saldu ditugula. Badakigu hori ez dela gauzatuko, baina sortzen baldin badugu ikusle kopuru handi bat Bilboko eta Bilbora etortzen den ikusleen artean, eta arlo artistikoan asmatuz gero etortzen diren horiek hunki daitezen lortzen badugu, pozik geratuko gara. Zail samarra da saltzea gure jaialdia, oso askotarikoa delako, azken finean, kultur adierazpen asko direlako, emanaldi asko direlako, egunero dagoelako, baina ikusten badugu jendeak erantzuten duela, eta, nahiz eta hori kuantifikatzea zaila den, sortzen baldin badugu Loraldiaren inguruan ikusle kopuru eder bat, masa kritiko bat, eta, gainera, gero bueltatzen badira etxera hunkiturik, jakingo dugu hori dela bidea, eta gero eta jende gehiago hurbilduko dela.
Imanol Agirre. Loraldia jaialdiaren antolatzailea
«Gure ametsetako jaialdia egitea nahiko gertu dugu»
Iazkoa lehen proba izan zela dio Imanol Agirrek, eta Loraldiaren bigarren aldiak gertuago duela buruan darabilten jaialdi mota. Euskal kulturarentzat itsasargi bat sortzea da haien asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu