Josu Martinez. Zinemagilea

«Gure abentura kolektiboa ederki amaitzeko modua da Zinemaldia»

'Bizkarsoro', XX. mendeko euskaldun jendearen aldaketa soziolinguistikoei heltzen dien filma eta 'Mirande: film bat egiteko zirriborroa' dakartza Donostiako Zinemaldira.

GUILLAUME FAUVEAU.
garbine ubeda goikoetxea
Leioa
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bizkarsoro Macondo edo Obaba moduko bat da, Josu Martinez zinemagileari (Bilbo,1986) askeago ibiltzeko aitzakia eman dion toponimo asmatua. Edozein euskal herri eta era berean Euskal Herria bera irudikatzen ditu. Irailaren 27an proiektatuko da. Jon Miranderen gainekoa, berriz, 29an.

Bizkarsorori helduta, zerk inspiratu zintuen?

Beharbada espantukeria da, baina bilbotarra naizenez... Bertolucciren Novecento nerabilkien gogoan, alegia, langile mugimenduaren XX. mendeko kronika. Euskara jendearekin antzekorik egitea ederra izan zitekeela iruditu zitzaidan; eta berorren bidez ikusi herri txiki bat nola aldatu den politikoki, ekonomikoki, sozialki, eta, batez ere, linguistikoki, XX. mendean barrena.

Nondik datorkizu Ipar Euskal Herriarekiko sentsibilitatea?

Ez dakit. Ez dut lilura berezirik. Hor bizi naiz, horkoa izan gabe, baina gauza asko deskubritu ditut bertan, bereziki doktore tesia egiten aritu nintzenean. Esate baterako, XX. mende hasieran itzultzaileak behar izaten zirela Donapaleuko [Nafarroa Beherea] epaitegian, jendeak frantsesez ez zekielako.

Hizkuntza baten gainbehera betidanik interesatu zait, eta XX. mendearen hastapenean euskarak boleto guztiak zituen hurrengo mendea baino lehen hiltzeko, bai Iparraldean, bai eta Hegoaldean ere. Hizkuntzaren udazkena litzatekeena kontatzea interesgarria iruditzen zitzaidan, baina beste elementu batzuk ere nahastu zirelako; esate baterako, klase borroka. Hizkuntza borroka, finean, klase borroka bat baita.

XX. mendeko errepaso hori 80ko hamarkadan amaitu duzu.

Momentu kritikoa 60ko hamarkada da, mundu zaharra desagertzen ari da, eta euskara salbatzekotan, modernitatearen soinekoz jantzita izan beharko du. Handik aurrera, 70eko eta 80ko hamarkadetan, berpiztea izan zuen euskarak, eta benetan heroikoa da belaunaldi haiek lortutakoa. Nire ustez, horra artekoa da XX. mendea, horregatik bukatu dut filma hor.

Zer taxu hartzen diozu XXI.ari?

Ez dakit mendearen amaieran euskara zertan izango den. Esango nuke 80ko goranzko faseak jo duela gaina, agortuta dagoela. Euskarak erronka itzelak ditu, eta borroka ez da batere irabazia. Horregatik da inportantea historia kontatzea, jendea euskarari kulturatik lotu dadin. Erabilgarritasuna garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina jendea bihotzetik harrapatzen da. Eskoletan edo unibertsitatean kontatzen den historia ez da nahikoa. Gurea zapalkuntza baten historia da, eta, hain zuzen, horregatik kontatu behar da. Beste gauzetan jendea zapalduaren alde jartzen den bezala, euskararen kasuan ere aitzinera egin behar da, zapalketa hori ez baita existitu ere egiten jende askorentzat.

Filma ikusi dutenek nola hartu dute?

Jendea harrituta gelditzen da, apur bat jota, gauza asko ez baitakizkite. Jakina, film honek ez du euskara salbatuko, baina zerbait mugiarazten du.

Fikzioa da, baina ez erabat.

Dokumentala ere bada neurri batean. Ideia batzuk idazleen testuetatik hartuak dira. Xamarren Etxera bidean, Atxagaren Soinujolearen semea eta Sarrionandiaren poema eta testu argitaragabe batzuk izan ditut iturri, besteak beste. Horiek helduleku poetikoak lirateke, nolabait esanda. Baina lekukotza mordoa ere badago, idatziak nahiz ahozkoak. Horrek egin du sinesgarri unibertso asmatu hori, nire ustez.

Herritarrak aktore bihurtzeak ere izango zuen zerikusirik.

Hasierako parioa izan zen hori. Nork bere burua interpretatzeak edo gurasoek nahiz aitatxi-amatxiek bizi izandakoaren rolean aritzeak egiazkotasun handia eman dio. Film honek izan duen gauzarik gustagarrienetako bat aktore amateurrekin aritzea izan da niretzat; haiek komentzitzea, limurtzea, aktore lanak beren bizipenekin lotzen zituztela ikustea. Ikastolako haurrekin aritzeak etxe guztietan hizketagai horri heltzea eragin du, adibidez.

Haurren ikuspegiari garrantzi handia eman diozu.

Belaunaldi eta ikuspegi guztiak sartzen saiatu naiz. Horregatik badira barne hariak eta keinuak, beti bada Mizel, Michel, Michelle edo Mikel bat. Umeen begiradari azken atalean heldu diot bereziki. 80ko hamarkadan, helduen mundu konfliktibo hartan zer egiten zuten, gertatzen ari zena nola liseritzen zuten axola zitzaidan. Ximun Fuchek kontatua da, ikastolako haurrek ez zutela eskubiderik departamentuko autobusa hartzeko, eta gogoan zuela behin, eskolarako autobusa gelditu eta hari nola esan zion gidariak ezetz, ezin zuela igo... Beltzak Afrikan bezala, alegia.

Nola kudeatzen dira berrehun lagun amateur?

Oso film popularra izan da. Dena auzolanean eramaten saiatu gara, urtero atal bat eginez, 10-15 egunean. Jendea denetan inplikatu da, teknikariak etxean hartzen, otorduak prestatzen... Eta euskaraz egin nahi izan dugu dena, kamera aurrekoak nahiz atzekoak. Bost aldiz deitu ditugu teknikariak eta pozik etorri dira, urtero-urtero, lan egiteko beste modu bat zelako. Iparraldean nolabaiteko mugarria izan liteke.

Aurten pozik noa Zinemaldira, abentura kolektibo hau bukatzeko eta denei eskerrak emateko modu ederra da. Baigorritik [Nafarroa Beherea] 55 lagun helduko dira autobusean, gaitero eta guzti.

Mintza gaitezen orain Mirandez.

Askok bezala, institutu garaian irakurri nituen haren lanak. Haren ipuin beltzek arreta eman zidaten, Edgar Allan Poeren ipuinen antza hartzen nien, eta horiek zinemara eramateko desira ordukoa dela uste dut. Halako batean, ez dakit nola, ideia horri bueltak ematen eta informazioa biltzen hasi nintzen.

Zenbat gauza esan ote den Miranderi buruz.

Gehienak akusazioak eta irainak. «Hain epaitua izan den gizon horrek izango du ba bere burua defendatzeko eskubidea», esaten nuen nik, neure kolkorako.

Baziren haren gutun batzuk argitaratuta, baina, ikertuz, askoz gehiago ere bildu nituen. Krutwigi idatzitakoak Adur Larrearen bidez eskuratu nituen, Krutwigen testamendu betearazlea baitzen haren aita Txema Larrea. Gabriel Arestiri eta Aingeru Irigarairi ere idatzi zien.

Mirande bere hitzetan bizi dela diozu filmean.

Bai. Eta berari buruz esaten dena baino gehiago, bere hitzak direla Mirande. Hori gorpuztea zen kontua. Oso gustura irakurri nituen Miel A. Elustondok hildakoei egindako elkarrizketak, BERRIAn. Dokumental faltsu bat egitea ere bururatu zitzaidan, baina ez nuen argi. Artefaktu bat bilatu behar nuen Mirande entzuteko, Mirande bere hitzak izanik, baina ez nuen modu aspergarrian egin nahi. Azkenean casting batean bagina bezala, aktore bat jarri eta hura elkarrizketatuz egitea pentsatu nuen.

Peio Bereterretxe aktorea sartu da Miranderen larruan.

Aktore bikaina, goi mailakoa, Comedie Françaisen zaildua. Duela urte gutxi itzuli zen Euskal Herrira, eta ikusi nuen orduko otu zitzaidan Miranderen larruan jartzea. Ez du haren antzik, baina berdin da, kasik hobeto. Asmoa ez da ikuslea engainatzea, tratu bat proposatzea baizik: demagun Mirande dela, entzun dezagun zer duen esateko.

Zu ere hor zara, bizkar emanda.

Ez naiz filmetan atera zale, baina iruditzen zitzaidan, gaia arantzatsua delako edo, lehen pertsona asumitu beharra neukala, eta zintzoki aitortu Miranderi buruzko pelikula egin nahi dudala baina ez dakidala nola egin.

Miranderen aurka mintzatu diren guztiak ez dira ageri.

Horietarik batzuk deitu ditut, ikuspegi bat baino gehiago landu nahi izan baitut, baina ezezkoak ere jaso ditut. Nolanahi dela ere, film bat egitea ez da kontu matematikoa. Ikuspegiak islatzen saiatu naiz, eta uste dut hori badagoela. Baina ez nuen epaiketa bat nahi, ez naiz epaile, ezta polizia ere. Hori besterik ez genuen behar, berriro ere epaitzea.

Jende asko sumindu zuen.

Bai, baina oso modu arraroan. Literaturan, euskarazkoan nahiz unibertsalean, sumintzekoaren bila hasiko bagina, ez litzateke inortxo ere libratuko. Miranderen aurka esan direnak txutxumutxuak ziren asko, eta heldulekurik gabeak. Baina Mirande ez da Louis-Ferdinand Celine, inondik ere. Hura kondenatu egin zuten, naziekin kolaboratzeagatik. Ekintzak eta pentsamendua ez dira gauza bera.

Pedofiloa zela ere esaten zuten, baina guk zer dakigu? Harreman pedofiloaz idazteak ez gaitu pedofilo bihurtzen, hilketa bati buruz idazteak hiltzaile bihurtzen ez gaituen bezala. Egia da Haur Besoetakoa irakurtzean okaztagarria egiten zaigula umearekin harremana, neska lagunari jipoia... Baina oso liburu ona da, eta harrigarria da, Netflixen nahiz zineman, egunero ikusten baitugu bortizkeria, eta ez gara horrela asaldatzen.

Bestalde, Itxaro Bordak dioen moduan, gaur argitaratuko ote genuke? Irakurtzeko prest izango ote ginateke?

Hainbeste ikertu eta gero, nola ageri zaizu orain Mirande?

Jon Mirande asko daudela esango nuke. Nazi bretoiekin, idazle euskaldunekin edo gurasoekin, aurrean zeukanaren arabera aldatzen zen. Niretzat, lekuz eta garaiz kanpoko pertsona izan zen, eta guztiz zorigaiztokoa. Klase sozialak oso markatuak ziren garaian, auzo proletario batean bizita, ez zuen norekin hitz egin, beste maila intelektual batean baitzegoen. Gorroto zuen bere lanbidea, gorroto zuen burgesia, bere inguruko jendea, gorroto zuen bere bizitza. Euskal Herria deskubritu zuen, eta leiho bat ireki zitzaion, baina hor ere garaiz kanpo guztiz. Alde ederra izango zukeen hamar urte geroago etorri izan balitz, Saizarbitoria-eta bestelakoak idazten hasi baitziren.

Goi mailako literatura euskaraz egin zitekeela demostratu zuen pertsona, horixe izan zen Mirande niretzat, eta, batez ere, martziano bat, Aresti, Krutwig, Iratzeder eta garai hartan euskaraz idatzi zuten guztiak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.