EUSKADIKO ORKESTRA
Zuzendaria eta biolina: Pinchas Zukerman. Biolontxeloa: Amanda Forsyth. Egitaraua: W. A. Mozarten Txirula Magikoa obertura eta Biolina eta orkestrarako5. kontzertua, M. Bruchen Kol Nidrei eta L. V. Beethovenen 2. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abenduren 2a.
Laugarren aldia da Pinchas Zukerman musikari aparta taula gainean ikusi ahal izan dugula Euskadiko Orkestrarekin batera; oraingoan, gainera, biolin jotzaile eta zuzendari lanak bateratu ditu optimismoa eta bizitasuna zerion programa klasikoan, barnetasunerako espazioa ere ireki zuena. Gozatzeko kontzertua, zalantzarik gabe, eta batutak zein orkestrako kideek gozagarri egin zuten.
Esaten dute Mozartek bere zalgurdian konposatu zituela, bere klabikordioa lagun, sinbolo eta elementu miresgarri ugariz betetako Txirula Magikoa singspiel zoragarriaren zati asko. Ezin irudikatu dezaket nola sortu zezakeen inolako diskurtso musikalik gurpilen triki-traka etengabearen gainetik. Berdin bere Biolinerako 5. kontzertua,Colloredo printze artzapezpiku zikoitzaren jarrerak eragindako kalte psikologikoen triki-trakaren gainetik idatzi baitzuen, aurreko lauak bezalaxe. Eta, hala ere, zeinen argia eta arina den lerroa, eta zeinen aske aritu ziren Zukerman eta musikariak horri segika. Orkestrak, tarteka, ez zion behar bezala erantzuten biolinak markatzen zituen dinamiken samurtasunari, soinu-mailak zertxobait astinduz. Baina bizitasunak merezi zuen intentsitatea.
Guztiz bestelakoa da Kol Nidrei lirikoa, Mozarten bi obren artean eskaini zena: sakona, zabala, baratza. Amanda Forsythek hasieratik erakutsi zuen soinu beteak eta fraseatze bikainak piezaren izaera gardenki azaldu zuen. Kontzertua Beethovenen 2. sinfoniak itxi zuen, Heiligenstadteko testamentua idatzi ondoren onartutako gorreriak eragin zitzakeen esames eta zailtasunen triki-trakaren gainetik konposatua. Zukermanek keinu handi eta doiaz gidatu zituen hari trinkoak eta haize goxoak, Scherzo-a umore onez betez eta azken mugimendura zabalduz.
Euskadiko Orkestrak, bere ohiko errepertorio erromantiko eta postrromantikotik aldenduta, berriro ere erakutsi zituen klasizismoaren xehetasunei ekiteko dituen gaitasunak, triki-traka mingarri ororen gainetik eta eskuzabaltasun osoz letra larriz idatzi behar den MUSIKA birsortuz. Eskerrik asko.