Oihane Mendizabal. Zalduako aztarnategiko zuzendaria

«Gune hau aztarnategi osoaren garapenaren lekuko txiki bat da»

Zalduako aztarnategiko aurtengo indusketa kanpaina bukatu berri da. Termen eraikinean urtero egiten dituzten aurkikuntza txikiek balio dezakete erromatarrek Pirinioetan zer eragin izan zuten jakiteko.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Auritz
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bosgarren urtez jarraian, Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo eta boluntario talde bat Auritzen (Nafarroa) ondoan kokatutako Zalduako aztarnategi erromatarra induskatzen aritu da bi astez. Oihane Mendizabal Sandonis zuzendariak (Donostia, 1992) hango aztarnen garrantzia nabarmendu du: «Bertako historiaren ikuskera iraultzen ari dira».

Zer moduz joan dira lanak?

Oso ongi. Zailtasunak zailtasun, guztia aurreikusten genuen bezala atera da. Oraingoz, termen eraikinean zentratuta gaude; oso handia da: baliteke 800 metro koadro ere izatea. Gure helburua da urtero gela bat arakatzea. Aurten induskatu ditugun geletan, espero genuen berogailu sistema topatzea, eta hala izan da. Zutabetxo batzuk aurkitu ditugu, hipokausto sistema osatzen dutenak.

Zertan datza sistema hori?

Bere garaian labe bat egongo zen, zoruaren azpian egongo zen hutsune batekin komunikatua. Labetik ateratako aire beroa mugituko zen hutsune horretatik, eta beroa zoruan barrena gorantz iragaziko zen, gela berotzeko. Horrela lortzen zen gela horiek berokuntza sistema izatea.

Beste objektu batzuk ere topatu dituzue; zeintzuk dira nabarmenenak?

Ikusgarrienak harri handi batzuk dira, oso landuak. Pentsatzen dugu ate monumental baten ate buruak izan daitezkeela, edo azpian egongo ziren harriak. Ertzean zulo zirkular bat dute, eta zuloak atearen ardatza sartzeko balioko zuen. Harriaren tamainak eta hain ondo landuak egoteak erakusten dute hau ez zela edozein eraikin, kategoriako eraikin bat izan behar zuela. Horrek adierazten du eraikin honek zer-nolako garrantzia izango zuen herrigunearen barruan. Besteak beste, marmol xaflak, kriseilu zatiak, eraztunen bat eta txanponak ere aurkitu ditugu. Eguneroko materialak.

2017tik ari zarete indusketak egiten, baina aztarnategia lehenago aurkitu zenuten. Zein izan zen aurkikuntzarako mugarria?

Ikerketa 2012an hasi zen, baina aurretik, Aranzadik galtzadaren ikerketa abiatu zuen, 2008 inguruan, Juan Mari Martinez Txoperena Aurizperriko bizilagunak lantalde bat osatu zuelako hemengo bide zaharrak berreskuratzeko. Horren aurretik uste zen bide erromatar bat pasatu zitekeela Artzibar ibarrean zehar, baina inork ez zuen topatu aztarnarik hori baieztatzeko. Orduan, hain zuzen, lantaldeak aurkitu zuen galtzadaren ibilbidea izango zena. Erromatarrek atseden guneak egin ohi zituzten, pasatzen zirenei zerbitzua emateko. Gune horien bila, miaketa zuloak egin zituzten galtzadan, hogei kilometrotan zehar, eta horietako bat hemen egin zuten, justu belardi honetan. Ikusi zutenez eraikin garrantzitsu bat zegoela, Ekhiñe Garcia geofisikariak miaketa geofisikoak egin zituen, eta herrigune bat topatu zuen. Mapa eskuetan, beste azterketa batzuk egin zituzten, ikusteko dena erromatar garaikoa ote zen, eta baietz erakutsi zuten.

Zer tamaina eta itxura izango zituen herriguneak?

4,5 hektareako hedadura zuen, gutxienez. Formaz eta itxuraz gaur egungo Auritzen eta Aurizperriren antzekoak izango zirela ikusi dugu: bide bat egongo zen, galtzada, eta inguruko eraikinak bide horretara moldatuko ziren.

Zer aurkitu duzue bost urteotan, udako indusketetan?

Eraikin oso handi bat aurkitu dugu, herrigunearen erdigunean kokatua dagoena, eta ia 350 urtean aktibitatea izan zuena. Eraikina aztarnategi osoaren bilakaeraren lekuko txiki bat da, eta gure helburua da urtero gela edo gune bat arakatzea. Geletako paretak bilatzen saiatzen gara, eta ondoren ikusten zertarako ziren, zer birmoldaketa izan zituzten... Eraikina terma gisa baliatzen zen, eta, une batean, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, abandonatu edo birmoldatu egin zuten, eta beste gauza batzuetarako erabili: izan daiteke bizileku gisa, meategietatik ateratako minerala labeetan urtzeko...

Nafarroako historiari erreparatuta, zer-nolako garrantzia du aztarnategiaren aurkikuntzak?

Duela hamarkada batzuk pentsatzen zen Pirinioak apenas erromatartu zirela. Aldiz, 1980ko hamarkadan nekropoliak —herrigune honen inguruko hilerriak izango zirenak— eta Zalduako aztarnategia aurkitu zituztenean, ikuskera hori aldatu egin zen. Eta urtero egiten ditugun aurkikuntzak xumeak izan arren, ikuskera hori iraultzen ari dira. Inguruko paisaia ere aldatu zuten, garaiko beharren arabera, eta hori ere ikusten ari gara hemen. Beraz, baliteke Nafarroako beste aztarnategi batzuk ikusgarriagoak izatea, baina horrek ez die kentzen garrantzirik hemengo aztarnei.

Lortu al duzue izenaren inguruko hipotesia baieztatzea, Iturissa hiria zela hemen zegoena?

Iturri idatziek aipatzen dute Pompaelo eta Summo Pirineo artean Iturissa deituriko gune bat zegoela. Bere garaian, nekropoliak induskatu zirenean, tarte honetan ez zegoenez beste aztarnategirik, izen bakarra eta kokagune bakarra izanda, zuzenean lotu zituzten horiek. Baina, gerora, Artzin beste gune bat aurkitu dute, eta Agoitz aldean beste bat. Gero eta leku gehiago daude, eta izen bakarra; beraz, lotura ez da hain agerikoa. Guk egungo toponimoak erabiltzen dugu, eta noizbait agertuko balitz lotura hori erakusten duen inskripzioren bat, birplanteatuko genuke, teoria baieztatu edo ezeztatzeko. Baina, oraingoz, ez da misterioa argitu.

Oraindik badira erantzunik gabeko galderak. Zeintzuk?

Galderarik esanguratsuena herrigunearen abandonuari dagokio. Aurkitzen ditugun aztarnakV. mendearen hasierara artekoak dira. Handik aurrera, Erdi Aroan, Aro Berrian eta Aro Garaikidean, muga gertu izanda, mugimendu handia izan zen hemen, baina garai horietan ez zioten erreparatu gune honi; ez dakigu zergatik. Bitxia da, zoruaren gaur egungo mailatik 10 zentimetrotara jada aztarna erromatarrak topatzen ditugulako. Ez dakigu zergatik baztertu zuten hau eta, mende batzuen buruan, kilometro eskasetara, Auritz edota Aurizperri herriak sortu.

Zeintzuk izango dira hurrengo urteetako helburuak?

Lehenik, termen eraikina mugatu eta haren azalera osoan ezagutu nahi dugu. Bestetik, induskatua dugu azkeneko garaia, baina ziur gaude induskatzen jarraituko bagenu aztarna zaharragoak ere topatuko genituzkeela, ikusi dugulako bi metro eta erdiko sakonerarainoko aztarnak daudela. Eta, horrez gain, hemen herrigune oso bat dago ikertzeko, eta seguru gaude gune interesgarri gehiago egongo direla. Baina baliabide ekonomikoak beti dira muga guretzat, eta horiek markatuko digute erritmoa.

Bertakoek ezagutzen dute hemen aurkitutakoaren esanahia?

Gu saiatzen gara bertakoei hemen dauden aztarnen garrantzia azaltzen, balora ditzaten, haiek zaindu eta mantendu beharko dutelako hau. Hain zuzen, proiektuaren ardatz nagusiak hauek dira: ikerketa; formakuntza, bai boluntario gazteena, bai arkeologian interesa izan dezakeen inguruko jendearena, eta sozializazioa eta dibulgazioa. Bertako jendeak interesa eta prestutasuna izan ditu hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.