Aiert Goenaga (Ondarroa, 1981) Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako zuzendari berria da. Uztailetik abendu bitartean zuzendari laguntzaile lana egin zuen, azokaren 46. jardunaldiaren azken egunetan Jon Irazabalek zuzendaritzaren lekukoa pasatu zion arte.
Nola topatu duzu azoka? Gauza asko al dago aldatzeko?
Uztailean, hasi nintzenean, azokaren 46. jardunaldiari begira, ideiak gutxi gorabehera finkatuta zeuden, eta azken hilabete horietan, horiek guztiak gauzatzean aritu ginen.Behin azoka amaituta, balorazioa egin dugu, etazer bide berrihartu nahi ditugun ikusten ari gara. Gune berriak zabaltzeak markatzen digu ildo hori. Formatuak baliagarriak direla ikusi dugu; jendeari, oro har, asko gustatu zaizkio, eta baita sortzaileei berei ere. Orain, aurtengo ekimenetik hurrengo ekimenera formatua bera izango den ala ez, ondoren jakingo dugu, oraindik ez dugu ezer zehaztu.
Ikus-entzunezkoei indar handiagoa eman nahi diezue ezta?
Bai, hori garbi dugu, orain zabaldu berri ditugun guneak indartzeko pausoak eman behar ditugu, egonkortu daitezen, unean unekoak izan ez daitezen, baizik eta hurrengotik begira beraien gorputzetik izaera propioa izan dezaten.
Eta horretarako zer pauso eman behar dira?
Etengabeko hausnarketa behar da, ikusi zer egin dugun ondo etazer den hobetu beharrekoa. Formatu bakoitzak izan dituen elementuak baloratzen ari gara, bakoitzak egiten dituen ekarpenak. Hortik erabakiko dugu horiek mantendu behar diren edo beste berri batzuekin aldatu.
Gune berriak sortzeko ideia ere baduzue.
Bai, bai, hainbat ideia daude, baina oraindik ez dugu ezer erabaki; erabakia laster hartuko dugu.
Gune berrietarako ideia asko dituzuela esan duzu, zertxobait kontatuko?
Garbi dugu euskarazko kultur sorkuntzak hainbat espresiobide dituela, aurten sartu ditugu antzerkigintza eta ikus-entzunezkoa. Musika eta literatura ere hor daude, Ahotsenearen bitartez. Argi dago euskarazko sorkuntzak beste hainbat formatu ere badituela eta horiek sartzea interesgarria litekeela; baina ez dakigu zein izango den lehena eta zein azkena. Formatuak, baliabideak eta premiak aztertu behar ditugu, eta beste elkarteekin elkarlana bideratu.
Zer-nolako garrantzia du beste elkarteekiko elkarlan horrek?
Ikaragarria. Nahi dugu azoka bizi bat izatea eta, esan bezala, kultur sorkuntzako diziplinek presentzia izango duten plaza bat izatea, eta horretarako egokiena, hainbat bidelagun izatea da. Elkarte bati azokan parte hartzeko ateak zabaltzea, azoka bere egitea da aldi berean. Lana gusturago egiten delako beste mimo batekin tratatzen da, eta azokak hori merezi du: parte hartzeko eredu bat sortu, elkarteek beraien lanak eta beharrak plazaratzeko.
Euskarri berriek ere gero eta tarte handiagoa izango dute ezta?
Bai, hor gaur egun dagoen eskaintzarekin oreka bilatu beharko da. Argi dugu etorkizuneko azokaren formatua ez dela egungoaren berdina izango, ez dakigu zein puntutaraino aldatuko den hurrengo urteetan. Merkatuko joerek eta jendearen eskaerek markatuko dituzte eman beharreko pausoak.
Argitaletxeek eta diskoetxeek krisiaren inguruko kezkarik azaldu ahal dizue?
Argi dago krisi testuinguru batean gaudela, baina azken azokan aurtengo salmenta aurreikuspenak bete egin dira. Alde horretatik, pozik egon gaitezke, antolaketa aldetik ere, ez dugu krisia nabaritu. Baina azoka beti da salbuespen bat. Bestalde, krisiari dagokionez, ez zaio salmenta kopuruei begiratu behar bakarrik, baizik eta, akaso, sorkuntzari berari, eta krisia, berez, ez dago sorkuntzan.
Euskal sorkuntzan krisirik ez badago, zer dela-eta dauka azokan gaztelaniak tarte handiagoa?
Hori argitaletxeek darabilten estrategia da; eskariaren ondorio izango dela pentsatzen dut. Baina azokan parte hartzeko araudi bat dago, euskarazko lanak izan ezean gaztelaniazkoek euskal gaia izan behar dute. Guk gutxi gehiago egin dezakegu. Polita litzateke ehuneko ehun euskaraz izatea, baina ez baldin bada, aztertu behar da zergatik den hala.
Azokak euskararen normalizazioan laguntzen al du?
Dudarik gabe, hasieratik izan du helburu hori: euskarazko sorkuntzari behar duen plaza ematea, eta aurrerantzean ere horixe izan behar du azokaren helburu nagusia.
Azokajaia ere badela diozu...
Beti izan da, azoka herriak bere egin duen ekimena da, eta herriak bere egiten dituen ekimenek badute jai kutsu hori. Azoka ez da bakarrik merkatua, baizik eta inguruko mugimendua ere bada, eta biek elkar behar dute oreka hori izateko.
Horrek azoka herrira zabaltzen lagunduko du?
Ondo egongo litzateke Landako gunea zabaldu eta Durango bera bihurtzea azoka, baina, horretarako, hainbat pauso eman beharko lirateke, eta orain ez dira horretarako baldintzak betetzen.
Azken azokan bere lana autoekoitzi duen sortzailerik ere izan da.
Bai, beste bide bat da. Azken finean, egoera orokorra ilunagoa denean, sormenak leku handiagoa hartu behar du, eta bai, gaur egungo erreminta digitalak oso aurreraturik daude, eta ekoizpen txikiak ahalbidetzen dituzte. Nire ustez, asko landuko den bidea izango da; ez dakit gailenduko den, auskalo, baina bai, hurrengo urteetan joera ikusiko da.
Eta zelan antolatu beharko dute beren lana autoekoizten duten horiek azokan parte hartzeko?
Beti daude formulak, erakusmahaiak konpartitu, adibidez. Ez dakit, badaude zenbait formula.
Aiert Goenaga. Durangoko Azokako zuzendaria
«Gune berriak indartzeko pausoak eman behar ditugu»
Azokaren formatua garai berrietara egokitzeko aldatuko dela argi dute Gerediaga elkarteko lagunek. Aiert Goenaga azokako zuzendari berriak argitu duenez, zer aldatu behar den aztertzen ari dira. Ideia ugari dituzte, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu