Guillan, Izagirre eta Landak uko egin diote Euskadi sarietan parte hartzeari

'Mr. Señora', 'Franco hil zuten egunak' eta 'Stephane Mallarme' liburuak finalisten artean daude, eta zerrendatik kentzeko eskatu dute egileek

Koldo Izagirre, iaz, Franco hil zuten egunak plazaratu berritan. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskadi literatur sarietan parte hartzeari uko egin diote Oier Guillan, Koldo Izagirre eta Josu Landa idazleek. Iaz plazaratutako liburuen artetik, haien lan bana aukeratu dute sariketako epaimahaikideek, eta Euskarazko Literatura arloko finalisten artean sartu dituzte Guillanen Mr. Señora (Txalaparta) antzerki liburua, Izagirreren Franco hil zuten egunak (Susa) narrazio bilduma eta Landaren Stephane Mallarme (Susa-Munduko Poesia Kaierak) euskaratutako poesia antologia. Hiru idazleek BERRIAri baieztatu diotenez, beren lanak hautagaien zerrendatik kentzeko eskatu dute.

Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen sariotara ez ditu egileak bere lanak aurkezten; epaimahaia da, aurreko urtean argitaratutako liburuen artetik, lanok aukeratzen dituena. Finalista izatera iristean, egileei horren berri ematen diete. Uztailean jakin zuten Guillanek, Izagirrek eta Landak beren lanak hautagaien artean zirela, eta kanpoan uzteko eskatu zuten.

Argudio ezberdinak aipatu ditu bakoitzak bere ukoa arrazoitzeko. «Euskadi sari horien oraingo modalitatearekin ez dut ezer jakin nahi», esplikatu du Landak Gara egunkariaren atzoko zenbakian. Idazle talde batek 2007an plazaratu zuen Utikan Euskadi Sariak manifestua ere ekarri du gogora. Sariketan parte hartzeari uko egiteko hautua azaldu zuten testuan, eta Guillan, Izagirre eta Landa, hirurak zeuden sinatzaileen artean. «Orduko hartatik eratorria da nire deliberoa».

Sariketarekin oso kritiko agertu da Izagirre. «Euskadi sarietan gu Euskarazko Literatura gara, ez Euskal Literatura, erdaldunena Gaztelaniazko Literatura da, ez Erdal Literatura. Biak parekatuak gaude Salomonen erako elebitasunean». Haren iritzian, sariok, «funtsean, euskararen subordinazioaren zeremoniak dira».

Kultur ereduarekiko kezka

Hiru idazleak ez dira sarietan parte hartzeari uko egin dioten bakarrak. 2014an argitaratu zuen Mikel Peruarenak Su zelaiak (Susa) nobela, eta Euskarazko Literatura arloko saridun jo zuen lana epaimahaiak 2015ean, baina idazleak uko egin zion jasotzeari. Ez zuela sariketan parte hartu nahi aurrez adierazia zion, bere lana finalisten artean zela jakin zuenean.

Hark egindako gogoetak «asko ukitu» zuela azaldu du Guillanek, eta, halako sariek bultzatzen duten kultur ereduarekiko lehendik zuen kezkatik, bat etorri zela haren arrazoiekin. Antzerkiaren esparrura eraman ditu berak. «Bizi dugun egoera oso larria da lan baldintzei eta euskarazko antzerkigintza bultzatzeko politikei dagokienez. Dirua erabiltzean, planteatu behar da zein beste premia dauden kulturaren arloan. Merezi du horri buruz gogoeta egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.