Guggenheimen ospakizun artistikoa

Eraikin osoa hartzen duen erakusketa bakar erraldoi bat zabalduz ospatu du mende laurdeneko ibilbidea Bilboko Guggenheim museoak. Haren funtsen parte diren 110 lan inguru jarri ditu ikusgai horretarako

Bilboko Guggenheim museoaren bildumaren parte diren obrek osatzen dute 25. urteurreneko erakusketa. O. MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ospakizun instituzionalak izan ziren astelehenean, galako afari, argazki ofizial eta besterekin, eta ospakizun artistikoaren txanda heldu da orain. Zehatz-mehatz, mende laurdena bete du zabalik Bilboko Guggenheim museoak, 1997ko urriaren 18an ateak lehenengoz ireki zituenetik, eta, horregatik, museo osoa alderik alde eta goitik behera hartzen duen erakusketa erraldoi bakarra antolatu dute arduradunek Bilboko museoaren bildumaren parte diren 110 lan ingururekin: Sekzioak/ Intersekzioak. Guggenheim Bilbao museoaren bildumak 25 urte. «Triptiko» baten eran antolatu dituzte Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikinaren hiru solairuak. Mende laurdeneko ibilbidean, orain arte, sekula ez zuten eraikin osoarentzat pentsatutako erakusketarik antolatu, eta, bildumaren «heldutasuna» eta «sakontasuna» erakusten ditu horrek, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren hitzetan.

Besteak beste, Andy Warhol, Mark Rothko, Ernesto Neto, Txomin Badiola, Jeff Koons, Yoko Ono, Richard Long, Ives Klein, Francesco Clemente, Yayoi Ikusama, Xabi Salaberria, Lee Krasner, El Anatsui, Joseph Beuys, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Cristina Iglesias, Sol Le Witt, Cy Twonbly, Anton Tapies, Itziar Okariz eta beste hainbat artista esanguratsuren lanak ikusi ahalko dira, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik.

Museoan egindako lehen erakusketaren oihartzun moduko bat da zabaldu berri dutena, Bidartek iradoki duenez. Duela 25 urte, nagusiki, New Yorkeko eta Veneziako Guggenheimeko bildumetatik heldutako lanekin eta sortzen hasi berria zen Bilboko bildumako piezekin osatu zuten eraikina bete zuen lehen mostra hura, eta, zuzendariaren hitzetan, lehen keinu hura «erreplikatu» nahi izan dute orain. Baina, kasu honetan, museoko bildumako piezak soilik erabilita. Eta esanguratsua da datua.

«Irudi lezake erakusketa hau independentzia aldarrikapen moduko bat dela» azaldu du Bidartek, «edo museoak bere kasa iraun dezakeela iradokitzen duen adierazpen bat dela, baina ez da hori, kontrakoa baizik, halako erakusketa bat Guggenheim konstelazioaren parte izanik soilik baita posible». Ikusgai diren hainbat artelan jabetza partekatukoak direla aipatu du horren adibidetzat zuzendariak, eta, azaldu duenez, tartean, badira fundazioak mailegu luzean utzitako beste hainbat obra ere.

Lau komisario izan ditu erakusketak: Lekha Hilleman Waitoler, Maite Borjabad. Manuel Cirauqui eta Lucia Agirre. Lan «korala» izan dela zehaztu dute, guztien artean zehaztu behar izan dutelako jarraitu beharreko ikuspegia eta egin beharreko obren hautaketa, eta, gero, erakusketaren ataletako baten kargu egin da haietako bakoitza.

Hilleman Waitoller komisarioak azaldu du ikuspegi orokorra, lau komisarioen izenean: «Askotariko bilduma bat dugu, oso interesgarria. Obra esanguratsuak ditugu eta baita inguruko artisten lanak ere. Horregatik aukera izan dugu oso sortzaile izateko kontakizunarekin. Ez gara saiatu artearen historia ardatz duen kontakizun bat osatzen, nahiz eta horretatik ere badagoen zerbait. Bilatu duguna da gure errealitate garaikidea islatzen duten obra interesgarriak elkarrekin erakustea. Elkarrekin ikustera ohituta ez gauden obrak elkarrekin ikusiko ditugu, eta horrek solasaldi eta elkarrizketa bereziak sortuko ditu».

Txillida, Koonsen lekuan

Adibide bat. Azken urteetan Bilboko museoaren kanpoaldean egon diren Jeff Koonsen tulipak, nagusiki pop arteari eskainitako aretora sartu dituzte. Warhol, Robert Rauschenberg eta Jean-Michel Basquiatekin batera. Eta, berriz, Eduardo Txillidaren bi obra jarri dituzte kalean orain.

Bestetik, erakusketan badira espresuki Bilboko Guggenheim museorako sortutako pieza batzuk. Francesco Clementerena, kasu. Espresuki Guggenheim museoko aretorako sortu zituen margolan guztiak artistak, eta orain arte beste bitan bakarrik egon dira ikusgai. Hilleman Waitollerrek gehitu duenez, Clementerena bezala, aurrez, gutxitan erakutsitako beste lan asko ere badaude erakusketan.

Luzea da erakusketan diren euskal artista garaikideen izenen zerrenda ere, eta lehen solairuan dute presentziarik nabarmenena. Bertan dira, esaterako, Asier Mendizabalen obra, Xabier Salaberriaren instalazioa eta areto osoa betetzen duen Itziar Okarizen irrintzia oinarri duen bideoa ere. Baina euskal artisten artean, Cristina Iglesias eskultorea da presentzia handiena duen sortzaileetako bat, haren hiru obra baitaude erakusketan.

Museoko arduradunek zehaztu dutenez, une honetan, guztira, 81 artistaren 145 obra ditu Bilboko Guggenheim museoko bildumak. Eta neurriz handiegia ez den arren, haren kalitatea eta pertinentzia nabarmendu du museoko zuzendariak. Bidarteren hitzetan, «kuantitatiboa» baino gehiago, «kualitatiboa» baita haren garrantzia. Eta, hain zuzen ere, Guggenheim konstelazioaren parte izateak ahalbidetu die aukeraketarekin zorrotzago jokatu ahal izatea. «Ez dugu museoa martxan jartzen hasteko bilduma handi bat eduki behar izan, beste Guggenheim bildumetako obrak erakutsi genitzakeelako, hain zuzen».

Erosketak berreskuratzen

1995ean hasi ziren lehen erosketak egiten, eta orain artean, guztira, 110 eta 115 milioi euro bideratu dituzte bilduma osatzera Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hiru eta lau urte arteko erosketa planak osatzen dituzte horretarako museoko arduradunek, eta, urterik oparoenetan, urtean sei milioi euro arterainoko poltsa izan dute horretarako. Eten luzeak ere izan direla gogoratu du Bidartek, ordea, 2008tik 2012ra bitarte, euskal erakundeek ez baitzuten bilduma handitzeko diru partidarik bideratu. «Dinamika hori egiturazko bilakatzeko arriskua egon zen, eta hori kaltegarria zen».

Bidarteren hitzetan, «erosketa erritmoa» pandemia aurreko sasoikora itzultzeko bidean da egun, baina oraindik langa horren azpitik daudela zehaztu du.

Bilduma horrek artearen merkatuan duen prezioaren estimazioa ere eman du zuzendariak. 2019an Christie's etxeak egindako kalkuluen arabera, 800 milioi euro baino gehiagokoa baita egun obra horien merkatu prezioa.

Bidartek onartu ditu hutsune batzuk, halere. Nagusiki gizonezkoenak direlako bildumako piezarik gehienak, eta «oso gutxi» direlako Europatik eta Ipar Amerikatik kanpoko lurraldeetako artistek sortutakoak ere. Bilduma osatzen duten 140 piezetako 26 obra bakarrik dira emakumezkoek sortutakoak, eta 17 dira bilduman dauden emakumezko artistak. Euskal artistei dagokienez, hirutik batekoa da proportzioa, Bidartek zehaztu duenez —28 dira, guztira, bilduman dauden euskal artistak—.

Edonola ere, datu horiek zuzentzeko borondatea azaldu du museoko zuzendariak, eta kopuruen ikuspegi «estatikoa» bakarrik aztertu beharrean, ikuspegi «dinamikoa» ere kontuan hartu behar dela uste du. Azaldu duenez, justu azken urteetan erositakoa baita bildumaren parte diren emakumezko artisten lanen parterik handiena.

Bilboko Guggenheim museoaren ereduari buruz gogoeta egiteko ere baliatu du erakusketaren aurkezpena Bidartek. Haren ustez adibide «paradigmatikoa» baita Bilbokoa, kulturaklurralde oso baten eraldaketan egin dezakeen motor lana azaltzeko. «Proiektu disruptibo bat izan daiteke kulturaren esparruaz haragoko beste alorretan eragiteko katalizatzaile moduko bat».

Frankizia ez izatea

Bilbokoa ertz askotako fenomenoa izan dela aipatu du, ordea, eta, onartu du, maiz, Guggenheim efektua imitatzeko helburuaren atzetik abiatu diren beste hainbat proiektuk ez dutela hori beti kontuan hartu. Eta hor egin dute huts. «Proiektua bere konplexutasunean kontuan hartu denean, emaitzak positiboak izan dira, eta badira aipa daitezkeen adibideak. Baina batzuetan Guggenheim kasua ez dute ulertu, edo oso era partzialean soilik ulertu dute, eta erakunde bat sortu dute, baina haren bideragarritasuna kontuan hartu gabe, edo eraikin gutxi gorabehera ikusgarri bat sortu dute, baina haren erabilera kontuan hartu gabe. Ez ditut aipatuko, baina badira efektu negatibo hori erakusten duten kasuak ere».

Lehen urteetan Bilboko Guggenheim museoaren ereduak piztutako zalantzak ere izan ditu gogoan Bidartek. Baina, haren hitzetan, mende laurdeneko ibilbidearen ostean, gaindituta geratu dira guztiak. «Oso argi izan genuen hasieratik hau ez zela frankizia eredu bat, eta gure helburua ez zela New Yorken eta Venezian ongi egiten ari zirena imitatzea, baizik eta zerbait bereizia eta berezia sortzea, bakarra izango zena, eta, era berean, Guggenheim erakundeen familiaren parte izatearen onurak izango zituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.