Artea

Guggenheimek solaskide bihurtu ditu Seuraten eta Serraren marrazkiak

Georges Seurat artistaren 22 marrazki eta Richard Serraren ‘Ramble Drawings’ marrazki bildumako 81 pieza elkarrekin erakutsiko dituzte Bilboko museoan

Bi emakume, Georges Seurat artistaren marrazki bati begira, Bilboko Guggenhim museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 8a
15:39
Entzun

«Paradoxikoa». Judith Benhamou komisarioak hitz bakar horretara errenditu du Bilboko Guggenheim museoak Georges Seurat eta Richard Serra artisten marrazkiekin antolatutako erakusketa. Baina, haren hitzetan, itxurazkoa baino ez da bi sortzaileen arteko kontrakotasuna, hari beraren bi mutur baino ez baitira bi artistak. Mutur batean, XIX. mendeko Parisen neo-inpresionismoaren sorkuntzan parte hartu eta 31 urterekin hildako pintore figuratiboa, eta beste muturrean, XX. mende erdialdetik hasi XXI. mendera arte heldu den artista abstraktu eta kontzeptual garaikidea. Baina korapilaturik biak. «Bildu ditugun Seuraten 22 marrazkiek laguntzen digute ulertzen ez dagoela mugarik XIX. eta XX. mendeen artean edo figurazioaren eta abstrakzioaren artean, eta artelanak artelanak direla». Irailaren 6ra arte egongo da ikusgai.

2008an du hazia Bilboko erakusketak, komisarioaren hitzetan. Parisko Grand Palais jauregian antolatutako erakusketa baten harira izan zuen Benhamouk Serrarekin aurrez aurre hitz egiteko aukera, eta Seuraten marrazkien bilduma pribatu bat ikusten lagunduko ote zion eskatu zion artistak. «Euforiko jarri zen hura ikustean. ‘Hauxe da nik egin nahi dudana’, esan zuen». Iltzatuta geratu zitzaion irudi hura, eta hala sortu zitzaion bi artisten lanak elkarrekin erakusteko ideia. «Utopikoa» zen ideia, komisarioaren hitzetan, baina berehala jo zuen Bilboko Guggenheim museoarengana, azaldu duenez hori baita «Serraren erreinua», eta New Yorkeko Guggenheim museoak ere badituelako Seuraten marrazki batzuk. «Kasik posible egiten zuen erakusketa horrek guztiak».

Seurat biltzeko zailtasunak

Serrak berehala onartu zuen bere lanak Seuratenekin batera erakusteko proposamena, baina, museoko arduradunek onartu dutenez, «konplikatua» izan da erakusketak hartu dituen Seuraten 22 marrazkiak biltzea. Guztira, helduaroko 200 marrazki inguru ezagutzen zaizkio artistari, Lucia Agirre Guggenheim museoko komisarioak azaldu duenez, eta, beraz, kopuru esanguratsua osatzen dute Bilbon ikus daitezkeen 22 lanek. Haren garapena erakusten dutela ere gaineratu du.

Seuratek darabiltzan baliabideen «pobretasuna» eta haiekin lortzen duen lanaren «gailentasuna eta ausardia» nabarmendu ditu Benhamouk. Hain zuzen ere, marrazkigintzaren lehen lerroan kokatzen dute Seuraten lana adituek, eta oso preziatuak dira haren marrazkiak baita artisten artean ere. Komisarioak gogoratu duenez, luzea da haren marrazkiren bat edo beste bildumatu duten artisten zerrenda: Paul Signac, Daniel Buren, Pablo Picasso, Henry Moore, eta Jasper Johns, kasurako.

Picassoren begiz ikusita

Bilbon ikus daitekeen Bikote eseria da Picassorena izandako lanetako bat. 1881ean marraztu zuen Seuratek, eta bi giza figura ikus daitezke bertan, lan gehienekin gertatzen den bezala, aurpegirik erakutsi gabe. Komisarioak azaldu duenez, hainbat adituren ustez bertan bi figurak sortzeko baliatutako oinarri geometrioengatik hautatu zuen Picassok lan hori. Han kubismo zantzu batzuk ikusiko zituelakoan. Benhamou ez da iritzi berekoa, ordea. Haren ustez, Seurat lan prozesuan murgildurik ikusten zuelako Picassok lan horretan, eta, horregatik interesatzen zitzaiolako. «Erakusten duelako artista beti bidean».

Conte arkatzez egin zituen marrazki guztiak Seuratek, gehienetan Michalet motako paper gainean. Eta Lanpara lana izan daiteke haren teknikaren gailentasunaren erakusgarrietako bat. 1882. eta 1883. urteetan sortu zuen lana marrazkilariak; beltza da nagusi, eta, halere, argiguneen bidez, garden agertzen da ikuslearen begietara giza aurpegi bat, lanpara elektriko baten argi ahulera.

Elkarrengana gerturatzen

Serrak berak hautatu zituen 2015ean egindako Ramble Drawings marrazki serieko lanak erakusketarako. Neurri handian egindako marrazkiak ezagutzen zaizkio artistari nagusiki, baina, kasu honetan, zuri-beltzean, paper gainean egindako neurri txikiko 81 lan aukeratu ditu. Horrek Seuratekin solasaldia erraztu zezakeelakoan. Eskuz egindako paper japoniar bat darabil artistak Bilbon ikusgai jarritako lanak sortzeko, eta kolore beltza nabarmentzen da haren gainean. Ilunago batzuetan, argiago besteetan, baina beti paperaren ezaugarriak ere kontuan hartuz.

Hain zuzen ere, materiarekiko errespetu eta jarrera hori da bi artistak batzen dituzten elementuetako bat. Komisarioek diotenez, Seuratek ere, Serrak bezala, errespetatu egiten baitzituen paperaren gorabeherak. Areto erdialdeko hormetan daude Seuraten marrazkiak, eta hura inguratzen dute Serrarenek. Eta justu ibilbidea amaitzen duen puntuan igar daitezke bien obrak elkarrengandik gertuen.

Abstrakziorantz bidean diruditen bi obrarekin amaitzen da Seuraten bilduma. Uretan islatutako zuhaitz-enborrak eta Atea lanekin, hain zuzen ere. Geometria da nagusi bietan, eta tituluaren laguntzaz bakarrik errekonozitu ahalko ditu motiboak argi ikusleak. Laku batean islatzen diren zuhaitzak irudikatzen dituzte mantxa beltz bertikalek, esaterako, eta, oihartzun zuzena egiten du lanak aurrean dituen Serraren marrazkiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.