Nitasunetik abiatu ziren, kolektiboaren babesean betiere. Zu kontzeptuan jarri zuten arreta bigarren lanean. Eta gu izan da oraingoan ardatz hartu duten gaia. Tupust kolektiboak hirugarren komiki bilduma plazaratu du, eta, aurreko bi liburuetan bezala, komikiaren inguruan euskaraz lanean dabiltzan hamaika emakumezko sortzaileren lanak bildu dituzte bertan. Talde bezala elkartzen segitzeko asmoa badute ere, azken argitalpena hauxe izango dutela iragarri dute.
Komikia lantzen duten zenbait marrazkilarik 2016. urtean sortu zuten Tupust kolektiboa, komikia euskaraz eta genero ikuspegiz lantzea xede hartuta. Tupust! Ni (Txalaparta, 2019) komiki bildumarekin ezagutzera eman zuten beren burua, eta hogei sortzailek ondutako hamalau pieza eman zituzten argitara. Baita iragarpen argia egin ere: «Luzerako etorri gara». Bete zuten esandakoa, eta, hala, autoedizioaren bidea hartuta, Tupust! Zu bigarren lana plazaratu zuten 2021ean. Ordukoan, beste 21 sortzaileren hamazazpi komiki bildu zituzten argitalpenean. Bide beretik aurrera eginda argitaratu dute orain Tupust! Gu, eta, aurreko lanek bezala, euskaraz ari diren emakumezko komikigileen lanen lagin askotariko bat erakusten du liburuak.
«Ez gaude garen guztiak, baina gauden guztiak bagara», laburbildu du Ainara Azpiazu Axpi-k. Beste zenbait irudigilerekin batera, kolektiboa sortzeko lehen urratsetan parte hartu zuen, eta, haren ustez, komikiaren bueltan dabiltzan euskal emakume sortzaileen «zati baten erakusgarri gutxienez» bada liburua. «Ez dut panorama osoa ezagutzen, eta seguru ihes egiten didan jendea badagoela, batzuetan emakumeon lanak ez baitira hain erraz ezagun egiten. Baina uste dut proiektuak berak adiago egotera eraman gaituela, eta aurkikuntzak egitea ere polita izaten da. Beraz, hau ez da Euskal Herriko panorama osoa izango, baina horren zati bat behintzat bada, eta baita ahalegin bat ere hori ahalik eta modu zabalenean kontuan hartzeko».
Talde eragileko kide diren sortzaileek hiru argitalpenetarako ondu dute lanik, eta liburu bakoitzean beste hainbat artista gonbidaturenak ere jaso dituzte. Halaxe egin dute oraingoan ere. Besteak beste, Azpiazuk bera, Maite Caballerok, Maitane Gartziandiak, Maite Gurrutxagak, Paula Estevezek, Irati Egurenek eta Loinaz Lekuonak osatu dute pieza bana oraingoan. Eta haienekin batera ikus-irakur daitezke Jone Taberna, Ainize Sarasola, Higinia Garai, Idoia Beratarbide nahiz Araiz Mesanzarenak, beste hainbaten artean.
Badira bakarka lan egin dutenak, eta badira beste sortzaile batekin elkarlanean aritu direnak ere. Esaterako, Gurrutxagak Irati Jimenezen testuarekin osatu du bere pieza, eta Irati F.G.-k, berriz, Regina Salcedoren testuarekin, zeina Maialen Garagarzak euskaratu duen. Azpiazu: «Gehienak euskaldunak bagara ere, badira Euskal Herrian komikigintzan ari diren beste zenbait emakume, eta horiek ere gonbidatu ditugu; tokia egin nahi izan diegu, eta euskaraz egin nahi izan diegu toki hori».
Morez eta horiz
Hiru bildumek izan dute gai bat ardatzean, eta elkarren segidan joan dira horiek, gainera. «Elkartzen hasi ginenean, ez genuen garbi zer proiektu egingo genuen, baina liburua egitea erabaki genuenean, pentsatu genuen komeni zela gai bat jartzea, konkretua izan arren gero segida izan zezakeena», ekarri du gogora Azpiazuk. Ni-zu-gu ardatzaren bueltan gai interesgarriak zeudela iritzita egin zuten hautua, eta, zehatzak izanda ere, nahiko zabal heltzeko modukoak zirelakoan. «Norbaiti lan bat egiteko eskatzerakoa,n hori behar du, zehatza izatea baina ezta estuegia ere, norberak beretik jarri ahal izan dezan».
Hala, askatasun horrekin, gu kontzeptuari ere nork bere ikuspegitik heldu diote hirugarren bilduman parte hartu duten sortzaileek. «Artista bakoitzaren hautu pertsonalaren arabera, batzuek ageriago utzi dute gu-aren ardatz hori, eta beste batzuek modu zabalago edo lausoagoan adierazi dute». Badira aldeak, eta badira bat egiteak ere, Azpiazuren ustez. «Istorioei dagokienez, badaude gaia modu antzekoan bideratu dutenak: amatasunaren inguruko lan batzuk daude, naturari lotutako beste batzuk ere bai...». Estetiketan, ordea, gutxi dira antzak. «Ezberdintasun estetikoa nabaria da: estilo aldetik, elkarrengandik oso desberdinak dira lan gehienak. Iruditzen zait kointzidentzia gehiago izan direla narratibetan estetiketan baino».
«Bildumako komikien artean, iruditzen zait kointzidentzia gehiago izan direla narratibetan estetiketan baino».AINARA AZPIAZU 'AXPI'Ilustratzailea eta komikigilea
Lan guztiak gai baten bueltan ardaztea ez ezik, «proiektuaren identitate grafikoa» zehaztea ere hastapenetako erabakien artean egon zen. Hala, formatuari ez ezik, argitalpen bakoitzean bi kolore baliatzeko hautuari ere eutsi egin diote hiru liburuetan, erabakiari «segida logiko bat» emanez. «Kolore paletan elkarren osagarri diren bi kolore izan dira beti, nahasketak beltza eman dezan». Hala, lehen bilduman gorria eta berdea erabili zituzten; bigarrenean, laranja eta urdina; eta oraingoan, morea eta horia aukeratu dituzte. Azpiazu: «Iruditzen zait Europako beste toki batzuetan ohituagoak daudela halako teknika grafikoekin lan egitera, eta hemen ere egiten direla halakoak, baina igual zirkuitu alternatiboagoetan-edo. Alde horretatik, estetikoki berritasun puntu bat ere ekarri ahal du lan honek».
Azpiazuk aitortu du inplikazio handia eskatzen duela kolektiboan aritzeak, askotariko ibilbide eta ikuspegiak dituzten kideak daudelako, eta erabakiak ahalik eta modu parte hartzaileenean hartu nahi izan dituztelako. Baina «oso gozagarria» ere bazaio. Azken lana plazaratuta, beraz, elkartzen segituko dute, gu hori osatzen jarraitzeko asmoz.
LANAK ETA EGILEAK
'Garen'. Jone Taberna.
'Islada'. Ainize Sarasola.
'Guau'. Maite Rosende.
'Kanpoan'. Shu O.
'Gu'. Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez.
'Neguko bainulariak'. Maitane Gartziandia.
'Momoka'. Irati F.G., Regina Salcedo eta Maialen Garagarza.
'Ni ez naiz bat'. Higinia Garai.
'Gu'. Irati Eguren Arruti.
'Loturak'. Paula Estevez.
'Efemerideak'. Andrea Ganuza.
'Gu'. Idoia Beratarbide Arrieta.
'Gu'. Sandra Garaioa.
'Piztiak gara'. Maider Leturiaga.
'Dena aldatu da'. Araiz Mesanza.
'Hadi'. Loinaz Lekuona Izagirre.
'Mistica flor'. Arrate Rodriguez.
'Hain sinplea'. Usue Egia.
'Gu'. Ainara Azpiazu Axpi.
'Gu'. Ander Peretz.
'Erre'. Maite Caballero.
INFORMAZIO GEHIAGO
Ohiko liburu dendetan ez ezik, helbide honetan ere eros liteke Tupust! Gu komiki bilduma:
https://tupust.bigcartel.com.