Ruben Gimeno. EGOko zuzendari artistikoa

«Grinak ordezkatzen du gazteen esperientzia falta»

Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari artistiko berria da Ruben Gimeno. Haren gidaritzapean antolatu du EGOk udako topaketa. Lau kontzertu emango dituzte, eta Musika Hamabostaldian izango dira.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Igandean emango du Euskal Herriko Gazte Orkestrak bere udako topaketaren lehen kontzertua Gasteizko Principal antzokian. Ruben Gimeno (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1972),zuzendari artistiko berria, «etorkizunari pasioz eta anbizioz begiratuz» ari da buru-belarri lanean. Uztailaren 27an, Bilboko Euskaldunan izango dira; 28an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; 29an Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, eta, abuztuaren 1ean, Musika Hamabostaldiko inaugurazio egunean.

Zergatik erabaki zenuen EGOren proiektuan sartzea?

German Ormazabal koordinatzaile nagusiarekin zenbait elkarrizketa izan nituen, eta proiektuaren inguruan zituen ideiek eta erakutsitako pasioak erakarri ninduten. Niretzat funtsezkoa izan zen proiektuarekin zuen anbizioa. Gainera, elkarrekin hitz egitean,EGOri buruzko bion ideiak bat zetozela ikusi nuen.

Proiektua aurrera ateratzeko, zer erronka izan dituzue azken hilabeteotan?

Bizi garen pandemia egoera honek ziurgabetasun handia sortu du. Martxorako udako programa diseinatua genuen, baina gauzak aldatzen joan dira. Aste batean balio zuenak hurrengoan ez zuen balio, pandemiaren inguruko neurriak zirela eta. Dena den, hasieratik argi genuen uztail bukaeran, aukera izanezgero, bertan egongo ginela. Betiere, osasunari lehentasuna emanez. Entzunaldiak bideoz egin behar izan genituen, eta errepertorioa orkestrako kide kopurura egokitu genuen. Oso pozik gaude 70 kide baino gehiago ditugulako. Denok egongo gara presente, nahiz eta agertokian denak batera ez izan.

Entzunaldiak online egin dituzue, nolako esperientzia izan da?

Oso positiboa. Gutako askorentzat lehenengo aldia zen horrelako egoera baten aurrean geundela. Entzunaldietako zenbait faktore epaitzea ez da erraza izan. Hautagai bakoitza etxetik aritu da, eta etxe bakoitzak baldintza akustiko desberdinak ditu. Ez da erraza izan, baina prozesuan ikasten joan gara. Jarraibide txikiak eman dizkiegu hautagaiei, sor zitezkeen arazoak konpontzeko asmoz. Guk talentua bilatzen dugu, eta talentu edo energia aztarnaren bat sumatzea, guretzat, behin betiko elementua da hautagaia hautatzeko orduan.

Zer moduz doaz entseguak?

Ilusioz beterik hasi ditut, baina ziurgabetasun apur batekin; izan ere, lehenengo aldia da orkestrako kideen artean tarteak utzita zuzenduko dudala. Zuzendari batek nahiago du musikari guztiak ahalik eta gertuena eduki. Errazago entzuten da instrumentu bakoitza. Zalantzak ditut ea nola hautemango dudan nik soinua nire lekutik.

Udako topaketan programa bikoitza antolatu duzue. Zenbait kontzertu emango dituzue uztailaren 26tik 29ra bitartean eta Musika Hamabostaldian egongo zarete.

Ahalik eta ikasle gehiena nahi genituen gure proiektuan. Topaketaren lehen zatian egingo ditugun kontzertuak zurezko haize eta hari instrumentuetan oinarrituta izango dira. Musika Hamabostaldiaren inaugurazioko kontzertuan, berriz, hariz instrumentuz osatutako pare bat obra joko dugu, baina programaren pisurikhandiena metalezko eta perkusio instrumentuek izango dute. Bi programen bidez, musika instrumentuetako familia guztiak jotzeko aukera izango dugu.

Gounod, Schubert eta Mahlerren obrak joko dituzue. Zergatik aukeratu dituzu konposizio hauek?

Denak batera agertokian egoteko aukerarik ez zegoenez, multzokalan egiteko parada izango dugu. Alde batetik, haize musikariak elkartu ditugu, eta horregatik aukeratu dugu zurezko haize errepertorioko obrarik oinarrizkoenetako bat: Gounoden Haize instrumentuetako sinfonia txikia. Beste alde batetik, hari instrumentuko musikariek Mahlerren 5. sinfonia joko dute. Azkenik, haize eta hariz instrumentu gutxi batzuekin, sinfonia klasiko bat joko dugu [Schuberten 5. sinfonia si bemol maiorrean].

Musika Hamabostaldian beste obra batzuk interpretatuko dituzue. Zer nabarmenduko zenuke?

Obren aukeraketa, musika irizpideez gain, bizi garen egoera honek baldintzatuta egon da. Ikasleekin eta publikoarekin bat etorri behar duten obrak aukeratu ditugu. Metalezko instrumentuen familiako funtsezko obrak prestatuko ditugu. Coplanden Fanfare for the common man eta Dukasen La Péri: Fanfare, adibidez. Instrumentu familia bakoitza banatuta egongo da.

Zer izango da zuretzat Musika Hamabostaldiko inaugurazio kontzertuan jotzea?

Erronka handia da, eta harro sentitzen naiz. Tradizio handia duen musika festibala da. Ikus-entzuleak pasio handiz bizi du musika, eta publiko ugari izaten da beti. Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin jotzeko aukera izan dut, Espainiako Orkestra Nazionala ere zuzendu dut, eta, orain, EGOrekin arituko naiz zuzendari moduan bertan. Etorri naizen aldiro, Donostiako publikoaren maitasuna eta pasioa sentitu dut.

Passion For Music izeneko zenbait egitasmo ere antolatu dituzue. Zer dira, zehazki?

Musikarekin lotuta ez dauden beste alderdi batzuetan ere pentsatu dugu. Prestakuntzarekin zerikusia duten alderdiekin, adibidez.Ikasleek, gure esperientzia baliatuz, musikari batengandik zer eskatzen den ikasiko du, zer ezaugarri izan behar dituen, eta psikologikoki prestatzen laguntzeko jarduerak ere egingo dira.

Bestalde, zuzendari handi batekin solasaldi batean parte hartuko dut, Gustavo Gimeno nire anaiarekin. Sarritan gure artean izan ditugun elkarrizketa batzukikasleekin partekatzeko aukera izango dugu hitzaldian. Zerk egiten duen orkestra bat handi aztertuko dugu, eta gazteen formakuntzari, talde lanari, orkestra baten balioei edota musikari klasikoen etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatuko dugu.

Zure ibilbide profesionalean zer garrantzi du EGOko zuzendari artistikoa izatea?

Gaztetan Galiziako Gazte Orkestran aritu nintzen, eta nire ibilbide osoan gazte orkestrak beti izan ditut gertu. Gazteekin lan egitea zoragarria da. Lehenengo aldiz,kalitate handiko musika talde baten partaide izaten dira. Grinak ordezkatzen du esperientzia falta. Ilusio eta kuriositate asko dute.Haien energia iristen zaigu.

Nolakoa izan da German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusiarekin eta irakasleekin lan egitea?

Niretzat sekulako plazera izan da Germanekin lan egitea. Goi mailako profesional bat da, eta esperientzia handia du. Dohain profesional horiek izateaz gain, proiektua pasio, zintzotasun eta anbizio handiz bizi du. Irakasleak lehenago gurekin kolaboratu duten goi mailako profesionalak dira. Proiektua ondo ezagutuko zuteneta beraiengandik eskatzen zena ondo ulertuko zuten pertsonak nahi genituen.Euskal Herriko eta nazioarteko orkestretan aritutakoak dira: Swiss Romanden, Londreseko Orkestra Sinfonikoan edota Bartzelonako Gran Teatre del Liceukoan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.