Literatura

Grekotik euskarara bidaiatu duen klasiko bat: 'Odisea'

Matias Mujikak Homeroren 'Odisea' euskaratu du Balea Zuriarentzat. Homeroren lan originaletik zuzenean itzuli den eta neurtitzetan egin den euskarazko lehen itzulpena da.

Matias Mujika, Donostiako Konstituzio enparantzan, ''Homeroren 'Odisea' liburua eskuetan duela. JON URBE / FOKU
Matias Mujika, Donostian, ''Homeroren 'Odisea' liburua eskuetan duela. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko otsailaren 17a
16:13
Entzun

«Mila amarruko gizona, Musa, konta zadazu/ munduan ibili zena luzaro lekuz leku/ Troiako hiri santua zuenean urratu./ Gizon askoren hiriak ezagutu zituen/ haien ohiturak ikasi, bai eta bihotzean/ asko neke ere sufritu pontoaren gainean/ lehian zebilela bere bizitza salbatzeko/ eta lagunak etxera onik eramateko». Hala dio Homeroren Odisea greziar epopeiaren hasierak. Hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta Matias Mujikak jatorrizko bertsiotik euskaratu du orain. Gaur aurkeztu du itzulpen lana, Donostiako Udal Liburutegian. 

Mendebaldeko literaturaren lehen zutabetzat jotzen dira Homero eta haren Odisea eta Iliada poema epikoak. Aedoek —Grezian epopeiak deklamatzen zituztenek— ahoz aho transmititu zuten Odisea, eta urteak aurrera joan ahala, idatziz jaso zen. Grezieraz idatzi zen lehendabizi, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute gerora.

Abenturazko istorio bat kontatzen da Odisea-n, Ulisesen etxerako bidaia; alegia, Greziako mitologian aipatzen den Troiako gerratik Itakarako bidea. Iliada-ren jarraipena dela ere esan izan da. Izan ere, Troiako gerran jazotakoak jasotzen dira hartan. 

Hala, itzuleraren terminoari heldu dio Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editoreak liburua aurkezteko: «Lan bat hizkuntza batetik bestera ekartzea ere bidaia moduko bat da, bidaia asko aldi berean. Eta, hara non, hizkuntzak ekartzeari itzulpen esaten diogun. Ulises eta itzulpengintza ezpal berekoak edo bidaideak balira bezala».

Homeroren lan originaletik abiatuta eta neurtitzetan egin den euskarazko lehen itzulpena ondu du Mujikak. Baina ez da Odisea euskarara itzuli den lehen aldia. Hala Gorrotxategi editoreak nola Mujika itzultzaileak gogorarazi nahi izan dute Odisea-k badituela bi aurrekari euskaraz. 1985ean bizkaierara ekarri zuen Aita Onaindia apaizak, eta 2007an gazteentzat egokitutako prosazko bertsioa moldatu zuen Juan Kruz Igerabidek, Erein argitaletxearentzat. «Lan horien bidez hasi zen Odisea gurera etortzen, eta Matias Mujikaren itzulpenarekin, itzuli egin da. Luzerako, espero dut», gaineratu du editoreak.

Errimatu gabeko neurtitzak

Bizpahiru urteko lanaren emaitza da Mujikak aurkeztutako euskarazko itzulpena. Lan korapilatsua izan dela aitortu du autoreak, baina korapilo horiei jarritako soluzioak ere aipatu ditu. Bereziki, egiturari dagokionez. «Itzulpen tradizio handia dauka Odisea-k. Mila aldiz, mila hizkuntzatara eta mila modutara itzuli dute gaur arte. Batzuetan prosan, besteetan neurtitzetan. Errimarekin edo errimarik gabe. Testua erabat errespetatuz edo sinpletuz... Itzultzaile bakoitza bere modura ibilia da. Eta horrelako lan bat egiteko, itzultzailea berak hartu beharreko erabaki sail baten aurrean aurkitzen da». 

Prosa baztertu eta itzulpena neurtitzetan egitea izan da Mujikak hartutako lehen erabakia. «Odisea ez da nobelatxo bat, baizik eta poema epiko bat. Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, Odisea benetan desitxuratua gelditzen da». Horri dagokionez, itzultzaileak nabarmendu du ez duela zalantzarik egin: «Asmoa baldin bada irakurleari helaraztea obraren esentzia estilistikoa zein den, nahitaezkoa da euskaraz ere originalaren antzeko artefaktu erritmiko bat sortzea». 

«Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, 'Odisea' benetan desitxuratua gelditzen da»

MATIAS MUJIKAItzultzailea

Gainera, nahita erabili du autoreak neurtitz terminoa, eta ez bertso hitza. «Bertsoak estrofaren kutsua ekartzen digu burura euskaldunoi, eta nahasgarria da, Odisea-k ez baitauka estrofarik. Bertso, lerro eta neurri bakarreko poema bat da, hasi eta bukatu bitartean 12.000 hexametro bata bestearen ondotik jarriak; beti neurri berean eta inolako mozturarik gabe». Mujikaren esanetan, egitura hori ere «funtsezkoa» da obraren estiloan, irakurlea «liluratu» egiten baitu. «Bestela, hori gabe arriskua dago testua aspergarria iruditzeko. Bertsoaren metrika horrek errazten du irakurlea poemari entregatzea», gaineratu du. 

Hori erabaki eta gero, zein neurri erabili hautatu behar izan du itzultzaileak. «Hamabost silabako euskal bertso luze tradizionala» aukeratu du Mujikak, «zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz» osatua, eta originala bezala, errimarik gabea. Hori arazoa ere bada, neurri hori hexametroa baino «laburxeagoa» baita, eta euskara grekoa baino «luzexeagoa» ere badelako. Horregatik, euskarazko bertsioak eta bertsio originalak ez daukate lerro kopuru bera. «Ez dut ahaleginik egin horretara egokitzeko. Grekoz zegoena euskarara itzultzeko behar adina lerro erabili ditut. Gehiegizko behardura zela iruditzen zitzaidan. Eta horrek askotan jatorrizko testua gehiegi distortsionatzera eramaten zaitu», aitortu du Mujikak. 

Aitortza Etxeberriri

Finean, jatorrizko bertsioari «traiziorik ez egitea» izan da Mujikaren hautua. Eta azaldu du Joanes Etxeberriren Manual devotionezkoa liburua erabili duela horretarako. «Nik behar nuenerako eredu on bat izan da. Eta makina bat trikimailu edo bidezidor kopiatu dizkiot bertsoa edertzeko eta osatzeko». Bertso egilearekin daukan «zorra» aitortzeko asmoz oroitu da harekin aurkezpen prentsaurrekoan, eta eredutzat hartu duen liburuko bertso bati tokia egin dio Odisea liburua zabaltzen duen aipuan: «Ikhussiric, nola bainaiz iaiatcez escalduna/ gure natioa dela kopla maite duena/ hartaracotz iaquiara diat versuz ecarri/ lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.