«Maite dut aspaldiko lagunengana itzultzea», aitortu du Gregory Porter jazz abeslariak (Sacramento, AEB), Donostiako Jazzaldiaz mintzo. Porter baritonoa seigarrenez dago Gipuzkoako hiriburuko Jazzaldian; Trinitate plazan arituko da gaur, 21:00etan. Entzuleen bihotzak «bereganatzera» eta bere mezuak zabaltzera igoko da oholtzara Porter, 2013ko Jazzaldiko lehen aldi hartan bezala: «Nire ideiak ahalik eta ondoen azaltzea da niretzat garrantzitsuena». Ez baita soilik artista cool bat, baita «maitasunaren» inguruko mezuak helarazten dituen kantari bat ere.
Maitasuna menderatzea «ezinezkoa» da Porterren ustez, eta inoiz baino ozenago aldarrikatu behar da: «Gerra danborrak entzuten ditut; garai gogorrak eta bortitzak bizitzen ari gara. Horren aurrean, artistok zerbait egin behar dugu, modu sotilean bada ere. Gure abestien bidez maitasuna nabarmendu behar dugu; horrela, matxismoari, sexismoari, arrazakeriari, gerrari eta sufrimenduari aurre egingo diogu».
Horretan ahaleginduko dira gaur Porter eta haren taldekideak. «Anaiak» dituela esan du: hala aurkeztu ditu Chip Crawford pianista, Emanuel Harrold bateria jotzailea, Tivon Pennicott saxofonista, Jahmal Nichols baxu jotzailea eta Ondrej Pivez Hammond organista. Crawfordekin duen harremana nabarmendu du, elkar ezagutu orduko sentipen «berezia» izan baitzuen: «Askatasuna ahalbidetzen dit nire sormen prozesuetan; nire ideiak eta nahiak begi onez ikusten ditu, eta horrek izugarri laguntzen dit». Bluesaren, gospelaren eta soularen eraginak jaso ditu baritonoak, eta Nat King Cole, Joe Williams, Donny Hathaway eta Ella Fitzgerald musikariak daude miresten dituen artisten artean, besteak beste.
38 urterekin egin zuen debuta Porterrek, Water diskoarekin (2010), eta, ordutik, beste lau bakarkako lan argitaratu ditu: Be Good (2012), Liquid Spirit (2013), Take Me to the Alley (2016) eta All Rise (2022). Bi Grammy sari jaso ditu, zazpi izendapenez gain, eta 1.600 milioi entzule baino gehiago ditu sarean. Garaikur horiek artistari konfiantza eta segurtasuna bermatzen diotela iritzi dio Porterrek, eta beretzat hala dela onartu du: «Ospea eta fama emateaz gain, egiten duzun horri zilegitasuna ematen dio horrelako sari batek, eta artistaren lana aitortzen du. Zenbaitetan, nahasi egiten dira saritua hautatzeko orduan. Espero dut ez izatea hori nire kasua, eta benetan merezi dudalako eman izana; nire doinuei ez ezik nire mezuei ere balioa ematen diotelako».
Kursaaleko terrazan aritu zen Porter Jazzaldiko lehen aldian, eta Zurriolako hondartzan bigarren bisitan. Hondartzako kontzertuetan publikoaren intentsitatea eta energia sentitzen duela dio: sortzen duen musikarekin jendea dantzan ikustean, «piztu» egiten da, eta «indartsuago» abesteko gogoa izaten du: «Horrelako espazio ireki batean kantatzean, zerua da muga». Bestalde, areto itxietan —Kursaala jarri du adibide—, pribatutasuna eta gertutasuna sentitzen du: «(I Love You) For Sentimental Reasons espazio itxietan xuxurlatzea izugarria da niretzat». Nolanahi ere, azaldu du bi espazioetan oso eroso sentitzen dela, bi bertsio ezberdin eskain ditzakeelako.
AEBetako politikaz
«Ez da isilik egoteko garaia», erantzun du Porterrek AEBetako politikaren inguruan galdetu diotenean. «Beldurtuta» sentitzen da, «argitik ilunera» zeinen erraz igaro daitekeen ikusita. «Justizia eta berdintasunaren amets amerikarra» arriskuan daudela esan du abeslariak, eta bere herrialdea ideia horien mailan egongo den itxaropena du. Adierazi du agintariek «lasaitu» egin behar dutela hizketan aritzen direnean: «Hitzek eragin handia izan dezakete, eta gaur egun ezer ez balitz bezala hitz egiten dugu, hitzek garrantzirik izango ez balute bezala. Amerikarrak eta munduko herritarrak izan behar dugu berriro, gure balioak errespetatuz». 1960ko hamarkadara ere itzuli behar dela aipatu du, protesta lirikoa nagusi zen garai hartara. «Musikagileak gara, eta, sortzaile garen heinean, erantzukizun bat dugu».