Greenpeacek ere auzitara eraman du Urdaibaiko Guggenheimen proiektua

Urdaibaiko biosfera erreserban eraiki asmo duten museoak Kosta Legea urratzen duela uste du erakunde ekologista horrek. Aurrez ere salaketa bera aurkeztua dute Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformek.

Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak hartuko duen eremua. EFE
Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak hartuko duen eremua. EFE
itziar ugarte irizar
2024ko maiatzaren 23a
15:49
Entzun

Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformak izan ziren lehenak, eta Greenpeace izan da orain museoa Urdaibain eraikitzeko proiektua auzitara eraman duena. Ingurunean izango duen eraginagatik kezkatuta agertu da erakunde ekologista, eta, zehazki, iragan urrian Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak itsasertzaren babesa apaldu izanaren kontra egin du. Aldaketa hura egin aurretik, Kosta Legeak ez zuen modurik ematen Muruetako (Bizkaia) eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzeko, baina, aldaketaren ondotik, hogei metrora murriztu zen babes esparru hori, eta horrek bidea ireki zion Urdaibain Guggenheim proiektua eraikitzeari, haren aurkako eragileek salatu dutenez.

«Kostaldearen parte oso txikia geratzen zaigu hain egoera berezian. Administrazioek eta justiziak guk egiten dugun bezala babestu behar dute».

LOREA FLORESGreenpeaceko bozeramailea

Hala adierazi du Lorea Floresek, Greenpeacek Hego Euskal Herrian duen bozeramaileak: «Espero dugu ministerioak atzera egitea eta Kosta Legea urratzen duen agindu hau kentzea. Urdaibaik Doñanaren ingurumen balio berbera du, eta haren babesa errespetatzea behar du. Gainera, kostaldearen parte oso txikia geratzen zaigu hain egoera berezian. Administrazioek eta justiziak guk egiten dugun bezala babestu behar dute».

Gaur goizean aurkeztu du salaketa erakunde ekologistak, eta Urdaibairen inguruneak dituen nazioarteko babes izendapenak izan ditu gogoan; besteak beste, Urdaibai biosfera erreserba izatea, Oka ibaia Nazioarteko Ramsar Hitzarmenaren parte izatea eta Mundaka-Gernika itsasadarra nazioarteko intereseko hezegunetzat jotzea. Azaldu dutenez, ministerioan eskaera bat aurkeztu zuen lehenik Greenpeacek, baina, ez dietenez erantzun, auzitara jotzea erabaki dute.

Gaur-gaurkoz, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 40 milioi euro jarri ditu Urdaibaiko Guggenheimen proiekturako, eta, batik bat, inguruneko zorua birgaitzeko baliatu dituzte —bertan dago lanean jarraitzen duen inguruko ontziola bakarra—. Dena den, museoa sustatu duten erakundeen arteko iritzi ezberdintasunak ere azaleratu dira azkenaldian. Juan Ignacio Bidartek asteon esandakoak dira horren azken froga. Bilboko Guggenheimen zuzendaritza utziko duela iragartzean, adierazi zuen egitasmoa «handia» dela, eta oraingoz ez doala «aurrera». «Adostasuna lortzea eskatzen du, eta orain ez dago halakorik. Proiektua egin daiteke, baina ez da ziurra egingo denik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.