Green, Petzold eta Serra zinemagileen hitzaldiak izango dira Zinemaldian

Filmak sortzeko prozesuei buruzko solasaldiak eta eskola magistralak antolatu ditu Donostiako Zinemaldiak, Pentsamendua eta Eztabaida arloko saioetan. Kultur politika inklusiboak ere landuko dituzte

Christian Petzolden Roter Himmel filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Filmak erakusteko bakarrik ez, zinemaz hitz egiteko leiho bat ere badu Donostiako Zinemaldiak. «Ezagutza bildu, sortu eta transmititzeko gune bat»: Pentsamendua eta Eztabaida saila. Jaialdian emango dituzten film batzuen eta oraindik bukatu gabe dagoen beste baten sortze prozesuez gogoetatuko dute, baita sektoreko gai zabalagoez ere. Hitzaldiak, eskola magistralak eta mahai inguruak egingo dituzte, Tabakaleran, doan —eskola magistralak izan ezik, saio horietan filmak ere erakusten dituzte eta—.

Albert Serra zinemagileak dokumental bat egiteko bideaz hitz egingo du, hilaren 24an. Tardes de soledad filmatzen ari da: «Toreatzaileek zezentokian igaro ohi dituzten egoera mental eta espiritualak izango ditu ardatz», orain arteko informazioaren arabera.

Hain justu, Serraren ohiko kolaboratzaile batek, Artur Tortek, saio bat egingo du Nest zinema ikasleen saileko egitarauaren barruan —saio horiek ere irekiak dira—, hilaren 29an. Argazkigintzari eta muntatze lanari buruz arituko da.

Sail Ofizialean izango diren bi zuzendarik ere parte hartuko dute hitzaldi zikloan. Kitty Greenek, The Royal Hotel lanaren egileak, «zinemaren botere eraldatzaileari buruz» hitz egingo du 25ean. Biharamunean, Raven Jacksonek eskola magistral bat emango du; All Dirt Roads Taste of Salt sortzeko Ikusmira Berriak programan egindako egonaldiaz ariko da, besteak beste.

Christian Petzoldek Roter Himmel filma aurkeztuko du Donostian, Perlak sailean —epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen Berlinalen—. Hari buruzko hitzaldi bat emango du hilaren 25ean.

Beste eskola magistral bat emango du Lila Avilesek, 28an, Tótem bere bigarren film luzearen emanaldiarekin batera. Horizontes Latinos sailean lehiatuko da, Berlinaleko Sail Ofizialean parte hartu eta gero.

Aniztasuna eta LGTB lanak

Gai orokorragoei buruzko solasaldiak ere antolatu dituzte. Hilaren 26an, Deborah Williamsek «aniztasunak ikus-entzunezkoen sektorean duen balioaz» hitz egingo du. 30 urte baino gehiago daramatza telebistan, zineman eta antzerkigintzan lanean, baita kultur industrian politikak lantzen ere. Hark diseinatu zituen BFI Zinema Britainiarraren Institutuko aniztasun estandarrak.

Irailaren 28rako topaketa bat antolatu dute, batetik, Antonio Gimenez Ricoren Vestida de azul dokumentala Zinemaldian estreinatu zeneko 40. urteurrena ospatzeko, eta, bestetik, Veneno telesailaren bigarren denboraldiaz aritzeko. Ian de la Osa telesailaren zuzendarietako batek eta Julen Zabala EHGAMeko aktibistak parte hartuko dute saioan.

Azkenik, hilaren 30ean, Little Spain ekoiztetxeko kideak eta C. Tangana musikaria jaialdian estreinatuko duten Esta ambición desmedida telesailaz ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.