«Inongo graziarik egiten ez duen komedia bat da». Kazetaritza gidatzen duten ezkutuko botereei erreparatu die Galder Perez kazetari eta antzerkigileak Morbus operandi antzezlana sortzeko, eta horregatik dio, komedia formatua duen arren, eragiten duen irribarrea mingarria ere izan daitekeela. «Barre egingo du ikusleak, baina barreak, azken finean, jipoiak dira». Ane Zabala eta Aiora Sedano aktoreekin batera osatu du pieza Perezek, eta gaur estreinatuko dute, Berako Kataku ostatuan, 22:00etan (Nafarroa).
«Komedia beltza» dela esan duPerezek lehenik, baina «komedia politikoa» ere deitu du gero, eta bi izendapen horien arteko uztartzean da antzezlana funtsean. «Antzerkian geruzekin lan handia egiten da: gehitzen eta gehitzen zoaz, eta askotan badirudi magia sortzen dela, baina ez da magia, lana da». Eta, hain zuzen ere, eduki politikoa da antzezlanari gehitu dioten geruza horietako bat, Perezen hitzetan. «Oso presente dago umore puntu hori».
Praktiketan dabilen kazetaria da Karmele Fernandez, eta Arantzazu Garmendia enpresari ezaguna elkarrizketatu behar du. Konplikazio handirik ez zuen elkarrizketak, berez, baina azken urteetako iruzurrik handiena deskubrituko du solasaldi horri esker kazetariak, eta hor hasiko zaio tormentua, bere egunkariaren interes komertzial eta politikoak direla medio, ezin izango baitu albistea argitaratu.
Urteak pasatu, ordea, eta lotuta jarraituko dute bi pertsonaien bizitzek: Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu izendatuko dute Garmendia, eta haren prentsaburu izango da garai batean praktiketako kazetari izandakoa. Sailburuak aurkezteko ospatuko den koktelean sortuko zaio mendekurako aukera, baina bihurriak dira boterearen trikimailuak, eta Fernandezi ez zaio hasieran uste bezain erraza egingo bere nagusia saltzea.
Orain hiru urte sortu zuten Off The Reccord antzezlana du oinarri oraingo lanak. Hogei minutuko pieza laburra zen hura, ordea, ordubete ingurura heltzeraino osatu dute. «Oso gustura gelditu ginen lan harekin», aitortu du Perezek, «eta publikoak ere luzapena behar zuela esaten zigun». Haiei kasu egitea erabaki, eta antzezlan labur hari beste bi ekitaldi gehituta sortu dute Morbus operandi.
Berezia egin du horrek sorkuntza prozesua, Perezen hitzetan. «Antzezlan bat sortzen ari zarenean, baduzu pertsonaiaren irudi bat, eta irudikatzen dituzu haren mugimenduak eta keinuak, baina, kasu honetan, pertsonaia horiek gorpuztuta ikusi nituen, eta zoragarria izan da hori». Zuzendariak zehaztu duenez, gainera, aktoreekin batera landu du pieza. «Aktoreak beste inork baino hobeto ezagutzen du bere pertsonaia».
Gidoigile eta antzerki zuzendari izateaz gainera, kazetaria ere bada ofizioz Perez, eta ezagun ditu lanbidearen keriak ere horregatik. «Kazetaritzaren makineria handia herri honetan ere presente dago, eliteak kontrolatzen duen kazetaritza hori. Ustezko informazioa kontrolaren beste tresna bat da. Azkenaldian asko hitz egiten da horretaz, baina ez da AEBei, Europari edo Donald Trumpi dagokion zerbait soilik, hemen ere gertatzen da. Ez da zertan hain urrun joan».
Boterearen konkista
Aktore izateaz gainera, kazetaria ere bada Zabala, eta, dioenez, bere larruan ezagutu ditu antzezlanean bere pertsonaiak bizi izan dituen egoeren parekoak. «Antzezlaneko kazetaria oso muturrera eta komediara eramanda dago, baina uste dut Euskal Herriko kazetari askok bizi izan dituztela Karmele Fernandezek bizi izandakoak. Neurri txikiagoan, duda barik, baina bai».
Udan hasi ziren lanean, eta Erandion (Bizkaia) dabiltza egunotan entseguak egiten. Aurrez ere elkarrekin lan eginak ziren taldeko kide guztiak, eta, aktorearen hitzetan, «oso erraza» izan da hiruren arteko lankidetza. Badu berezitasun formal bat ere ikuskizunak, gainera. Izan ere, publikoa beren inguru guztian dutela arituko dira lanean aktoreak.
Etengabea da umorea antzezlanean, baina etiketei ihes egiten diotela ere zehaztu du Perezek. «Humor vasco deitzen den horretatik kanpo gabiltza. Euskal Herrian gertatzen da, eta etengabeak dira tokiko erreferentziak, baina uste dut beste ikuspegi bat ematen diogula ikuspegi horri. Umore beltza da gurea, oso beltza, oso-oso beltza».
Belztasun horrekin kontrastean, oso eszenaratze «koloretsua» prestatu dutela dio zuzendariak, eta itxura distiratsu horren eta mamiaren iluntasunaren arteko kontrastea nabarmendu du. «Uste dut botereak ere horrela jokatzen duela; dena oso eder da itxuraz, eta hor atzean dagoena oso iluna da, eta, ateratzear gaudenean, berriz etortzen da bueltan boterea, eta konkistatu egiten gaitu».
Berakoaren ostean, emanaldi gehiago izango dituzte, eta hilaren 24an Ugaon (Bizkaia) izango direla aurreratu dute, esaterako.
Graziarik egiten ez duen komedia
Kazetaritzari buruzko komedia politiko beltza idatzi du Galder Perez antzerkigileak: 'Morbus operandi'. Gaur estreinatuko dute lana, Beran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu