Bilboko BBK Live jaialdiak aurten joko duten zenbait artistaren izenak iragarri ditu gaur. Hala, antolatzaileek jakinarazi dutenez, besteak beste Grace Jones, Air, Slowdive eta Los Planetas batu dira festibalaren egitaraura. Aurretik emana zuen jaialdiak bertan izango diren beste hainbat talde eta bakarlariren berri: Arcade Fire, Jungle, Massive Attack, The Prodigy, Underworld, Khruangbin eta The Parcels, beste batzuen artean.
Air eta Los Planetas BBK Liveko lehenengo egunean izango dira Kobetamendiko oholtzan, biak ala biak beren disko ezagunenetakoak zuzenean interpretatzen. Los Planetasek 1994an argitaratu zuen lehenengo diskoa, Super 8, eta, haren 30. urteurrena aurten denez, Granadako (Espainia) taldeak lan hartan oinarritutako kontzertua emango du. Air talde frantziarrak, berriz, mundu osoan ezagun bihurtu zuen diskoa interpretatuko du Bilbon: Moon Safari (1998).
Grace Jones artista sailkaezina (Spanish Town, Jamaika, 1948) 1970eko hamarkadan egin zen ezagun musikaren, dantzaren eta zinemaren bitartez, eta New York hiriko artista ezagunenetakoa bilakatu zen berehala, dantzarako kanta arrakastatsu ugarirekin (Slave to The Rhythm, Corporate Cannibal). BBK Liveko bigarren eguneko izar handienetakoa izango da.
Slowdive taldea, berriz, jaialdiaren azken egunean ariko da, larunbatean. 1990eko hamarkadaren hasieran indarra hartu zuen shoegazing pop mugimenduaren ikurretako bat izan zen Neil Halsteadek eta Rachel Goswellek gidatutako talde hori, eta, hainbat urteko etenaren ostean, 2017an itzuli zen estudiora eta zuzenekoetara. Orduz geroztik, kritikak laudatutako bi disko kaleratu ditu taldeak.
BBK Liven ariko diren beste hainbat artista ere iragarri dituzte: Orbit, Mezerg, NewDad, El Buen Hijo, Nunatak, Meute, Albert Pla, Standstill, Karavana, Maria Jose Llergo, Samantha Hudson, Kiasmos, Mujeres, Oki Moki...
Eguneko sarrerak apirilaren 2an jarriko dituzte salgai.