'vertikal'
Konpainia: Kafig. Zuzendaritza artistikoa eta koreografia: Mourad Merzouki. Musika diseinua: Armand Amar. Eszenografia: Benjamin Lebreton. Aire eszenografia: Fabrice Guillot, Retouramont konpainia. Argiak: Yoann Tivoli, Nicolas Faucheux. Jantziak: Pascale Robin, Gwendoline Grandjean. Lekua: Iruñeko Baluarte auditoriuma. Eguna: Martxoak 15.
Mourad Merzouki koreografoak sortutako Käfig konpainiak hasieratik elkartu ditu, maisuki elkartu ere, dantza garaikidea eta hip-hop estiloa nagusiki, baina baita ere beste dizplina batzuk, hala nola borroka-arteak eta zuzeneko musika, besteak beste. Euskal Herrira egindako azken bisitan Fuga paregabe hartaz gozatu genuen Donostiako Musika Hamabostaldian, eta orain Iruñeko Baluarte Fundazioak ekarri digu Vertikal izeneko lanarekin.
Izenburuari kasu eginez, oraingo honetan dantza bertikalaren eremua esploratu nahi izan du koreografoak, eta horrela elkartu dira airetiko dantza eta hip-hop estiloaren ezaugarria den lurzorua. Estilo kontrajarriak, zinez, baina elkarren osagarri izan direnak Merzoukiren diseinuan.
Leun-leun hasi da dena, erabateko iluntasunetik ilunantzera patxadaz igarota, hondoko musika esnatzen zen bitartean. Hasierako une horietan gorputzen akrobazia geldoak izan dira nagusi, dantzari batzuen gorputzek beste batzuenei jarrera ezinezkoetan eusten zieten bitartean. Eremu eszenikoan bi dorre karratu, estu eta garai ziren nagusi —gero lau eta eta azkenean bost izan dira— eta esan genezake hipnotizaturik geratu garela lehen minutu horietan.
Hasierako pasarte sublimea, ordea, beste plano batera igaro da dantza bertikalerako kableak agertu direnetik. Eta esan beharra dago, dantzaren diseinua sublimea izateari utzi bai, baina bikaintasunaren parametroetan geratu dela emanaldi osoan zehar. Alde horretatik, argi dago koreografoak bereak eta bi egin dituela dantza bertikalak berekin dakartzan mugapenak gainditzeko, eta proposamenak oso maila altua erdietsi duela, baina teknika bertikal ikusgarriak berarekin dakar grabitatearen indar saihestezina, eta kable elastiko nahiz finko batetik eboluzionatzeak ezinbestean dakarkigu gogora grabitatearen presentzia errukigabea. Sortzaile ona izan behar da jaiotzetik daramagun efektu hori ezabatzeko.
Eta, hala ere, behin baino gehiagotan lortu du Merzoukik grabitatearen kontra aritzea, esate baterako gorputzen itzalak benetako dantzarien figurekin konbinatu dituenean, esate baterako Momixen ildoko ikuste-efektuekin jolastu denean, esate baterako dantzarien kolektiboan tiro bat bezala hedatzen ziren mugimendu segidetan. Beste batzuetan kablerik gabeko arnesak baliatu dituzte dantzarientzako euste puntu bezala, eta emanaldian zehar duo polit batzuk ikusi ditugu, haietariko lehena gorputzen arabeskoekin edertua eta beste bat lurreko bi bikote dantzarik kableetatik eskegitako hirugarrenaren eboluzioak segitzen zituztenean.
Oso iradokitzaileak izan dira panel frontalean egindako ariketa atletiko-akrobatikoak, eta dena bikaintasunean buka zitekeen piano eta hari musika hasi —soinu-banda zamatuegia alboratuz— eta eskegitako neska batek solo erdi tragiko erdi malenkoniatsua dantzatu duenean, bazterrean zegoen taldearen begirada pean. Baina Merzoukik ezin izan dio bere buruari eutsi eta soberako bukaera efektista batekin zapuztu du emaitza, arrakasta seguruko saio errepikakor eta balio artistikorik gabeko batekin.