Andoaingo Garate Estudioetan etengabea da musika taldeen joan-etorria. Folk doinuak lantzen dituen Zarauzko Lou Topet taldeko lau kideak, Oier Aranzanbal (ahotsa eta gitarra akustikoa), Oihan Larrañaga (baxua), Unai Martinez (gitarra elektrikoa) eta Ander Zulaika (bateria) bertan dira, euren lehen diskoa grabatzen.
Orain bi aste ekin zioten lanari,eta hainbeste egunetan jarraian grabatzea nekagarria izan bada ere, oso gustura daudela adierazi dute. Azken txanpa besterik ez zaie gelditzen: grabaketa lanak amaituak dituzte, eta aurrez grabatuaren nahasketa eta masterizazio lanak egiten dihardute. Aste honetan bukatzea espero dute, eta irailaren amaierarako diskoa kalean izango dela aurreikusten dute.
«Azkenerako, leher eginda amaitu dugu, baina oso gustura aritu gara», adierazi du Aranzabal taldeko abeslariak. Gainerako taldekideak ere ados agertu dira. Grabaketak egin ostean, orain Martxel Arkarazo estudioetako teknikariak du lanik handieena grabatutako doinuak nahastu eta masterizatzen, betiere musikarien iritzi, aholku eta erabakiak kontuan hartuz. Arkarazo nahaste mahaian lanean ari den bitartean, taldekideak atzean dagoen sofa batean eserita daude, abestiei eta teknikariaren proposamenei adi. Guztien arteko giro ona nabaria da. «Hona etorri ginenean, ez genuen Martxel ezagutzen, baina jada taldeko beste kide bat balitz bezala da», jakinarazi du taldeko abeslariak. «Entseguetan gure eztabaidak izaten baditugu ere, grabaketa prozesuan ez dugu inolako liskarrik izan», gaineratu du Martinez gitarristak.
Nahaste mahaia dagoen tokitik, grabaketak egin dituzten gela ikus daiteke: bateria bat, teklatua, pianoa eta grabaketarako beharrezko diren tresneriaz beteta. Estudioko azpiegiturak aprobetxatuz, taldekide guztiak aldi berean jotzen ari zirela grabatu dituzte kantuak, musika tresna bakoitzaren soinua bereizita erregistratuz, taldearen estiloari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, Aranzabalen esanetan. Modu honetan, aretoaren erdigunean kokatu ziren bateria eta baxua, azken horren soinua zuzenean mahaira grabatzen zelarik. Beste bi instrumentuak, gitarra elektrikoa eta akustikoa, ahotsarekin batera, aparteko bi gela txikitan grabatu ziren. Gitarra elektrikoa erreberberazioa maximoa den gela bizian, eta akustikoa, ahotsarekin batera soinua era garbian hedatzen den gela lehorrean.
Instrumentu guztiak batera
Hala ere, une oro entzungailuetatik besteen musika entzuten zuten, bai eta begirada eta imintzioen bidez komunikatu ere. «Taldearen izpirituari eusteko, ezinbestekoa zen guztiok batera jotzen ari ginela grabatzea», ziurtatu du Aranzabalek. Kantu bat jotzen duten aldiro modu ezberdinean egiten dutela azaldu du, matiz ezberdinekin. Eta bariazio horiek guztiak diskoan islatzeko, instrumentu guztiak aldi berean joz grabatzea erabaki zuten.
Aipatutako taldekideek ez ezik, diskoan beste zenbait lagunek ere parte hartu dute. Aranzabalen arabera, ez dira kolaborazio huts,proiektuan sartuta dauden kideak baizik. Diskoa euren filosofiari jarraiki sortu dute: autoekoizpenaren bidez eta elkarlanean. Esnatu dira izendatuko dute, eta eurek konposatutako sei abestiz gain, bi kanturi letrak jarri dizkien Jon Benito idazlearen hainbat poesia jasotzen dituen kaier bat eta «aurreratu ezin» duten edukia duen beste CD bat ere izango ditu. Diseinua, bestalde, Alain Urrutiaren lana da.
Sei abestietatik bat, Flow, instrumental hutsa da, eta beste batek oraindik ez du izen ofizialik.
Talde gaztea
Zortzi hilabete besterik ez dira laukote honek taldea sortu zuenetik, eta dagoeneko irailean Kutxa Kultur jaialdian jotzeko hautatu dituzte. Ilusioz eta gogoz beterik daude. Taldearen sorreratik jasotako kritika oparoek bultzatu dituzte diskoa grabatzera, eta ez dute bigarren bat ateratzea baztertzen.
Taldearen dinamika oso garrantzitsutzat jo du Aranzabalek. Abestien oinarria berak moldatzen badu ere, ondoren guztien ekarpen eta iritziekin atontzen dituzte. «Entzuteko musika lasaia egiten dugu», esan du. Datorren abuztuan Donostiako Aste Nagusian joko dute.
Grabatzen, grabatzen!
Folk doinuak entzuten dira Lou Topet taldearen Esnatu dira estreinako diskoko sei abestietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu