Onena», eta ahal bazuen «gehiago» eman nahi zuela kantatu zuen Beñat Ugartetxeak hasierako agurrean, eta hark irabazi zuen Basauriko (Bizkaia) finalaurrekoa joan den igandean, 508 punturekin. Horrenbestez, Bilbon abenduaren 17an jokatuko den finalean izango da. Haren atzetik sailkatu ziren Onintza Enbeita (497), Xabat Galletebeitia (495), Imanol Uria (474), Joseba Artza (442,5) eta Aitor Bizkarra (420). Aspaldian zegoen Ugartetxea saio batekin «horrenbeste sufritu gabe». Finalaurreko saioa eta txapelketako «tentsioak» albora utzita joan nahi luke finalera, «gozatzera». Sufrituta, baina ale politak utzi zituen saioko irabazleak.
Hamarreko handiko ariketak hasi zuen saio puntuagarria. Oporretan Afrikara joandako bi lagunen ahotik kantatu zuten Ugartetxeak eta Enbeitak; heldu eta berehala jakin zuten 200 pertsona hil zirela bezperan itsasoan itota, Europara joateko ahaleginean. Hala hasi zuen ofizioa Ugartetxeak: «Ta ohartu naiz nola mundua/ dagoen oso aldrebes…/ Nik nire ametsa bete dut baina/ berrehun lagun horiek ez». Zorrotz eta ziniko erantzun zion Enbeitak: «Gu hegazkinez etorri ginen/ lehen klasean ederto./ Batzuk uretan itoten dira/ guk oporrak izateko». Saioa bukatuta eta «helburuak beteta», sentsazio «onak» zituen Enbeitak. «Matematikoki» sailkatuta dago, eta, azken finalaurrekoan sorpresa handirik gertatu ezean, finalean kantatuko du.
Egindako saioarekin «oso gustura» zen Bizkarra, eta bereziki «konforme» zen hamarreko handiko ofizioarekin. Bi gurasoren larruan jarri zituen ariketako gaiak Artza eta Bizkarra. Haur baten gurasoak ziren, eta beste bat harreran hartzea aztertzen ari ziren. Baikor amaitu zuen Artzak: «Bi gauza lortu baititzakegu/ eta hori ez ukatu:/ geure bizitza osatu eta,/ haren bizitza salbatu». Zalantzaz erantzun zion azken bertsoan Bizkarrak: «Nahiz bizipoza emon nahi berai/ nahiz horixe dogun plana./ Lana badogu baina etxean/ zeinek hartuko dau lana?». Txapelketak eragindako «urduritasunak lotuta» sumatu zuen bere burua Galletebeitiak, baina azkenean ondo sentitu zen. Hamarreko handian aritu zen «erosoen». Ospitalean jarri zituen gaiak Galletebeitia eta Uria, anorexia zuen lagun bati bisitan joanda. Osasuna ingurukoen laguntasunak ekarriko ziola kantatu zuen Uriak, eta kezkaz erantzun zion Galletebeitiak: «Tratamentua ondo bete du/ ta mina doa arintzen,/ bera hobeto ikusi arren/ ez naiz hobeto sentitzen».
«Akats pare bat» egin izanaren «penaz» zen Uria saioa amaitzean, baina bertsoaldi batean baino gehiagotan asmatu zuen gaiari erantzuten. Bizi aritu ziren zortziko txikiko ariketan bertsolariak. Haien antzerki taldearen lan batean aritzeko eskatu zion Bizkarra bilobak Uria aitonari. Lana jendaurrean aurkeztu, eta aitonak jaso zituen zorion mezu guztiak, bilobak jaso beharrean. Fin hasi zen Uria, «bizitakoa ez da/ antzeztu beharrik» kantatuta, eta haserre jarraitu zion Bizkarrak: «Patuak gaur nirekin/ a ze mendekua./ Zuk karisma daukazu/ ta nik talentua». Saioari «umoretik zerbait ematea» zen Artzaren helburua, eta ariketa gehienetan utzi zuen kolperen bat. Zortziko txikian Enbeitarekin egin zuena izan zen saioko bertsoaldirik bizienetakoa, eta eskertu zuten entzuleek. Informatikaria zen Enbeita, eta beti mesede eske deitzen zion laguna Artza. Enbeitaren ile eta zapata «arraroak» aipatu zituen Artzak, «baina ez dizu ardura/ friki bat zara ta» kantatuta. Bizi erantzun zion Enbeitak: «Frikia izango naz/ beti moldez, aldez/ baina zure laguna/ gaurtik aurrera ez».
Eztabaidarako baliatu zituzten bertsolariek hamarreko txikiko ariketako ofizioak. Komertzial lanetan hasi berriak ziren Ugartetxea eta Bizkarra. Atez ate aurpegi ona jarrita joan beharraren gogorrari kantatu zion lehen bertsoa Bizkarrak: «Irribarreak ez dau/ triparik beteten». Umoretsu erantzun zion Ugartetxeak, bezeroei ezer baino lehen «kaixo etxekoandra/ zeinen guapa zauden» esan behar liekeela kantatuta.
«Azkenean, zure izena esan dute. Barrura sartu zara». Gai irekiari tiraka, nork bere istorioa eraiki zuen kartzelako ariketan. Iban Mayo txirrindulariaren ahotik kantatu zuen Ugartetxeak, epaiketara deitu zutela aipatuta: «Iban Mayo naiz izen-deituraz/ txirrindulari izana,/ txirrindu zale asko ta askori/ hamaika plazer emana./ Larrosa baten modukoa da,/ aldiz, nire iragana:/ Petaloak dira fama/ ta arantzak EPO drama./ Baina gaur ere garbi esango dut/ nik ezer ez nekiana…/ Nik nire lana egiten nuen,/ medikuek euren lana». Azken bertsoan biribildu zuen lana: «Goi kirolari bat bihurtzen da/ medikuaren esklabo,/ bere munduan sartzen da eta/ ez da besta ez abaro./ Chema del Olmo biktima izan zen/ ni izan baino lehenago./ Patxi Vila geroago…/ Baina noan haratago:/ Messi, Nadal, Phelps edo Usain/ puntaren puntan luzaro./ Dirua mugitzen den kiroletan/ dopina denetan dago».
Epaiketara deitu dutenaren ahotik kantatu zuen Enbeitak ere, Rita Barbera PPko buruzagi ohiaren azalean: «Gehiengo absolutuko/ nire hiru alkatetzak, / nire perlazko koilarrak, / eta silloiaren ertzak…/ Amets gaizto bihurtuta/ lehengo nire ametsak…/ Epaiketara deitua/ honek bai ordu nekezak./ Lehen dana barkatuta/ orain hartu ei dauz presak./ Ezin ur gehiago hartu/ guk usteldu gendun presak. /Baina igual galdeketak/ izango dira errezak,/ nire beste datu dakiz/ nire aurreko juezak». Gaia entzun eta «berehala» erabaki zuen Bizkarrak Fidel Castro hil berriaren azaletik kantatzea.«Memoria ipini lei/ igual Girongo hondartzan/ edo eta gogoratu/ langile herria martxan./ Kasik kubatar guztiak/ nire eskutan neukazan,/ baina azkenean ni ere/ sartu ebanozko kaxan./ Yankiek ta gusanoek/ diktadore baten trazan/ ipini nabe eitteko/ nire hilobian dantzan…/ Baina historiak esango dau Fidel Castro zein izan zan».
Bilbo, gero eta hurbilago
Datorren abenduaren 3an, larunbatez, jokatuko da azken finalaurrekoa. Larrabetzuko (Bizkaia) udal frontoian arituko dira Ander Elortegi, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Julen Erezuma, Mikel Goiriena eta Miren Amuriza. Orduan erabakiko da zein zortzi bertsolari arituko diren Bilboko finalean kantuan. Beñat Ugartetxeak eta Jone Uriak —lehen finalaurreko garailea— lortu dute jadanik sailkatzea.
Gozatuta beste, gozatzeke
Beñat Ugartetxea gailendu da Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Basaurin. Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia sailkatu dira haren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu