Gerra hasita, Gernika bondardatuta, Aurelio Arteta margolariak Miarritzen (Lapurdi) margotu zuen 36ko gerrari buruzko bere triptikoa, 1937tik 1938ra bitartean. Izua, erbestea, heriotza. Haren lanik ezagunenetako bat da. Bilboko Arte Ederren Museoan, Bilboko Guggenheim museoan eta Arabako Arte Ederren Museoan ez ezik, Londresen ere egon da ikusgai azken hamarkadan. Utzita beti. Orain arte. Triptikoaren azken jabeak Arabako Aldundiari eman baitio orain koadroa, beste hainbat artelan esanguratsurekin batera, ondarearen gaineko zergari zegokion 4,3 milioi euroko zorra ordaintzeko bertako ogasunari.
Franciso de Goyaren lau grabatu sail esanguratsuenak ere badaude bilduman. Osorik daude Gerrako desastreak, Tauromakia, Kapritxoak eta Disparateak. Eta, hain zuzen ere, sail osoak izateak egiten du bereziki esanguratsu bilduma. Horiez gainera, bilduman badira Diaz de Olanoren hainbat artelan ere. Grabatuek ez ezik, guztira laurogei koadro inguruk osatzen dute multzoa, eta ondorengo artisten lanak ere badaude tartean: Andres Apellanizenak, Valentin Zubiaurrerenak, Fernando Amarikarenak eta Jose Arruerenak tartean.
Juan Zelaia Letamendi fundazioak 2018az geroztik Arabako Arte Ederren Museoan utzita zeuzkan orain ordainetan eman diren bildumako artelanetako batzuk. Goyaren grabatuak eta Artetaren triptikoa, kasurako. Ogasuneko datuak konfidentzialak dira, ordea, eta, beraz, Arabako Aldundiak ez du zordunari buruzko daturik eman.