Goyaren kazeta beltza

Artistaren 200 grabatu baino gehiago bildu dituzte Gasteizko Vital Kutxa aretoan, 'Goya, garai bateko kronista' erakusketan'Gerrako hondamenak' saila Goya hil ondoren argitaratu zuten, zentsuragatik

Goyaren 200 grabatu baino gehiago ikus daitezke Gasteizen; argazkian, Burugabekeriak saileko Hegan egiteko modua grabatua. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Argazki kameraren beharrik gabe, grabatuaren teknikari esker, garai bateko Espainiako kronikagile bikaina izan zen Francisco de Goya (1746-1828). Gaurko egunkarietan lekua izango luketen irudiekin, orduko gizarteko bidegabekeriak zorrotz islatu zituen, eszena gogor eta beldurgarrienetatik itxurazko jai giroaren atzean ezkutuan dagoen pasarte iluneraino. Horiek Goyaren beraren iruzkinekin osatuta, urte batzuk beranduago idatzi zituenak, ezinbesteko bilduma osatzen dute. Gasteizko Vital Kutxa fundazioaren aretoan sorta haren berrehun pieza baino gehiago paratu dituzte Goya, garai bateko kronista erakusketan. Apirilaren 22ra bitarte ikus daiteke.

Erakusketako grabatu serieen artean lehendabizikoa Kapritxoak izenekoa izan zen, 1799koa. Erretratugile modura enkarguzko lanak egiten zituen bitartean, ibilbide pertsonalago bati ekin zion, eta ordura arte marraztu ez zituen eszena gordin eta kritikoek hartu zuten lekua haren koadroetan. Boteretsuenen itxurakeria, Elizaren jarrera zurrunaedota prostituten babesgabetasunaren satira atzeman daiteke grabatuetan eta testuetan. «Orduko eta egungo agertokiak berdinak dira, aktoreak aldatu dira; duela hamar minutu egindako kronika izan zitekeen», adierazi du erakusketaren komisario Marisa Oropesak.

Rembrandt, Albrecht Durer eta Leonardo da Vincirekin batera, grabatuaren teknika maisuki landu zuen Goyak Gerrako hondamenak bigarren sailean ere agerian utzi zuen moduan. Odola, hilotzak, gorpuzkiak, denak grabatu ilunetan bilduta. Berriz ere garaiari aurrea hartu eta Frantziaren eta Espainiaren arteko gerraren kronista nagusia izan zen1810eko hamarkadan. Maiatzaren 3a koadro handiarekin batera, grabatu txikien bitartez bildu zituen sarraskiaren irudiak. «Krudeltasun handiko irudiak ikus daitezke lehendabiziko atalean, gizartean gerrak utzi zituen ondorio larriekin eta agintariei egindako kritikarekin batera», azaldu du Oropesak.

Lehenengo grabatu sailean izan zuen zentsuragatik, ordea, 40 urte beranduago argitaratu zituen San Fernando Akademiak Gerrako hondamenak sortakoak, Goya hil zenetik 28 urte pasatuta.

Bestelakoak dira Tauromakia eta Burugabekeriak, itxuraz, ikuskizun eta festaren erdian bortizkeria agerian uzten baitute. Zezen festaren ohiko ikuskizun irudiaz harago, horren dramatismoa agerian utzi zuen Tauromakia grabatuetan: «Zezenketen festa irudikatu arren, atzean dagoen tentsioa eta zenbaitetan bortizkeria agerikoa da». Eta krudelkeria hori ere nabaria da Burugabekeriak sailean, inauterietako mozorroen atzean ezkutatzen duen arren: «Gizakiaganako begirada garratza ez du albo batera uzten, inauterien inguruko grabatuak izan arren, jaietako basakeriak are nabarmenago geratzen dira mozorrotuta daudenean».

Arrakasta, berandu

Grabatuan Goya maisu izan bazen ere, ez zuen haiekin berehalako arrakastarik izan. Madrilgo Desengaño kalean salgai jarri zuen lehen saila, baina laurogei iruditik lau baino ez zituen saldu. «Osunako dukeak erositako lau bakarrik saldu zituen; [Gaspar Melchor de] Jovellanosekin gizarte liberalago baterako aukera izango zela uste zuen, arteari ere bide berriak emango zizkiola, baina egoera horrek ez zuen asko iraun». Zentsurak ez zituen haren sormen lanak itzali, ordea.

Erakusketan jasotakoak lehenengo aldiz argitaratutako grabatuak dira, eta horietako gutxi batzuk baino ez dira geratzen. «Serie hauek elkartzea eta, gainera, lehenengo ediziokoak izatea are bereziagoa egiten du erakusketa hau, horiek topatzea ia ezinezkoa delako gaur egun», azaldu du erakusketaren komisarioak.

Zuri-beltzeko irudiekin batera, koadro garrantzitsuenen ikus-entzunezkoa eta Aragoiko pintorearen bizitzako pasarte esanguratsuenak ere biltzen ditu erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.