BERTSO JARRIAK

Gortinak itxita

Eskoriatzan jaio zen (Gipuzkoa), 2001ean. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna, eta Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen 2017an eta 2018an, eta Erre ikuskizunean parte hartzen du egun. Portuak eleberria eta Lazunak azkazaletan poema bilduma eman ditu argitara.

IÑIGO URIZ.
Oihana Arana.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
1
Apaindu ahalko banu
gela bat nirea
zuria litzateke,
txikia, singlea...
baina gero armairu
barrukoei beha:
amets abstraktu baten
antzeko bilbea
eta ate parean
hiru orkidea.

2
Dena legoke txukun:
zapatak ilaran.
Dena legoke garbi:
lixiba bafadan.
Baina joskura behar
denez tarratadan,
laranjondo ihar bat
erdi-erdian traban;
laranja ustel usaina
aditu dezadan.

3
Ohe handi-handi bat
nire neurrikoa,
izara zuri eta
kuxin gorrikoa.
Kuxinpean gaueko
hizkuntzen mitoa:
lehor-lehor dagoen
begien bikoa
eta kaktus aldra bat
uretan itoa.

4
Galtzerdi zulodunak
goraino igota,
gainontzean alferrik
delarik arropa.
Bertantxe nengoke ni,
lorezain idiota,
salda bero batekin
paretaren kontra:
begoniari salda
bota eta bota.

5
Amets bat amesgaizto
bihurtzen da, are,
amesgaizto bat lorez
jantzi dut, goi ta behe.
Pentsatuko duzue:
«ze nezesidade!».
Arrazoi, hemen nago
hitz hautsion jabe
benetan neurea den
logelarik gabe.

6
Baina, ai, hitz hautsiek
daukaten epika
ez al da letra zopa
zail, baina polita?
Hemen jarraituko dut
loreei harrika,
beti ezingo gara
beste(e)ntzat bizi ta;
leihoak zabal-zabal
gortinak itxita.

Doinua: Duela hogei urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.