Gorrotoa sorrarazten duten kate mailak, agertokira

Soziedad Alkoholikak 'Cadenas de odio'-ren soinu «gordina» aurkeztuko du gaur Hatortxu Rock jailadian

Soziedad Alkoholikako kideak, ibilbide luze baten lekukoak. SOZIEDAD ALKOHOLIKA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hilabete inguru igaro da Soziedad Alkoholikak Cadenas de odio (Gorroto kateak) diskoa atera zuenetik, eta bertako abestiak agertokian jotzeko egunak zehazten hasi dira. Hamar kontzertu eskas eman zituzten 2011. urtean, azken diskoaren prestaketan buru-belarri sartu zirelako. Ordea, estudioko lana bukatuta, 2012ko lehen hiru hilabeteetarako hamahiru kontzertu hitzartu dituzte jadanik. «Diskoak, gustukoen duguna egiten jarraitzeko aukera ematen digu: jotzea», azaldu du Juanek, taldeko abeslariak.

«Urtarrilean denbora emango dugu jendeak abestiak entzun ditzan», aurreratu du. Dena den, gaur bertan dago Gasteizko taldearen kontzertua ikusteko aukera, Hatortxu Rocken, Atarrabian (Nafarroa). SArekin batera, Narco, Reincidentes, Leihotikan, Ken Zazpi, Betagarri, Ze Esatek eta Bad Sound System taldeak ariko dira.

Aurrerapen horren ostean, hiru aste geroago, Euskal Herria, Espainia, Katalunia eta Galiziako hamaika txokotara eramango dituzte azken diskoko kantuak. Orain arte, Euskal Herrian bi kontzertu baieztatu dituzte, Atarrabiakoaz gain. Urtarrilaren 28an Gasteizen joko dute, Jimmy Jazz aretoan, eta otsailaren 24an, berriz, Barakaldon (Bizkaia), Rockstar Live aretoan. Europan eta Latinoamerikan ere ariko direla iragarri dute taldekoek, eta kontzertuen egunak hitzartu ahala, osatuz joango da datozen hilabeteetan egingo duten ibilbidea.

Soinu eta hitz «gordinak»

Diskoko hamahiru abestiek osatzen dituzte izenburuak aipatzen dituen gorroto kateak, Juanek azaldutakoaren arabera. «Gorrotoa sorrarazten duten jarrera eta egoerei buruzkoak dira abestiak, eta kate maila horiek elkartuta, katea osatzen dute». Monarkia, faxismoa... Testuak esplizituak direla nabarmendu dute, inguruan ikusten duten horretan funtzionatzen ez duten gauzetatik sortuak. «Haserretzen gaituen hori da hitzak idazterakoan motibatzen gaituena, eta amorru hori adieraztea».

SAk egin ohi duenaren ildotik doan diskoa dela nabarmendu du Juanek. Ordea, soinu aldetik «gordinagoa» dela azaldu du. Iritzi berekoa da Jimmy, gitarra jotzaileak, eta Sesion#2 diskoarekin hasitako bidean beste pauso bat dutela nabarmendu du. Disko hori SAren lehen diskoaren beste grabazio bat izan zen, eta, Cadenas de odio bezala, Tue Madsen, Sick Of It All edota The Haunted taldeekin lanean ibilitako ekoizleak egin zuen, Gironako Music Lan estudioetan grabatu ondoren.

Madsenek SAren Mala sangre diskoa ere ekoitzi zuen, 2008an, eta pozik daude taldeko kideek egiten duten lanarekin. «Diskoa, ohi baino bortitzagoa atera da, latzagoa», esan du Jimmyk. Nahasterakoan, Tue Madsen «punk» samarra dela uste du Juanek, eta zarata «eztitzeko» ahaleginik ez duela egiten. «Gure musika ulertzen du, esandakoa tutik ere ulertzen ez duen arren». Ordea, aurreko bi diskoekin ez bezala, Cadenas de odio bere kabuz argitaratu du taldeak. «Indarra eta gogoa genuen lan hori egiteko», dio Jimmyk. Diskoaren banaketa BOAk egin du, Mil A Gritos SAk sortutako zigiluak egiten zuen bezala.

Diskoaren barruan zenbait berezitasun daudela azaldu dute SAko kideek. Alde batetik, euskarazko abesti bat grabatu dute, Gora goaz izenekoa. «Aspaldian genuen hori egiteko asmoa, eta hona hemen emaitza». Bestetik, Ningun respeto abestian, Non Servium taldeko abeslari Carlosek parte hartu du. «Nazien eta faxismoaren aurkako jarrera partekatzen dugu, eta abestia ildo horretatik doanez, ukitu berezia eman dio».

Azala bera ere erosleei eskainitako opari bat dela uste dute Sociedad Alkoholika taldeko kideek. Brent Elliotek marraztu du azala; besteak beste, Arch Enemy eta Megadeth taldeekin lan egiten duen diseinatzaileak, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.