Beharbada «ausarkeriaz» aritzen den itzultzaile bat dela esan du Joxe Mari Berasategik, eta ez da gutxiagorako, besteak beste literatura unibertsaleko idazle garrantzitsuen lanak euskarara ekartzen ari baita azken urteotan. Anne Carsonen Gorriren autobiografia. Nobela bat olerki lerrotan da euskarara ekarri duen azken liburua (Erein). Argitaletxearen Literatura Unibertsala bildumako 189. pieza da. Berasategik aurretik ere euskaratuak zituen bilduma horretarako beste lan batzuk: Kate Chopinen Ekaitza eta beste 34 ipuin (2021); Maryse Conderen Bihotza, negar eta irri (2021), eta Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa (2022).
Carsonen liburuak greziar mitologiako munstro bat du ardatz, eta haren autobiografia egiten du, olerkia eta narrazioa tartekatuz. 1998an kaleratu zuen lana, eta, Berasategik azaldu duenez, hasieran «ez zuen harrabotsik sortu». Urte batzuk geroago, ordea, pare bat sari jaso zituen, eta, ondorioz, kritikaren gorespena jasotzen hasi zen. 2013an, haren jarraipena izango zen beste argitalpen bat atera zuen: Red Doc —ez dago euskaratuta—.
Heraklesen hamargarren lanetik dator Gorrien autobiografia ardatz duen mitoa. Estesikoro poetak idatzi zuen testu hori (K.a. 630-550). Jatorrizko mitoan, Heraklesek Gerion munstroa hiltzeko lana du, haren abere taldeaz jabetzeko. Egileak, ordea, XX. mendeko Amerikara ekartzen du mitoa, Gerionen pertsonaia erdigunean jarriz. «Ez-ahaltsuen ikuspegia landu nahi izan zuen Carsonek; biktimena», esan du itzultzaileak. Munstroak hiru urte zituenetik 20 bete zituen arteko bizitza kontatzen da liburuan.
Greziera ikastea
Toronton jaio zen Carson (Kanada), eta herriz herri pasatu zuen gaztaroa, aitaren lan aldaketak zirela medio. Ikasi zuen institutuetako bateko latineko irakasle batek, ikusirik nola interesatzen zitzaion latina Carsoni, greziera irakatsi zion. Gaur egun, greziera klasikoa irakastea du idazleak bizimodu.
Egilea, liburua idazterakoan, ohartu zen agian irakurleek ez zutela istorioa ondo ulertuko, eta, Berasategiren hitzetan, «autobiografia testuinguruan jartzeko» lana hartu zuen. Horrela, autobiografiaren aurretik, bai eta ondoren ere, hainbat testu gehitu zizkion; sei denera. Horietako bat da sarrera, Haragi gorria: zer alde egin zuen Estesikorok? izenburua jarri ziona. Bertan, Gertrude Stein idazlearena egiten du Carsonek —haren zale handia zen—, mitoaren eta haren egilearen inguruko informazio orokorra emanez.
Bigarren atalean, gaurko egunera iritsi diren Estesikororen testuen zatiak daude itzulita; hamasei guztira. Hiru eranskin ere gehitu zizkion, egilearen bizitzari buruzkoak. Horren ostean dator Gerionen autobiografia, 47 olerki-narraziotan jasota. Amaitzeko, berak Estetiskororekin izandako fikziozko elkarrizketa bat irudikatzen du Carsonek.
«[Carsonen] zale direnentzat, poesia baino zerbait gehiago izango da haren lana, eta harekin kritiko direnentzat, aldiz, poesia baino zerbait gutxiago».JOXE MARI BERASATEGIItzultzailea
Itzultzailearentzat, Gorriren autobiografia-ren egilearen ezaugarririk bereizgarriena generoen arteko nahasketa da; olerkia eta prosarena, hain zuzen. «Haren zale direnentzat, poesia baino zerbait gehiago izango da haren lana, eta, harekin kritiko direnentzat, aldiz, poesia baino zerbait gutxiago», kontatu du. Carsonek berak 2011n emandako elkarrizketa batean aipatu zuen prosazko lan bat egiteko asmoa zuela hasieran, eta modu «desberdin» askotan saiatu zela hori egiten. Halako batean, esaldien luzerarekin jokatzeko ideia izan zuen, eta, emaitzarekin gustura geratu zenez, metodo horrekin jarraitzea erabaki zuen. Egilearen estilo hori dela-eta liburuaren tamaina apur bat handitu behar izan dutela kontatu du Inazio Mujikak, Ereineko editoreak.
Liburua itzuli izana erronka «gozatsua» izan dela aitortu du Berasategik, eta lan horren ondoren egilearen lan gehiago irakurtzeko eta itzultzeko gogoa sortu zaiola: «Hemen arduradun nagusiak daudela, botako dut amua, batek daki», esan du, barre artean.
Itzulpen berrien bila
Mujikak esan du Literatura Unibertsala bilduma «eskola bat» dela itzultzaileentzat, eta, agian, ematen zaion baino leku handiagoa ere eman beharko litzaiokeela. Bilduma EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea), Eusko Jaurlaritzak eta Ereinek sinatutako akordio baten bidez sortu zen. Carsonena 189. alea da, eta EIZIEko ordezkari Isabel Etxeberriak aurreratu du udazkenean aurkeztuko dutela 190.a. Elsa Moranteren Arturoren uhartea itzuliko du Koldo Bigurik.
Jada beste bi itzulpen proiektu dituzte esleituta: Dostoievskiren Krimena eta zigorra —Aroa Ugartek itzuliko du—, eta Pepetela idazle angolarraren —ezizena da— Utopiaren belaunaldia. Beste bi itzulpen egiteko lehiaketa zabaldu dute bildumaren arduradunek, eta irailaren 10era arte egongo da lanak aurkezteko aukera. Bi modu daude bidaltzeko: [email protected] helbidera, edo elkartearen egoitzara, postaz. Fatima Mernissiren Dreams of Trespass, eta Sheridan Le Fanuren Carmilla dira itzultzeko dauden lanak.