Iazko maskaradak Muskildiko gazteriaren eskutik etorri baziren, aurtengoak Urdiñarbeko gazteriaren eskaintza izango dira. Arbaillako bi herri auzoei bata besteari hurbiletik jarraitzea gustatzen zaiela dirudi. Izan ere, maskaradetan urte batetik bestera lekukoa eramateaz gain, pastoraletan ere egingo dute, 2021. urtekoa Muskildik eskainiko baitu. Urdiñarbe izango da 2022koaren paratzaile. Herriko jaien kontuan ere, elkar jarraitzen dute, bien kasuan irailean gertatzen baitira.
Ezaugarri hori azpimarratzeaz haratago, jakitekoa da Urdiñarben antolatutako azken maskaradak 2006. urtekoak izan zirela. Orduz gero, haatik, ez da maskaradarik gabeko urterik izan, honek berak agerian uzten duelarik Zuberoako inauteria berezien bizitasuna. Aurtengoei dagokienez, beraz, lehen agerraldia igande honetan egingo da, herrian bertan, ohiturak nahi duen legez. Eta azken agerraldia apirilaren 21ean izango da. Bien bitartean, Urdiñarbeko maskaradakariek—maskaradetako arizaleek— hamalau jelkaldi edo ateraldi egingo dituzte Zuberoan zehar. Jelkaldi horietatik gehienak —Urdiñarbe bertako bi agerraldiez gain— igandetan gertatuko dira; baina biren kasuan, larunbata izango da ikusgarri eguna, hain zuzen, Maule-Lextarre (otsailaren 23a) eta Aloze-Ziboze-Onizegaine (martxoaren 30a) harrera egile izango dituztenak. Gogoan eduki behar da maskarada egun bat barrikada hausteekin hasten dela —hots, harrera egiten dioten herrietako dantzarien eta maskaradakoen arteko lehia— goizeko hamarrak inguruan, eta maskaraden agerraldia bera arratsaldeko hiru eta erdietan finkatua dela, sarritan geroago hasten bada ere.
Aitzindari gorri eta beltzak
Maskaradez xehetasun gehiegi aurrez ematea ez da komeni. Haatik, aurtengoen berezitasun bat berehala begi bistakoa izango dute ikusleek: hau da, bi aitzindari talde badaudela, ohiko gorriak eta ez hain ohiko beltzak. Urdiñarbeko herria ezagutua da XX. mende hasieran bertan gertatu ziren gorrien eta xurien arteko borroka gogorrengatik. Gatazka horiek gorena jo zuten 1909an, urte hartan bi pastoral gertatu baitziren egun berean; hots, Abraham, xuriek paratua eta Hélène de Constantinople, gorriek antolatua. Horretan, baina, istripu larri bat gertatu zen, oholtzaren erortzeak lagun bat hil baitzuen. Garai haietako gorriak eta xuriak aurrez aurre egotetik aurtengo maskaradetan gorriak eta beltzak elkarrekin jarduteak jendartearen baitako bilakaera erakusten du, nonbait.
Guztira hamar aitzindari plazaratzea dantza eskola oparoa duten herrien seinale da. Maskaradetako bost dantzari horiek lerroan sartzen dira, bai gorriak eta bai beltzak, ordena honetan: Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina eta, nahikoa bitxi baldin bada ere, Entseinaria azkenik. Dantzariak egotea da Zuberoako maskaradek, beste baserri inauteriei alderatuta, daukaten ezaugarri nagusia. Aitzindariek ematen dituzten dantzen artean, kauterrek eta buhameek ikusleak «gonbidatuko» dituzten bakarra bralea da. Aurtengo bralean zirkulua eginen dutenak —hots, maskaradakari gehienak, salbu aitzindariak, kauterak eta buhameak, horiek erdian dantzan ariko baitira—, nola «gonbidatuak» zutik geratuko dira, dantzaren denbora osoan. Ohitura zaharrak hala izan dadin nahi luke beti, baina usaia hauste batek eragin du behin baino gehiagotan zirkulukoak eseri zitezen. Urdiñarbeko bralearen inguruan itzulika dabiltza, aldiz, buhameak eta belagileak (sorginak). Hain zuzen, belagile talde bat egotea, neskak jakina, eta joko zati bat ematea da aurtengo maskaraden beste berezitasunetatik bat.
Berrogeita hamar arizale
Oro har, arizale talde oparoa agertuko dute Urdiñarbeko maskaradek, berrogeita hamar bat aterako baita plazara. Gazte horietako batzuk izendatzearren, hauek dira Urdinarbeko zenbait maskaradakari. Aitzinadari gorriak, batetik: Txerrero, Elorri Berrogain; Gathuzaina, Marion Orreindi; Kantiniersak, Maiana Barreix eta Camille Keheillalt; Zamaltzaina, Iban Etxegoinberri; Entseinaria, Ximun Bedekarrat. Eta aitzindari beltzak, ondoren: Txerrero, Maitena Berrogain; Gathuzaina, Eloise Coyos eta Maider Daguerre; Kantiniersa, Maritxu Negelua; Zamaltzaina, Bixintxo Berrogain; Entseinaria, Xabi Etxegoinberri. Kukuilleroak, hots, dantzari ikasleak, Pette Karrikiriborda, Jon-Marcel Kaparrus, Pette Hontaas, Julen Lanouguere, Julie Larregain, Pauline Etxebarne, Amaia Etxeto eta Joana Boissinot izango dira. Maskaradakarien zerrenda osatuko dute Jaun eta andereak, laborari eta laborarisak, kherestuek, xorrotxek, marexalek, buhame jaunak, buhameek, hartzak, Kabana Handiak, Pitxuk, kauterek, belagileek eta medezinek.
Gorri eta zurietatik, gorri eta beltzetara
Urdiñarbeko maskaradek Zuberoako plazak alaituko dituzte, igande honetan hasi eta apirilaren 21a bitarte. Arizaleek hamalau ateraldi egingo dituzte guztira; bitan salbu, igandetan izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu