Gorputzez girotutako albuma

'Ezpainetakoa' album ilustratua argitaratu dute Ane Labakak eta Malen Amenabarrek. Peru Abarka lehiaketa irabazi zuten iaz

Ane Labaka eta Malen Amenabar, Ezpainetakoa albumaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Gauza batzuk ez dira inoiz bukatzen. Bukatu aurretik galdu egiten ditugu beti», esaldiarekin hasten da kontakizuna. Eta bukatu aurretik galtzen den zerbaiten adibidea dator jarraian: ezpainetakoa. Izenburu hori bera jarri diote Ane Labakak eta Malen Amenabarrek kaleratu berri duten album ilustratuari. Txakur Gorria sormen kolektiboko kideak dira biak —Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera—. Proiektu ugari egin izan dituzte elkarrekin; oraingoan, ordea, ezberdina izan da lan egiteko prozesua. Markina-Xemeingo (Bizkaia) Udalak eta Ereinek antolatzen duten Peru Abarka lehiaketan, narraziorik onenaren atala irabazi zuen Labakak. Testu hori nork ilustratuko zuen erabakitzeko lehiaketa egin zuten ondoren, eta Amenabarren proposamena onetsi zuen epaimahaiak. Elkarlanean sortu beharrean, Labakak idatzitako testu itxi baten gainean aritu behar izan du, beraz, Amenabarrek. Hala ere, uste dute bien arteko loturak lagundu duela testua eta irudia hobeto uztartzen.

Kontakizun kronologiko batek osatzen du testua, baina, tartean, hausnarketa batzuk sartzen ditu idazleak. «Ez zen izan hasieratik hartutako erabaki bat. Nik beti eduki izan dut idazteko ohitura, baina, oraingo bizi estiloarekin, ez daukat nahikoa denbora. Iruditzen zait, bizi erritmoagatik, horrelako collage estiloko zerbait atera zaidala». Ilustratzaileak, aldiz, testua irakurri orduko oso argi ikusi zuen ezin zuela literalki ilustratu, «erredundanteegia» geratuko zela bestela, eta beste interpretazio bat egiteko ahalegin berezia egin du. Hala, irudi figuratiboagoekin osatu du zati kronologikoa, eta tipografiarekin jolastu da hausnarketen partean: «Hausnarketak hain onak direnez, iruditu zitzaidan testuari garrantzia eman behar niola».

Lehen pertsonan dago idatzita kontakizuna, eta marraztuta ere, pertsonaia bakarra, emakume pertsonaia baten gorputza. «Irakurri nuenean, nire pertzepzioa izan zen oso gorputzetik idatzitako testua zela, eta erabaki nuen gorputz atalak marraztea, gainjarritako kapekin». Baietz erantzun dio Labakak, gorputza oso presente dagoela istorioan. «Ateratako moduan idatzi dudalako, eta gorputzean arreta jartzeak ahalbidetu didalako gorputza zeharkatzen duten beste hainbat gauzari buruz hitz egitea». Botere harremanak, sexua, maitasuna eta abar ageri dira kontakizunean. Gaineratu du, gorputz atal ugari aipatuz paisaia edo giro korporal bat sortzen saiatu dela.

Amenabarrek, berriz, istorioari osotasuna emateko, irudi denak kapekin osatu ditu, eta kapa batzuk irudi guztietan errepikatu ditu: «Mosaiko antzeko bat egin nuen mantel bat irudikatzeko, eta irudi guztietan errepikatzen da, ze niri kontakizun honek manta batean bilduta egoteko domeka arrasti euritsu deprimigarri bat gogoratzen dit, oso norbere buruari begira egotekoa».

Testua eta irudia, parean

Horren harira, bi sortzaileek elkarri galdetu diote barrura begira edo kanpora begira sortzen duten. «Urte askoan, terapia moduko zerbait izan da niretzat idaztea; beste asmorik gabe egin izan dut, eta lagundu dit korapilo batzuk askatzen», esan du Labakak. Gaineratu du lehiaketa batera aurkezteko erabakiak, norbere buruarentzat ari arren, aldiro kanpoko faktore hori neurtzea ere eragiten duela. «Baina sortzen dudan aldiro badago behar bat, barrutik sortzen zaidana». Baietz erantzun dio Amenabarrek ere. «Niri mamu asko sortzen dizkit kanpoko horrek; gainera, mimoz tratatu nahi nuen Ezpainetakoa, eta banuen beldurra ea jarritako helburu horretara helduko ote nintzen. Lagun batekin lan egitea zortea da, eta horrelako gauza bat argitaratzea ere bai, baina nahi izaten duzu ondo egin».

Albuma esku artean hartuta, gustura geratu dira egindako lanarekin. Eta gustura lehiaketarekin ere. «Normalean testua hartzen da oinarritzat, eta gu testua apaintzen duten pertsonak izaten gara. Album ilustratua, ordea, bi faktorek osatzen dute: guk testua jaso, ideiak interpretatu eta gero gure lana egiten dugu; hemen, bi alorrak parean daude, eta hori ez da ohikoena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.