«Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik / eta harrixkak baztertuta ahoratu gero, / baina ez dut denak kentzerik lortu. / Minduta, odoletan hasi zaizkit hortzoiak…». Horrela hasten da Esperimentu geofagoa l(ab)orategian, Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko erredaktorearen Baita hondakinak ere liburuko (Susa, 2012) aurreneko poema. Poema liburu hori irakurri zuelarik —poemak gustuko zituela egiaztatzearekin batera—, poemetako asko, aurreneko hori bezala, gorputzetik abiatu eta ekintzara bideratuak zirela jabetu zen Mikel Aierbe literatur irakasle eta ikerlaria, eta poema horiek oholtzara eramateko aukeraz pentsatzera eraman zuen horrek. Aierbek Astizi aukera hori planteatu zion iazko ekainean eta harrezkero pixkanaka-pixkanaka Hondakindegia errezitaldi ez-musikatua prestatzen joan dira biak, bidean batutako hainbat konplizeren laguntzaz. Berlingo Bethanien kultur zentroan estreinatuko dute, bihar, Berlingo Euskal Etxeak gonbidatuta.
«Ikus-entzunezko hibridoa» apailatu dute Iñigo Astizek (Iruñea, 1985) eta Mikel Aierbek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980), «loratze poetikorik gabe, eta lurra oinarri harturik», Hondakindegia iragartzeko esku-orrian diotenez. Biak izango dira oholtza gainean —mahai batek, lau aulkik eta lur meta batek osatutako eszenografia guztiz soila dutela inguruan—, beren ahotsekin eta gorputzekin ikuskizuna aurrera eramaten, «etxeko lorategian lur pixka bat ahoratzetik Euskal Herriari egindako aitorpen pertsonal-politiko batera» doan 50 minutu inguruko bide bat osatuz, horretan lagun dituztela Hasier Goikoleak eta Iñigo Astizek berak egindako bideoak. Eszenategi gaineko lana bideratzeko, Joseba Lazkanoren laguntza izan dute.
Ekintzaren «berezko indarra»
Liburuko poemak oholtzara eramatean, oholtza gaineko ekintza ez dadila izan errezitatutako poemaren «isla edo ilustrazio soil» bilatu dute hasieratik, Astizek dioenez; oholtza gainean ahotsez eta gorputzez egiten dutenak «berezko indarra» izan dezala.«Egitura ahul eta biluzi bat dugu, poemetan esaten denarekin eta esateko dagoen moduarekin bat datorrena. Ez dago narrazio handi bat, eta gure gorputzek, oholtza gainean daudenean, ez dute narrazio bat atzean. Ez dugu antzerki bat jokatzen. Gorputz batzuk dira, gauza batzuk egiten, besterik ez. Ez da antzerkia, ez da dantza, eta performancea ere ez da. Koreografiatuta dago akzioa, ez da performance batekoa bezain irekia».
Esperimentu geo-domestikoa ilunpetan poemaren kasuan, ez dago poemaren irakurketarik ere. Poema hori izenburu bera duen bideo baten bidez agertzen da errezitaldian. Bideo horretan, poetak poeman aipatzen duen ariketa bera egin duten hiru lagunek beren esperientzien berri ematen dute. Poetak kontatzen duen bezala, pertsona horiek egungo beren etxean, ilunpetan, umetako etxearen lekuak irudikatu zituzten, eta esperientzia horren kontaketak ezusterako bidea irekitzen du behin baino gehiagotan bideoan. «Errezitaldiaren tonu orokorra nahiko larria da, baina baditu umore puntuak ere», komentatu du Astizek.
•Bihar: Berlingo Bethanien kultur gunean, 20:00etan, Berlingo Euskal Etxean gonbidatuta.
•Abenduak 29: Azkoitiko Matadeixen, 19:30ean .
•Urtarrilak 28: Gasteizko Parral tabernan, 20:30ean, Geu euskara taldeak gonbidatuta .
Emanaldiak
Gorputzetik abiatutako poesia, gorputzez adierazia
'Hondakindegia' errezitaldi ez-musikatua estreinatuko dute bihar, Berlinen, Iñigo Astizek eta Mikel Aierbek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu