Aldian-aldian gertatzen da. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko bigarren solairuan (Nafarroa), mihise zuri baten gisakoa den horretan, bistara ateratzen dute bertatik soilik metro batzuetara garatutako obra mordoxka bat. Eta, hala, sala labetik atera berria den artez josi. Besteak beste, zentroak berak sustatutako Ekoiztu kultur bekaren karietara izaten da eszena halakoxea, sei hilabetean behin, eta gaur sorrarazi dute hori berriz, hain zuzen ere. Zehazki, beka horren bitartez 2024ko bigarren seihilekoan garatutako ikerketa eta produkzio lanak jarri dituzte ikusgai, ekainaren 15era arte. Honako artista hauen lanak dira: David Perez Jimenez, Eduardo Hodgson eta Gemma Barrikarte.
Hiru artisten lanak elkarren ondoan badira ere, «nork berea egin du», zentroko zuzendari Oskia Ugarteren esanetan. Aurreko deialdien bitartez abiatutako prozesuetan, inoiz sortu da harremanik batzuen eta besteen obren artean, baina hori ez da ezinbestekoa. Izatez, bekaren oinarrietako bat da artistak «guztiz libre» aritu daitezkeela lanean. Esaterako, nahi bezala erabil ditzakete bekak emandako 3.000 euroak, eta, are, beste hau ere bada askatasuna bermatu nahiaren erakusgarri: egonaldian daudelarik, Uhartek erreferentziazko bi pertsonarekin jartzen ditu harremanetan artistak, nahi izatera laguntza eska diezaieten, edo zernahi kontsulta egiteko. Baina, Ugarteren esanetan, figura hori nahita uzten dute «zehaztugabe»: iradoki duenez, ez dira mentoreak, «inondik ere ez» fiskalizazioa egiteko pertsonak, baina laguntzaile izan daitezke. Bekaren edizio honetan, Leire Bergara komisarioa eta Francesc Ruiz artista aritu dira gisa horretara. Eta, hain justu, haiek ere izan ziren beka zer artistak erdietsiko zuten ebatzi zuen epaimahaian.
David Perez Jimenezen (Albacete, Espainia, 2001) lanak Fruncides: gehiegikeria bat du izena. Margolanak, eskulturak eta ikus-entzunezko lan bat paratu ditu ikusgai aretoan, eta pieza horietan guztietan aski nabarmen gelditzen da agerian gai bat: norberaren gorputz biluziarekiko interesa eta lizuna. Zehazki, genitalei eta ipurtzuloei erreparatu die bereziki artistak. Eta piezetan uzkiak antzeman daitezke batik bat; margolanetan argien.
Inspirazioa eta ariketa
Erakusketaren aurkezpenean izan da Perez Jimenez, eta gaiari heltzeko jarraitutako bideaz mintzatu da batez ere. Dioenez, aski bereizita bizi ditu ikerketa eta produkzioa. «Ikerketa gorputzaren zuloetan zentratu dut gehienbat, eta egiten dudan irakurketa oso lotua dago gorputz queer bat naizenez gero dauzkadan premiekin», abiatu du azalpena artistak. Horren aldean, obraren produkzioa diferente bizi du, dioenez. «Motiboa berbera zen, gorputzaren zuloen zera hori, baina niri bereziki interesatu izan zait materialek eskatzen zidatenari kasu egitea, eta buruan neuzkan ideiak —irudi fisikoak, esaterako— bitarteko artistikoekin desplazatzen asmatzea. Eta forma berrietan sakontzea, eta harritu nazatela. Berdin pinturan, eskulturan edo bideoan».
Kolore gorrixkak, arrosak eta moreak gailentzen dira Perez Jimenezen margolanetan eta eskulturetan, eta gorria da bideoan gailentzen den kolorea ere. Ikus-entzunezko pieza horrek hemeretzi minutu irauten du eta mutua da, eta, parte gehienean, pertsona bat azaltzen da zolan etzanda, arrastaka eta bueltaka, luzatzen eta uzkurtzen, gainean material batzuk dituelarik —plastikozko ehun bat, besteak beste—.

Eduardo Hogdsonek (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 2001) bere sorterrira darama bisitaria. Hodei-kapela bat. Mendiaren magalean izena jarri dio obra sortari, eta eskultura batzuek, marrazkiek eta testu batek osatzen dute. Artistak Uharten esplikatu duenez, master amaierako lana egin zuenez geroztik buruan daukan irudi bati tiraka egin du obra hau ere. «Badago argazki bat, 1910. urtearen bueltakoa, non aleman batzuek Teidera eginiko espedizio bat jasotzen den».
«Espedizio horren helburua zera zen, garaiera horretan izaten den haizeak sendatzeko omen zuen ahalmena aztertzea; uste zuten tuberkulosia eta halako eritasunak ere senda zitzakeela haize horrek», garatu du azalpena artistak, eta orduantxe eman du bere erakusketaren motiboaren berri, zehatzago: haizea izan du gogoetagai bereziki. Kanarietakoari erreparatuta, betiere.
Hodgsonen arabera, haize bolada bat sentitu nahi duenak gorputza zabaltzen duen manerak inspiratuta osatu ditu T formako piezak bere lanerako. Gehienek egurrezko egitura dute, eta zenbaitek, oihala ere bai. «Bereziki interesatzen zitzaidan materialek propietate termikoetan azpimarra egitea, eta oihalak erabiltzea bazen horretarako modua».
Beste zenbait ariketa artistikoren arrastorik ere bada haren erakusketan. Adibidez, marrazki batzuk paratu ditu ikusgai, non haizearen eraginez kapelua hegaka ateratzen zaien pertsona batzuk antzeman daitezkeen —obraren izenburua horri lotua da—. Bestalde, Thomas Mann idazle alemaniarraren Der Zauberberg liburuaren testuekin jostatu da —gaztelaniazko itzulpena baliatu du—. Haizea hitza ageri den pasarteak jaso ditu, eta konposizio berri bat osatu du haiekin guztiekin. Horman paratu du emaitza.
Bestalde, Gemma Barrikartek (Iruñea, 1993) arkitekturari eta giza gorputzari erreparatu die Fossiltopia I: azpiegitura eta goragalea lanean. Artista ezin izan da aurkezpenera bertaratu, baina erakusketarako propio idatzitako testuetan utzi ditu, han-hemenka, obraren motor izandako gogoetak. Haietan aitortzen du, esaterako, «giza gorputzaren eta gorputz arkitektonikoaren arteko harreman literal eta bortitzarekiko» daukan interesa; «haragiaren eta harriaren» artekoa.
Bideoak, askotariko materialez osatutako eskultura bat eta horma batean zabal-zabal paratutako collage gisako bat dira nagusi Barrikarteren obran. Artxiboko irudiek protagonismo handia dute collage horretan, eta Javier Saenz de Oiza arkitektoak sortutako Dorre Zuriak eraikina ageri da argazki askotan.
