'maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza'
Egilea: Mckenzie Wark. Itzulpena: Danele Sarriugarte. Argitaletxea: Katakrak.
Estreinakoz irakur dezakegu Mckenzie Wark euskaraz, Katakrak etxeak argitaratu berri duen Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburuari esker. Itzulpena Danele Sarriugarteri zor diogu, itzulpen zintzo bezain fina; hitzostea, berriz, Jokin Azpiazurena da, eta bertan, Warken obraren interpretazio sakon eta arretatsu bat aurkituko du irakurleak. Esango nuke Mckenzie Wark lorpen askorengatik dela ezaguna nazioartean, bere ibilbide profesionalarengatik, bere lan akademikoengatik, bere fikziozko obrengatik; baina, azkenaldian, emakume trans eta adineko bat izateagatik egin da bereziki ezaguna.
Euskaraz irakur dezakegun obran bere ahots pertsonalena bildu du: bere bizitzan, eta batik bat trantsizioa egiterakoan, garrantzitsuak izan diren pertsonei mintzo baitzaie kapituluz kapitulu, eta bitartean, hainbat gairen inguruan hausnartzen du. Gorputz bat deseraikita berrasmatu zen Wark, baina hori baino gehiago deseraiki zuen trantsizioa egiterakoan: jaiotzen garenetik gure genitalitateak markatutako jarrerak, harremanak izateko moduak, subjektibitate ereduak, hain zuzen. Gorputza nahierara moldatzeaz bat birsemantizatu zituen nortasuna eta generoa, bai berak subjektu bezala, bai gizarteak eta bere inguruak ere, «sexua aldatzeak gauza mordo batekin duzun harremana editatzen du» eta. Irakurleak diskurtso hegemonikoaren kritika inplizitu baina zorrotz bat aurkituko du orriz orri, Warken trantsizioak gizartearen «gorputz-zentrismoa» eta genitalitatearen nagusitasuna agerian utziko dituen heinean.
Horretarako, idazketa du bidaide autoreak; maite dituenei idazten die, eta, bitartean, bere burua ere berridazten du, Warken hitzetan: «Idazketa autorearen jaiotza da; testua, karena». Genero epistolarretik hurbilago dagoen testu-sorta bat izanik ere, Warken diskurtsoak asko du poetikotik, batez ere, oroitzapenak ekartzeko unean. Aipatu bezala, iraganari begiratzen dio, hain zuzen ere, hura deseraiki eta bere bizitza berridazteko. Aditzaren denborarekin jolasten da ezustean orainetik haurtzarora salto egiteko: diskurtso nagusia lehenaldiko aditzekin egiten badu, orainaldikora salto egiten du iraganaz hitz egiteko. Guztiz antitetikoa da, hortaz, denboraren erabilera, autoreari denboran hurbilago zaiona iraganago markatzen baita, urrunago zaiona, ostera, orainaldiago. Oharkabekoak direnez, irakurketa aktibo bat egitera gonbidatzen gaituzte halakoek, baina, guztiaren gainetik, sakonean duen esanahiagatik eta sinbologiagatik iruditu zait baliabide formal hori ederra. Nire ustez horretan datza, estetikoki behintzat, liburuaren muina.
Laugarren olatu feminista baten atarian omen gaude, zeinak pertsonen baitara begiratu eta, aniztasunetik eta intersekziotik, arazo pribatuak eta indibidualak publikoak eta kolektiboak ere badirela aldarrikatzen duen, besteak beste. Iruditzen zait atarian ez, ezpada olatu horren gandorrean gaudela jada, bai nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Eta beste hainbat lan erreferentzialekin batera, Mckenzie Warken obrak, eta halakoak euskaraz irakurri ahal izateak hori erakusteko ere balio dutela esango nuke.