Gorputzak eta kontzientziak dantzan jarri nahi ditu Bad Sound Systemen lan berriak

Irungo taldeak kaleratu duen 'Aldaketa' diskoan reggae, hip hop eta raggamuffin doinuak dira nagusi

Bad Sound System taldeko musikariak. BERRIA.
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lau urte pasatu dira Bad Sound Systemek azken diskoa kaleratu zuenetik. Orain, Aldaketa kaleratu dute, hamabi kantuz osatua, eta hip hop, raggamuffin eta reggae doinuak nahasten dituena. Urteotan taldea eraldatu egin da; izan ere, bost lagunek osatzen zuten lehen, baina duela bizpahiru urtez geroztik hiru dira. Iñaki Otxandorena Moro eta Borja Gamarra Masta dira abeslariak, eta Iñaki Etxeberria Selektah Stepi aritzen da DJ lanetan. Stepi DJak estiloak nahastu dituztela uste du: «Ez da reggae edo hip hop purua. Ez da dantza egiteko musika soilik ere, kontzientziak dantzan jarri nahi izan ditugu».

Langileak edo langabeak dira taldekideak. «Irrikatzen egoten gara zenbait gai botatzeko. Guk abeslariak dauzkagu eta diskoa egin dezakegu, baina gaur egungo egoera sozial eta politikoan edozein langilek dauka gogoa oihuka esateko guk esaten ditugunak». Diskoaren ezaugarri nabarmena hori dela uste du Stepik: «Oraingoan indar guztia jarri dugu gure pentsaera ateratzeko, mezua irits dadin». Horren adierazgarri da kantuen hitzak lehendabizikoz idatziz jarri dituztela diskoan.

Denei zerbait ikusten badie ere, Beti berdin abestia nabarmendu du Stepik: «Batere diru gabe gabiltza, beti berdin, beti berdin...». Sistema ekonomikoa hankaz gora jartzeko nahia argia da abestiaren hitzetan; banketxe, zor eta hilabete bukaerako ezinez berba egiten du. «Egoera latza da. Beste abesti batzuetan ere ari gara horretaz hitz egiten, kapitalismo basati honek ematen duen fruituaz eta jasotzen dugun zakar pilaz». Beti berdin abestiak «oso harrera ona» lortu du jendearen artean. «Gogoz abesten ikusten dituzu euren aurpegiak. Mezua sinplea da; bete-betean asmatu dugu».

Hiru kideez gain, Italiako Rude Hi Fi eta Mexikoko Lengualerta izan dituzte lagun abesti banatan. Horiez gain, abestien musikarekin ere laguntza jaso dute. Stepik azken urteotan egin dituen konposizioek, Parisko lagunek egindakoek eta Jahtari Internet bidezko musika ekoizle ez-komertzialarenek osatzen dute musika.

Bonbereneak ekoitzia

«Ofizialak ez diren espazioek» egin diete harrerarik onena, taldeko DJaren ustez. Tolosako Bonberenea lehendik ezagutzen zuten, sarritan jardun izan direlako bertan jotzen edota gauzak antolatzen. «Guretzat, leku mitiko bat izan da, baita Euskal Herriko beste jende askorentzat ere. Espazio ez-ofizial horietan pisua lortu duen gaztetxe bat da». Horrek bultzatu ditu euren hirugarren lana Bonberenea Ekintzak etxearekin ekoiztera.

Aurrera begira, Euskal Herrian zehar aritzeko asmoa dute, diskoa zuzenean aurkezten. «Kalean egoteko momentua da, eta beste musikariekin jarduteko ere». Bihar zortzi, martxoaren 9an, Hendaiako lehendabiziko Gazte Egunean izango dira, Hurmurao eta Imuntzo eta Belokirekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.