Bihotzak taupada igortzen du, bizi-indarra; museoak, aldiz, gelditasuna, iragankorra dena gordetzeko eta irakurketa berrietara irekitzeko aukera. Bi-biak hartuta eman dio izena Leire Vargasek bere bigarren poema liburuari —Bihotz-museo bat (Elkar)—, eta duela hiru urte argitaratutako Den-dena ametsa den irudipena (Elkar) estreinakoaren aldean, oraingoan idazketa «kontzienteagoa» eta «kritikoagoa» izan delakoan dago: «Literaturan dabilen lagun sare bat dut orain, eta edizioan lagundu didate, nahiko zorrotz gainera; uste dut hori asko nabaritu dela».
37 poema datoz liburuan. Bada esan izan duenik poema liburu batek, sakonean, egilearen denbora zati bat biltzen duela beti. Halaxe Bihotz-museo bat-en ere?
Baietz esango nuke. Oinarrian nire ibilbide pertsonala dago, nire kezkak, baina asko du fikziotik ere, eta kontzienteki aritu naiz horretan. Nolabaiteko istorio narratibo bat eraiki dut liburuan, poema batzuk horri begira idatzi ditut, eta aurrez egin gabe nengoen hori; liburuaren mesedetan aritzea eta ez hainbeste unean-unean nik sentitzen nuenari erantzuteko.
Nondik hasi zinen istorio hori eraikitzen?
Poema dezente neuzkan; begiratu nuen zer zegoen hor, eta batzuk kanpo utzi nituen eta beste batzuk gorde. Horien gainean hasi nintzen lan egiten, eta, poemak eta nire bizipenak bereizi eta distantzia hartu nuen arte, kosta egin zitzaidan istorio forma ematea. Esan arte: «poema honek zer esan nahi du», eta ez «ze bizipenetatik dator». Orduan ikusi nuen bazegoela ibilbide bat, eta saiatu nintzen poemak ibilbide horren arabera kokatzen, ikasbide baten prozesua izango zen zerbaiten antza izateko. Badakizunean poema [hiru ataletatik bigarrena ixten du] izan zen idatzi nuen azkena, eta nik uste liburuko ibilbidea laburtzen duela.
Hala esaten du: «Atzera begira/ erraza da/ gauzei su ematea (...) Aurrera begira/ ordutik geratu zitzaizkidan errautsetatik/ irudi berriak/ ateratzeko saiakeran nabil».
Bai. Subjektu poetikoa atzera begira bizi izan duen hori ulertzen ari da, eta aurrera begira beste noranzko bat hartu nahian.
«Aurreko liburuan besteen beharra agertzen zen, norbera guztiz buruaskia ez dela onartzea; honetan pendulatze bat gertatu da. Besteen beharra bai, baina ez norbere burua aintzat hartu barik»
Galeria honetan poeman dator izenburuko ideia: «Bihotz-museo bat egin/ maite dudan orok iraun dezan». Gorde nahi denaren eta eraldatu nahi denaren arteko tentsioa jaso dezake liburuak?
Irakurketa egokia iruditzen zait. Subjektu poetikoa abiatzen da, bizi aurretik ere, bizi nahi lukeen hori amaituko den beldurrez, eta uste dut horrekin eta bere buruarekin adiskidetzen laguntzen diola eguneroko beste txikitasun bat apreziatzeak. Edertasuna eta desira beste leku batzuetan kokatzeak, ez hain leku epikoetan.
Zehatzago esateko, ibilbidearen hasieran, subjektu poetikoa oso lotuta dago [Brigitte] Vasalloren maitasun erromantikoari. Osatzeke dagoen pertsona modura ikusten du bere burua: etorriko da beste norbait eta irakatsiko dio nondik jo, eta espektatiba horrek bere burua besteen azpitik kokatzera darama, nolabait. Lehenengo atalean, ahots poetikoak gero eta gehiago jartzen du zalantzan bere burua, hizkuntza bera, ikusten duelako ez dela gai beste pertsonari nahi duena helarazteko, heltzen delako puntu bat non beste pertsonak bere abantailarako erabiltzen duen subjektu poetikoaren jarrera hori. Konturatzen denean horrek eragiten dion ezinegonaz, lortzen du ateratzea, eta beste noranzko batean abiatzen da.
Irati Majuelok BERRIAn egindako kritikan, hain justu, zera zioen: «Afektuak, idealak, ametsak gorpuzteko sortzen diren ezintasunak ikusgarri» egin dituzula liburuan.
Uste dut beti kezkatu nauen zerbait dela hori. Agian, aurreko liburuan besteen beharra agertzen zen, norbera guztiz buruaskia ez dela onartzea, eta honetan, agian, pendulatze bat gertatu da. Besteen beharra bai, baina ez norbere burua aintzat hartu barik.
Aurreko liburuarekiko beste alderik sumatzen duzu?
Honetan askoz kontzienteago aritu naiz idazketan, horrek dakarren guztiarekin. Poemak, aurrekoan moduan, irten ahala idatzi ditut, beharren edo kezken arabera, baina ondorengo edizio lana oso luzea izan da, eta beste toki batetik egin dut, askoz modu kritikoagoan. Soiltzeko borondate handiagoa ere izan dut hemen, zerbait benetan trinkoa uzteko nahia. Aurrekoan gehiago nintzen belaki bat, dena xurgatzen zuena, ez hain kontzientea nire erabakien inplikazio politikoez. Liburuko aipuetatik hasita, adibidez.
«[Aipuetan datozenak] Nik 'tipa queer' bezala irakurtzen dudan jendea da, nolabait sentitzen dudana ordezkatzen dutela nire munduari begiratzeko modua»
Lau autore oso diferente aipatu dituzu: Emily Dickinson, Alejandra Pizarnik, Taylor Swift eta Elena Olabe.
Bai. Nik tipaqueer bezala irakurtzen dudan jendea da, oso testuinguru diferenteetakoa, baina nolabait sentitzen dudana ordezkatzen dutela nire munduari begiratzeko modua. Ez balitz nire sare queer-aren ondorioz, ez nintzateke helduko liburuan kontatzen den ibilbidea kontatzera, eta ekarri nahi nuen hori ere.
Gorputza oso presente dago liburuan. Mireia Calafell poeta kataluniarrari entzuna da gorputzaz idaztea aldarrikapen moduko bat izan den arren urte luzez, batez ere emakume idazleentzat, hori egiten zabiltzala aldarrikatu beharrik gabe idatz daitekeela egun gorputzaz. Ados zaude?
Bai. Niri organikoki etortzen zait, ziurrenik edan dudalako aurretik bidea zabaldu duten idazle horiengandik eta egungo belaunaldi gazteotako sektore batzuk hori oso barneratuta daukagulako. Gorputza da dena iragazteko tokia, eta haren jakintza aldarrikatu nahi izan dut. Oso inteligentea iruditzen zait, askotan gutxiesten dena, ez dakigunean hor gertatzen denari izena jartzen. Pisua eman behar diogu dioskun horri, eta, hain zuzen ere, poemetan nire asmoa sentsazio fisiko horiek sortzea izan da, nahiz eta ez izan oso esplizituak.
Sentsazioak transmititzea eta ez hainbeste esanahiak?
Hori da. Esanahia izan zedin gero datorren zerbait.
Ideien ordez, sentsazioen eta irudien bitartez pentsatzeko ere balio dizu poemak idazteak?
Guztiz. Askotan zerbait bizi dut edo geratzen naiz kateatuta irudi jakin batera, eta momentuan ez dut jakiten zergatik; apuntatu egiten dut. Tarte batera ikus dezaket zer topatu dudan hor, eta lotu dezaket sentitzen edo bizitzen ari naizen zerbaitekin. Eta lotura hori askotan poemetan gertatzen da, nire kasuan.
«Niretzat garrantzitsua da kontziente izatea, hartzen dugun noranzkoa hartzen dugula, atzera egin dezakegula, erratu dezakegula. Erantzukizuna izan bai, baina ez bizi nolabaiteko kaiola moduan»
Dena dela, esanahia oso zuzen adierazten duten poemak eta kriptikoagoak tartekatu dituzu.
Bai, poema batzuk zailak dira interpretatzen testuingururik gabe, eta horregatik niretzat liburua osotasunean irakurri behar da. Kriptikoa izatearena bai, hori kezkatzen ninduen zerbait izan da, baina iruditzen zait, batzuetan, sentipenez ari garen neurrian, gorputzak diotsun hori norberarentzat ere zaila dela ulertzea. Horregatik erabaki nuen, adibidez, Badakizunean poema idaztea, pixka bat kokatzen duelako ez-ulertze hori nondik datorren. Dena den, kontraesanak dauzkat «hemen hau esan nahi dut» esatearekin. Nik esan dezaket nondik idatzi dudan, baina gero bakoitzak irakur dezala irakurtzen duena.
Amaiera aldera, argitzera egiten du liburuak, nork bere burua berrasmatzeko aukera ospatuz bezala.
Niretzat hori garrantzitsua da. Kontziente izatea, hartzen dugun noranzkoa hartzen dugula, atzera egin dezakegula, erratu dezakegula. Egin dugun horren gaineko erantzukizuna izan, bai, baina ez bizi nolabaiteko kaiola moduan, baizik eta geure buruari onartzea ez gaudela ibilbide lineal batean, ez dugula denbora guztian aurrera egin behar, baizik eta itzul gaitezkeela, eta itzultzen garenean ez garela ginen berberak.
Erritmo handiko poemak dira, oro har. Zuzenean errezitatzeko asmorik bai?
Ba, hain justu, nire osaba musikariarekin [Jaime Nieto] batzen hasi naiz, eta urtarrilaren 30ean emanaldi poetiko bat egingo dugu, nahiko esperimentala, Bilboko Zazpikatu gaztetxean. Erronka da niretzat, ze, nahiz eta musikalitatea landu, ez ditut idazten poemak ozen irakurriak izateko. Ea nola lurreratzen dugun.